Fitxategien bertsioak kudeatzea

Zer da Git?

Git fitxategien aldaketen kontrolerako softwarea da eta lankidetza sustatzea du helburu. Komunitateak estimuan du, baliabide horrek proiektuak elkarlanean egiteko trabak arintzen dituelako eta harribitxia delako software librearen garatzaileentzat eta kontsumitzaileentzat. Sarean dago deskargatzeko moduan, kode irekiko lanetan parte hartzeko, nork bere proiektuak garatzeko zein besteenak erabili ahal izateko.

Auzolan informatikoa

Programatzen ikastea eta banaka softwarea garatzen jakitea bezain garrantzitsua da elkarlanean jarduten jakitea. Onura asko eskaintzen ditu Gitek: programen garapena arintzen da, akatsak bilatzen eta hainbat ikuspuntutatik konpontzen laguntzen du, zereginak banatzen laguntzen du, fisikoki urruti daudenek parte hartzea ahalbidetzen du, jakintza unibertsala babesten du…

Aipatutako ezaugarri horiek guztiak ohitura onak dira sortzen diren programak taldean garatzeko; egun, agian, programatzen ikastea bezain baliagarriak. Horregatik, Git erabiltzen hasteko jarraibideak landuko dira atal honetan: proiektuak kudeatzeko, proiektuen bertsioak urrun gordetzeko, eta kode irekiko softwarea eta proiektuak lankidetzan garatzeko, besteak beste.

Hala eta guztiz ere, aipatzekoa da Git tresna bat baino ez dela, eta, edozein lanabes bezala, aukeran dagoela erabili ala ez. Sutsuki gomendatu arren, Minecraften egin beharrekoak egiteko ez dago Git erabili beharrik. Interesgarria da ñabardura txiki bat egitea, beti ere Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan egun eskura dauden tresna apaletan oinarrituta: Scratchek zein AppInventorrek programatzeko ingurunea dute sarean, eta zuzenean egindakoa partekatzeko aukera ematen dute, baita besteen lanen kopiak egiteko, editatzeko eta lokalera deskargatzeko ere. Hori dela eta, Git oso baliagarria da lokalean lan egiten dutenentzat; besteak beste, Arduino programatzen dihardutenentzat edo Python programatzeko, hemengo kasuan bezala.

Sakonera so

Git softwarea bertsioen kontrolerako sistema bat da (VCS edo Version Control System). Aldaketen jarraipena egiten du eta kode bera lantzen dihardutenen eguneratzeak koordinatzen ditu koherentziari eusteko. Denen ahotan dabil (unibertsitatean, sarean, garatzaileen artean...) eta primerako aukera da Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan erabiltzen hasteko.

Neurri batean, Git irudikatu daiteke eskola-motxila magiko bat bailitzan, nahi duzunero bertatik liburuak atera eta jarduerak egin baitzenitzake. Bukatzean, liburuak zorroan gordetzen dira eta ordura arte egindako aldaketa guztiak gogoratzen ditu.

Hala ere, interesgarriena da hodeitzan dagoen beste motxila magiko batekin sinkronizatu litekeela. Sudur-puntan jartzen zaizun bakoitzean, motxilaren eduki guztiaren kopia bidali zenezake zeruko beste motxila batean gordetzeko. Hala, ez litzateke ezer gertatuko zorroa galduz gero: nahikoa litzateke motxila berria ekarri eta hodeikoari eskatzea liburu guztien kopiak utzitako egoeran itzultzeko.

Are gehiago, pentsatu gainontzeko gelakideek ere motxila magikoak dauzkatela. Hori horrela balitz, guztiok etxeko lan beraren gainean lan egiteko aukera izango zenukete, hots, dena delako galderaren erantzunik osoena eman duenaren zorroan begiratu eta kopiatu zenezakete. Ez hori bakarrik, pentsatu irakasleak ere motxila magikoa balu. Etxeko lanak zuzentzeko, aski luke ikasle guztien liburuen kopiak bere motxilara eramatearekin. Gela osoaren erantzunak errenkadan begiratu ahalko lituzke, eta ikasleek une berean jasoko lituzkete orri-ertzean egindako oharrak. Zuzenketei dagokienez, nahikoa litzateke ikasle bakar batek egitearekin guztien zorroetakoa eguneratzeko.