Programatzeko oilar-borrokak

Programazio Lehiakorrak (ingelesez, Competitive Programming) zuzenean edaten du Ameriketako rap-abeslarien oilar-borroketatik. Bertso-saio oldarkorrak bailiran, errimak baliatzen dituzte oholtza gaineko lehiakideek elkarri irain egiteko. Oinarri horiez baliatuta eramaten dute lehia programazio-ingurunera, hein batean, programazio lehiakorreko txapelketetan ere.

Minecraft: borroka-zelaia

Programazio lehiakorraren helburua da arazo bati erantzuna nork aurrena bilatu. Algoritmo bat, programazio-ideia baten garapena edo programa bat garatu behar dira garaile izateko.

Minecraft eraldatzen eta programatzen ikasi ostean, dibertitzeko era berriak bilatzea dagokizu. Zergatik ez lehiatu elkarren kontra? Jarri arauak, adostu puntuazio-sistema bat eta egin elkarri eraso agindu-lerrotik bidalitako komandoekin ikusleen aurrean. Eskatu saria irakasleari, 3D inprimagailuarekin inprimatutako Minecrafteko ezpata eder bat, adibidez. Borroka gogoangarria izan bada, gudu-zelaia bera ere eskalan inprimatzeko eska dakioke... eskatzea librea da; ezetz esatea bezala.

Ikasleentzako nazioarteko lehiaketak

Herrialdeen arteko hainbat lehiaketa antolatzen dira Programazio Lehiakorrean. Adinaren, mailaren eta iraupenaren araberakoak izaten dira. Motzek 3 ordu inguru irauten dute eta luzeek, aldiz, egunak iraun ditzakete. Sailkapen-errondak egiten dira, eta azkenean, sariak banatu ere bai! Gutxien-gutxienean sona ederra jasotzen dute irabazleek, izenak betiko nabarmenduta gelditzen baitira urteko txapeldunen artean!

Hona hemen txapelketa-pare baterako loturak. Entrenatzeko baliabideak eta probak eskaintzen dituzte batzuek zein besteek:

      • CodeChef Lunchtime: hileko azkeneko igandeetan egiten da, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko gazteentzat.
      • International Olympiad in Informatics (IOI): Hezkuntzako lehiaketa zabalduena da Nazioarteko Matematika Olinpiaden atzetik. Batxilergoko ikasleentzat.