Euskarria: librea eta eskuragarria

Zer da Raspberry Pi?

Raspberry Pi (edo RPi) kreditu-txartel baten tamainako ordenagailua da, hezkuntzan berariaz erabiltzeko sortutako baliabide ezin hobea. Honako ezaugarri hauek ditu: merkea da ekoizpena eta mantentze-lana, aldaketak eta eguneraketak egin dakizkioke eta edonoren eskura dago. Halaber, ordenagailu txikia baina gaitasun handikoa denez, sortzaileen eta Maker komunitatearen baliabide kutun bihurtu da.

Erabilerak

Hainbat bertsio dauzka RPik. Bertsiorik zaharrenek prestazio makurragoak dituzte, baina arinagoak eta txikiagoak ere badira. Berriago batzuk, berriz, eraginkorrak dira, baina astunagoak ere bai. Edonola ere, guzti-guztiak erabiltzen dira askotariko proiektuak eta prototipoak eraikitzeko: estratosferarainoko suziriak, urpeko ontziak, droneak, eguraldi-estazioak, iragarki-kartel interaktiboak, multimedia-kudeatzaileak, retro bideo-jokoen zerbitzariak, ahotsez agindutako Gauzen Interneta eta domotika-zentralitak, auto zaharretan txertatzeko GPS zein atzeko kamerak... Askotan, gainera, etxeko mahaigaineko ordenagailu gisa erabiltzen dira.

Horrez gain, gau eta egun ordenagailua piztuta edukiz gero, ownCloud zerbitzaria instalatu eta erabiltzailearen hodeiko zerbitzu pribatua ere muntatu daiteke RPian. Zerbitzuok dokumentuak gordetzeko urrutiko biltegi-sistema eta haiek editatzeko bulegotika-aplikazioak dituzte. Baliabide horiek sarean bertan daude eta, hortaz, edonondik atzitu daitezke, ez baitago programa-paketerik instalatu beharrik. Halaber, informazioa galtzeko edo apurtzeko mamua uxatzen dute. Horrez gain, mundu birtualean uneoro agertzen dira aukera berriak (ownCloud, adibidez) eta do-it-yourself erako tutorialak, eta horiei esker denon eskura daude informatika-baliabideak erabiltzeko jarraibideak; burujabetza, azken batean.

RPi hardware librea da, eskema guztiak eskuragarri baitaude, baina hori ez da guztiz egia: itxia da plakak bihotzean duen prozesadorea (ARM arkitekturadun BCM2835 txipa), Broadcom fabrikatzaileak haren inguruko dokumentazioa ezkutuan duelako. Raspberry Pi Fundazioak berak garatzen eta ekoizten ditu behar dituen osagaiak, baina prozesadoreak ez, eta beste fabrikatzaile bati eginarazten dizkio. Hori dela eta, ez dauka prozesu osoaren kontrolik eta plaka ez da erabat librea. Ondorioz, ezin da produktua hasieratik berregin edo goitik behera aztertu, ezkutuko funtzionamendua eta izaera baitu gutxienez osagai batek. Egoera aldatu ezean, alderantzizko ingeniaritza egin beste aukerarik ez dago, eta hori espioitza industriala litzateke; zigorpeko arau-hauste larria, alegia. Ez da zilegi, gainera, inoren nahia behartzea.

Hitz gutxitan esateko, Arduinoren antzerako plaka da Raspberry Pi, baina lehentasunez dakartza ikus-entzunezko gailuetara zuzenean konektatzeko eta komunikatzeko sarrera- eta irteera-zirrikituak. Alabaina, desberdintasunik handiena CPU edo prozesadorean dute (aparteko grafikoena edo GPU barne), Raspberry Pi-k kalkulu propioak egiteko gaitasun handiagoa baitu. Izan ere, RPi gailutik Arduino programatu eta kudeatu daiteke, baina ez alderantziz.

Dena dela, RPik ez du disko gogorrik, eta, beraz, ezta BIOS edo abioko sistemarik ere. Horregatik, aparteko mikroSD memoria-txartela sartu behar zaio aurretik beste ordenagailu batean konfiguratuta. Memoria-txartel horrekin lortzen diren idazketa- eta irakurketa-abiadurak egungo SSD edo disko-solido berrien parekoak dira.

Erosketa-orga gertu al duzu?

Aurretik aipatutako asmakizun eta aplikazio horiek nahiko merkeak dira, 50-60 €-rekin erosi baitaitezke muntatzeko beharrezko osagaiak (plakak 35 € inguru balio du). RPi ordenagailuarekin lan egiteko, honako tresna hauek erabiltzen dira (gailu gehienak behar-beharrezkoak dira ikastaroan proposatzen diren jarduerak egiteko. Baten batzuk aukerakoak diren arren, salbuespena dira):

Azkena sartu elikadura-iturria.

Raspberry Pi3 (B-modeloa, 1GB)

Lanabes nagusia da: ordenagailu gisa erabiltzen da, aparteko memoria-txartel batean sistema-eragilea deskargatu eta konfiguratu ostean. Hainbat bertsio ditu, eta ikastaro honetarako Minecraft ongien mugituko duena aukeratu da. Raspberry Pi Fundazioak dagoeneko iragarri du 2019an 4. bertsio eguneratua plazaratzeko asmoa duela.

Elikadura-iturria

MicroUSB sarrera estandarra du elikatzeko plakan integraturik, telefonoek eta tabletek bezala. Baina, hala ere, edozeinek ez du balio eta honako bi alderdi hauek hartu behar dira aintzat: tentsioa (voltetan) eta intentsitatea (amperetan). Arau orokorra da behar baino tentsio handiagoa ez erabiltzea, gailua erre ez dadin. Intentsitateak, bestalde, emaria zehazten du, eta hori ere zaintzea komeni da. Ez dago gailua apurtzeko arriskurik, baina intentsitate txikiegia badu, gailua oso motel kargatzen da edo funtzionatzeari uzten dio.

Intentsitate-iturri horiek RPi plaken araberakoak izaten dira: Pi3-k, adibidez, emari handiagoa behar du, beste batzuek baino USB konexio gehiago dituelako. Ez hori bakarrik, elektronika-proiektuetarako GPIO pinak erabili nahi izanez gero ere kontuan izan behar da elikadura-iturriaren intentsitatea, haren araberako elektrizitate-kantitatea hartuko baitute pinek. Egia da intentsitate baxuegiarekin ere funtzionatzen duela, Scratch-etik LED bat pizteko eskatzean, adibidez, baina oso motel.

RPi3 eragozpenik gabe erabiltzeko gomendatzen den elikadura-iturriak 5.1 V eta 2.5 A eman behar ditu.

Teklatua eta sagua

Raspberry Pi gailuari aparte lortu eta konektatu behar zaizkio teklatua eta sagua. Aurretik erabilitakoek balio dute, eta USB kable bidez edo Bluetooth bidez konektatu behar dira. Kontuan izan, dena den, Bluetooth-a konfiguratzeko kableduna jarri behar dela lehenik. Horrez gain, komeni da ahalik eta USB ataka gehien libre uztea beste zeregin batzuetarako (hori bakoitzaren hautua da eta ez du eraginik hemengo egitekoetan).

Pantaila edo telebista

HDMI irteera du RPi3 gailuak plakan integraturik eta hortik konektatzen da lehenetsitako irudia edo grafikoa. Egungo monitore eta pantaila guztiek dute HDMI irteera. Bestela, ukipenezko pantailetara edo bestelako LCD pantaila txikietara ere konektatu daiteke plakan integratutako DSI zirrikituari esker, baina garestiak dira eta txikiegiak denbora luzean lan egiteko. Aukera interesgarria da monitore zaharrak erabiltzea, baina bihurgailua behar da monitore zaharren VGA irteerak HDMI sarrera bihurtzeko.

HDMI kablea

Pantaila eta plaka lotzen dituen HDMI kablea derrigor eskuratu behar da. Ukipen-pantaila dutenek ez dute behar, eta nahikoa da DSI bidez konektatzea. Pantaila zaharra erabili nahi dutenek, aitzitik, HDMI kablea eta bihurgailua ere behar dituzte. Kontuan izan HDMI kableak soinua eta bideoa bidaltzen dituela eta VGAk soilik irudia; hortaz, VGA kablea duten erabiltzaileek Jack kablea konektatu behar dute sistema ez mututzeko.

Interneterako sarbidea

Ezinbestekoa da sarera konektatzea ikastaroa egiteko, jarraibideak sarean bertan daudelako eta softwarea ere saretik deskargatu behar delako. Plaka zuzenean konektatu dakioke routerrari Ethernet kablearen bidez. Bestela, wifi-konexioa ezarri daiteke RPi3an integratutako antenari esker. Terminaletik edo agindu-lerrotik egiteko jarraibideak daude hemen.

Memoria-txartela

Arestian esanda bezala, disko gogorrik gabeko plakak dira RPi guztiak. Nork bere kabuz eskuratzeko, microSD txartelean kargatu behar du sistema-eragilea. Deskonprimitzean bakarrik 4 GB baino gehiago betetzen dituenez, 8 GBetik 32 GBrainoko edukiera duten memoriak erabiltzea komeni da; ohikoena 16 GBekoa izaten da. Izan ere, 32 GBetik aurrerakoak fitxategi-sistema berezi batekin formateatzen dituztenez (exFAT), RPian erabiltzeko aurrena FAT32 formatura bihurtu behar dira. Ez da beti lehenengoan irteten, eta izan pazientzia.

Edonola ere, abiadura kontuengatik, Class 10 erako microSD txartela erostea komeni da. Azkenik, gogoan izan SD txartela konektatzeko zirrikiturik ez duten ordenagailuetan SD txartelen USB irakurgailua behar dela.

Raspberry Pi kamera

RPi gailuek integratutako konexioa dute kamera berezi bat konektatzeko. Hortaz, edozein argazki-kamerak ez du balio. Ofiziala nahiko garestia da, baina sarean merkeago erosi daitezke bateragarriak. Ez dago derrigor eskuratu beharrik, baina merezi du erostea, etekin handia ateratzen zaion baliabidea baita. Ikastetxeei dagokienez, ez dago RPi adina kamera erosi beharrik, ikasleek kamerak partekatuta lan egin dezaketelako.