Haurrentzako programazio-ingurunea

Zer da Scratch?

Scratch umeei bereziki zuzendutako aplikazio informatikoa da eta erraz azaltzen ditu programazioaren hastapenak. Adimen konputazionala garatzen, kontzeptuak ikertzen eta esperimentatzen laguntzen die ikasleei.

Zer da programatzea eta zer adimen konputazionala?

Programatzean, agindu-segidak sartzen dira erregela edo patroi orokor batzuei jarraituz; erraz ulertzeko moduan azalduta, adimen konputazionala esaten zaio ordenagailuen sistema ulertzeko eta eragiteko mekanikak eskuratzeari. Scratchen bidez, paradigma hori ulertzea eta barneratzea txikitatik lortzen da, modu naturalean eta jolastuz. Jolasean dabiltzan bitartean programatzen ikasten dute.

Aipatutako agindu eta komando horiek guztiek logika berarekin funtzionatzen dutenez, programazio-lengoaia batetik bestera mantendu egiten dira, oro har. Hori dela eta, leku batean ikasitakoak beste leku baterako balio du, eta ingurune batean aplikatzen dakienak beste ingurune batean ere moldatzen badaki: web-orrialdeak programatzeko aginduak ezagutuz gero, telefonorako aplikazioak, robotak eta bideo-jokoak programatzeko oinarriak ere jakiten dira. Gauzak horrela, Scratchek oinarri horiek edo agindu eta egitura multzo horiek puzzleen piezak bailiran erakusten ditu, eta konbinatu egin behar dira programak edo scriptak martxan jartzeko.

Pauso bat harago

Hori horrela izanik, Scratch motz geratu daiteke Bigarren Hezkuntzako lehen zikloan tresna ezagutu duenarentzat, baina goizegi da Python edo Java bezalako benetako programazio-ingurunera jauzia egiteko. Lasai! Hona hemen erdibideko proposamena: Scratch programatuz Minecrafti eragitea!

ScratchX

Scratch programa instalatu egin daiteke, baina badu sareko zerbitzua ere. Bertara konektatu, eta zuzenean jardun daiteke nabigatzailetik. Horrez gain, agindu-bloke berriak instalatzeko aukera eskaintzen du, elektronika eta robotika lantzeko, adibidez. Egia esan, azkenaldian agindu-bloke ofizialak bakarrik agertzen dira gaitzeko prest. Hala ere, gehigarri (extentsio izendatuak) horietako asko dago sarean eskuragai, eta baita kargatzeko ScratchX tresna berria ere, Scratchekin batera garatu dutena.

ScratchX sareko baliabidea da; nabigatzailetik konektatuta funtzionatzen du eta luzapen esperimentalak erabiltzea onartzen du. Onartzeko, dena den, Github plataforman egon behar dute ezinbestean.

Horrela, gehigarri horietako bat da mcpi-scratch: mcpi izena du Minecraft martxan duen instantziari zuzenean eragiteko erabiltzen den liburutegiagatik (Minecraft Pi API berbera), eta Scratch, berriz, mcpi-ri eragiteko erabiltzen delako.

Zehatz esanda, mcpi-scratch gehigarriak Scratcherako agindu-bloke berriak kargatzen ditu, Minecrafteko liburutegiko aginduen baliokideak direnak. Baina API hori jatorrizkotik eratorritako bertsio arina bada, beste hau are eta arinagoa da; izan ere, setPlayerPos, postToChat, postPlayerPosToChat, setBlock, setBlocks, setLine (berria) eta setCircle (berria) baino ez baititu erakusten. Aitzitik, ordaindutako Minecraft bertsio osoa programatzeko aukera ematen du, RaspberryJuice izeneko eguneratzaile bati esker. Dena den, alde batera utzi da aukera hori arestian, sortzaileen asmoak ez behartzeko.

Honako eskema honetan ikusten da ScratchX-k nola funtzionatzen duen:

Goiko adarrekoa dagokio Minecraft Piri (irudia programatik bere horretan kopiatu da, )

Minecrafti eragitea

Luzapena ez da instalatzen, baina script bat deskargatu eta abiarazi egin behar da lan egin nahi den aldiro. Gainera, script horrek martxan egon behar du ScratchX zabalduko duen nabigatzailearen ordenagailuan bertan, baina ez Minecraft zerbitzariak. Horrela, gerta liteke etxeko ordenagailu nagusiko nabigatzailetik Scratch bidez programatzea urruti dagoen RPi gailuko Minecrafta. Bestela, Raspbianen bertan ere guztia batera martxan izan daiteke inolako eragozpenik gabe.

ScratchX nabigatzailea zabalik dela, honako hauek dira Minecraft programatzen hasteko jarraibideak:

    1. Deskargatu eta deskonprimatu https://github.com/jbaragry/mcpi-scratch repoa.
    2. Terminaletik joan sortutako karpetara eta abiarazi scripta: python ./mcpi-scratch.py Bestela, RPi-tik edo beste makina batetik zehaztu dagokion IP helbidea: python ./mcpi-scratch.py -m 192.168.0.X
    3. Ireki ScratchX nahi den nabigatzailean. Horretarako, kopiatu honako agindu hau eta baieztatu agertzen den abisua: http://scratchx.org/?url=http://jbaragry.github.io/mcpi-scratch/mcpi-scratch.js

(Erne! Flash teknologia erabiltzen dute orrialdeko multimedia kargatzeko, eta nabigatzaileak lehentasunez blokeatzen badu, ez du irekiko Scratch programatzeko leihorik! Hortaz, egin klik helbidea idazteko lekuan, http-ren aldamenera agertzen den pieza-itxurako ikonoan, eta onartu Flash teknologia erabiltzea; berariaz berriz kargatzen da web orrialdea eta Scratch erabiltzeko moduan uzten du).

Scriptak erlaitzeko Bloke gehiago atalean agertzen dira Minecrafti eragiteko agindu-bloke berriak. Hasteko, hona hemen aurreneko scripta:

Sakatu bandera berdeari scripta abiatu bezain laster honako hau ikusteko:

Irudi hori hasierako tutorialeko Python adibidearen baliokidea da! Nahikoa dira eskura dauden Scratcheko agindu-blokeak ikastaroaren aurreneko adibide guztiak egiteko. Izan ere, gaztetxoek Minecraften bidez ikasi ditzakete programazioaren eta konputazio-zientzien oinarriak.

Gehiago sakondu nahi izanez gero, jbaragry/mcpi-scratch/scratchExamples/ Git biltegian hainbat adibide daude ScratchX-n kargatu eta probatzeko. Bertoko Pythoneko adibideak ere aplikatu daitezke, programazio-ideiak Scratchen imitatuz.

Ba ote dago gaztetatik meategian lanean hastea baino gauza ederragorik?