Lehenetsitako aukera: Python

Zer da Python?

Python erabilera zabaleko programazio-lengoaia da, objektuetara bideratutakoa eta interpretatua.

Zergatik Python?

Python programazio-lengoaia erraza da serio programatzen hasteko, eta egokia da Scratch edo App Inventor gisakoak ezagutzen dituzten ikasleeentzat. Beste programazio-lengoaia batzuek baino errazago ulertzen da, eta samurra da irakurtzeko eta idazteko. Halaber, Python hizkuntzak geruza interaktibo bat du, IDLE programazio-ingurunea, hain zuzen, eta bi modu hauetara exekutatu daitezke aginduak: fitxategietan pilatu eta batera, edo agindu-lerrotik banan-banan. Propioak ez diren ingurune batzuk ere gertu daude Pythonekin lan egiteko; esateko baterako, Thonny izenekoa sartu dute Raspbian Stretch azken bertsioan.


Lengoaia interpretatua

Ez da oso ohiko ezaugarria, baina bai oso baliotsua. Programazio-lengoaia gutxi dira interpretatuak eta horietatik ezagunena Perl da.

Programazio-lengoaia gehienek konpilazio izeneko prozesua izaten dute programa bat exekutatu aurretik. Programa hori dena zuzen dagoela begiratzen duen zelataria bezalakoa da. Bestelakoetan, hau da, programazio-lengoaia interpretatuetan, unean bertan exekutatzen eta interpretatzen dira aginduak, eta horrek aukera ematen du martxan dagoen programaren barneko aldagaien balioez galdetzeko eta bizkorrago ikus daiteke idatzitakoaren eragina.

Proba gisa, joan Menuko Programazioa erlaitzera eta bilatu Python 3 (IDLE); >> ikurrarekin adierazten da command prompt edo agindu-lerroa, eta haren ondoan idatzi behar da. Beraz, idatzi honako hau eta sakatu ENTER teklatuan:

2 + 2

Zuzenean emaitza eman du. Ez da hala? Interpretatua ez den programazio-lengoaia bat erabiliz gero, fitxategi batean gorde beharko litzateke agindu hori, klase batean sartu, aldagai bati balioa erantsi eta pantailan inprimatzeko agindu (agindu-lerroan). Horretarako, gainera, aurretik aipatu beharko lirateke beharrezko liburutegiak eta konpilatzailearen oniritziaren zain geratu behar da hark kodea aztertu bitartean. Oso prozesu astuna da hori...

Aurrera egiteko, sartu agindu hauek ere banan-bana eta ikusi emaitzak:

"W" + "o" * 5
"W" + "o" * 15
print(2 + 2)
print("W" + "o" * 15)

Honaino iritsita, garbi dago hautua: gora programazio-lengoaia interpretatuak!

Instalatzea

Pythonen azkeneko bertsioak lehentasunez datoz instalatuta Raspbian sisteman, eta ez dago ezer egin beharrik erabiltzen hasteko. Menuan, Programazioa atalean daude programazio-inguruneak abiarazteko lasterbideak: IDLE edo Thonny. Hainbat plataformatarako eskuragarri dago Python, baina plataforma batzuetan (Windos, macOS eta Linux-en, esaterako) deskargatu eta instalatu egin behar dira erabili aurretik.

Argibide gehiagorako, jo python.org webgunera, bertan baitaude deskargatu beharrekoak, dokumentuak, tutorialak eta kontsulta-foroak.

Minecrafti eragitea

Ikastaro honetan Python programazio-lengoaia lehenetsi da. Minecrafti eragiteko argibide guztiak daude tutorialean.