TXAPELKETEN ARAUDIA
AURKIBIDEA
1.- Dantza soltea.
2.- Helburuak.
3.- Txapelketen antolakuntza.
4.- Kategoriak.
5.- Egutegia, partehartzea eta izen-emateak.
6.- Bikoteen aurkezpena eta dantza-ordena.
7.- Piezak eta Musikariak.
8.- Dantza eta pausoak.
9.- Epaimahaia eta bere osaketa.
10.- Puntuazio sistema eta irizpideak.
11.- Puntuazioak, azken sailkapena eta sariak.
12.- Txapelketan berrikuntza.
13.- Antolaketa egitura.
14.- Prestakuntza: Eskola sarea eta irakasleak.
ANEXO 1: Puntuazio orria.
1.- DANTZA SOLTEA
Dantza solteaz hitz egiten dugunean, kutsu herrikoia duten bi dantzez ari gara, herrietako jaietan eta erromerietan dantzatu izan eta, oraindik ere, dantzatzen direnak.
Dantza hauek ez dira Euskal Herrikoak jatorriz. Antza, fandangoak Andaluzian dauka jatorria eta Arin-arina Europako iparraldean dantzatzen ziren kontradantzetatik eratorri omen da. Hauek ezaugarri propioak hartu dituzte Euskal Herrian, eta modu berezituak, halaber, gure herriko txoko ezberdinetan.
XX. mendearen erdialdetik aurrera hartu zuten indarra dantza solteko txapelketek, garai honen aurreko txapelketen berri egon badagoen ere.
Dantza soltea hiru dantzez dago osaturik: fandangoa, arin-arina, eta biribilketa. Azken hau festetan eta erromerietan ageri arren ez da ohikoa txapelketetan.
2.- HELBURUAK
Araudi honetan Euskal Herriko dantza solte txapeketen antolaketarako irizpide batzuk ezartzen dira. Hauek, xede orientatzailea izanik, herrietako txapelketen oinarriak sortzeko garrantzizko erreferentzia izan nahi dute.
Argitu nahi dira txapelketetan parte hartzen duten pertsona, estamentu eta giza-taldeen arteko erlazioak antolaketa egitura bat proposatuz.
Zehazten dira zenbait alderdi: kategoriak, bikoteen partehartzea, zozketa, aurkezpenak, musikariak, dantzaren muina, epaimahaia, puntutuazio irizpideak…
Sustatu nahi dira bide berriak, txapelketak egungo garaietara egoki daitezen. Ideia berriak eta txapelketa formato berriak bultzatu nahi dira.
Bikoteen partehartzea areagotu nahi da. Ikusita azken garaietan bikote gutxiago dabiltzala txapelketetan, joera hau aldatzeko neurriak indartuko dira. Ildo honetan, dantza taldeen atea joko dugu dantzariak herriko edo inguruko herrietako txapelketetan parte-hartzera anima ditzaten.
Dantza solte txapelketa “tranpolin” ederra izanik bikotearentzat eta berau osatzen duten dantzarientzat, azken hauen garapen pertsonal eta artistikoan eragina izan nahi dugu.
3.- TXAPELKETEN ANTOLAKETA
Udaletxe bakoitzak sortuko ditu bere herriko txapelketaren oinarriak.
Azken urteotan, Gipuzkoako EDBn integraturik dagoen dantza-solteko batzordeak, txapelketa antolatzeko babesa eman die hala eskatu duten herrietako antolatzaileei, zerbitzu honen trukean diru-sari txiki bat ezarriz.
“Dsueltoa” weborrian ezagutzera ematen da urtean zehar izaten diren txapelketen egutegia, bai eta txapelketa hauen oinarriak ere. Txapelketa amaitu ondoren, ateratako sailkapena eta egindako argazkiak ere hemen zintzilikatzen dira.
Federazioko batzordea arduratu ohi da:
txapelketa aurretik, izen-emateaz eta epaimahaia izendatzeaz.
txapelketa egunean bertan, orden-zozketa egiteaz, eta ontzat emateaz joko diren musika piezei.
txapelketa bitartean, epaimahaiak bikoteen dantza saioak puntuaz eta azken sailkapena ezartzeaz.
beharrezko errektifikazioak antolatzaileei adieraziko zaizkio txapelketa ondoren.
Herrietako antolatzaileen esku geratzen dira:
taulatuaren egokitasuna, taulak ederki helduta, igo eta jeisteko eskailerarekin, eta, dantza txukun egiteko moduko neurriekin.
Aldagela txukun bat jartzea, komunarekin eta, ahal balitz, dutxarekin.
Musika eta musikariak. Txistulariak edo Doinujoleak txapelketa hasi baino ordu laurden lehenago egon beharko dute taulatu gainean.
Eszenalekuaren apainketa.
Trofeoak, diru-sariak, dietak.
Txapelketaren aurkezpena.
Epaileen lanerako laguntzaile bat ipiniko du.
Dantza-solteko batzordeak, Gipuzkoako EDBn barne izanik une honetan, lankidetza hau sendotu eta EDBko beste lurraldeetako ordezkaritzetara zabaldu nahi du.
4.- KATEGORIAK
Lau maila ezartzen dira dantzarien adinaren arabera:
Alebinak: 10 urte artekoak. Maila honetan lehiaketa gutxi egingo dira eta erakustaldiak indartu. Hastapeneko eta ikasteko mailatzat gogo emanik, bi dantzari baino gehiagoko elkarketak onartuko dira, hau da, ez da derrigorrezkoa izango binaka dantzatzea.
Gaztetxoak: 15 urte artekoak.
Gazteak: 16 urtetik aurrera.
Helduak: 40 urte artekoak.
Edozein bikotek dantzatu ahal izango du maila batean zein bestean. Bikotekide batek 16 urte beteko balu eta besteak ez, bikotea gazteen mailan kokatuko genuke.
5.- EGUTEGIA, PARTEHARTZEA ETA IZEN-EMATE
Ohizkoa da hainbat herrietako txapelketetan bikote kopuari muga jartzea. Herrialde zein Euskal Herriko lehiaketetan, aldiz, ez da parte hartzea mugatuko.
Baldin eta antolakuntzak parte hartzea mugatuko balu, honen ebazpena aldez aurretik eginiko zozketa bidez litzateke. Kanpoan geratutako bikoteak zozketa bidez ebatzitako hurrengo txapelketan onartuak izango dira automatikoki.
Bikote askok izena eman izanagatik kanporaketa planteatzen den txapelketetan, hau bi egunetan burutzea gomendatzen da.
Bikote gutxik izena emanez gero, antolakuntzak aukera izango du aurre-kanporaketa bat burutzeko bikote guztiekin, eta, bukatzeko, hiru onenen artean finala burutzeko.
Hamar eguneko izen emate epea ezartzen da.
Edozein arrazoi dela medio izena emandako bikote batek ezin izango balu txapelketara etorri, aurretik ohartarazi beharko du, erreserban dagoen hurrengo bikoteari deitu ahal izateko moduko epeaz. Hau betetzen ez duen bikotea kanpoan geratuko da zozketaz ebaztuko den hurrengo txapelketan.
Txapelketa izango den herri bertako eta inguruetako bikoteen parte hartzea sustatuko da.
6.- BIKOTEEN AURKEZPENA ETA DANTZA-ORDENA
Txapelketan bikoteek dantzatuko duten ordena zozketa bidez burutuko da. Hau txapelketa aurretik egingo da edota txapelketari hasiera emateko moduan. Bai Euskal Herriko txapelketan bai probintzi mailakoan zozketa aldez aurretik burutuko da.
Zozketak izena emandako bikote guztiak barne hartuko ditu, hauek bertan ageri ala ez.
Dantzatu aurreko bikoteen aurkezpenean, ez dira aurreko txapelketetan irabazitako sariak aipatuko.
7.- PIEZAK ETA MUSIKARIAK
Txapelketa hasieran dantzatuko diren bi piezak froga modura jo ohi dira, modu honetan bikoteek hauek ezagutu eta bere dantzamoldea hauetara egokitzen dute. Baldintza egokiak baleude froga bat egingo da taulatutik kanpo yxapelketa aurretik, musikariek dantzariekin lehen hartuemana izan dezaten.
Pieza edo erritmo zuzenketa proposamena egitekotan epaimahaiak egingo du.
Ikusgarritasuna bilatze aldera, hiruzpalau pieza ezberdin jotzea ondo ikusten da, beti ere hauek arintasun eta erritmo berekoak badira, eta maila beretsuan badira ezagunak (edo ezezagunak).
Bikote guztiek denbora bera izango dute atsedena hartzeko fandangotik arin arinera. Etenaldia 30 - 40 segundukoa izango da.
Musikarien huts baten ondorioz dantza saioa zikinduko balitz, txapelketa amaieran dantza errepikatzea eskatuko du epaimahaiak.
8.- DANTZA ETA PAUSUAK
Zortzi pausu (bi buelta) dantzatuko dira Gazteen mailan eta sei (buelta eta erdi) Gaztetxoenean.
Ez da zigortuko dantzari bigarren pausuaren hasieran ekitea.
Azken aldian pausu berean aldakuntza ezberdinak sartzeko joera ikusirik, garrantzizkoa ikusten da oinarrian dagoen pausua erraz antzematea.
Bikote bakoitzak inongo mugark gabe aukeratu ohi ditu pausuak. Honek ez du kentzen, bikote bakoitzaren berezko modua erespetatuz, zenbait txapelketetan pausu zehatz batzuk dantzatzeko eskatzea, bizirik iraun daitezen betidanik dantzatu diren erak.
9.- EPAIMAHAIA ETA BERE OSAKETA
Epaimahaian parte hartzeko beharrezkoa da:
Dantzan aditua izatea.
Dantza soltearekin lotura izatea edo eduki izana: lehenago dantzaria izanagatik, irakasten ari edo aritu izanagatik...
Txapelketan partehartzen duten dantzariekin inongo (famili edo irakaste) loturarik ez izatea.
Puntuazio irizpide eta sisteman lan egiteko, partekatzeko eta sakontzeko prest egotea..
Epaimahaikide bilerak proposatuko du txapelketa bakoitzaren epaimahaiaren osaketa, eta ondoren EDBko batzordeak bere onespena emango du.
Bi pertsonez gutxienez eta bostez gehienez osatuko dira epaimahaiak.
Ahal den neurrian, mahaikideak aldatuko dira txapelketa batetik bestera, errotazioa sortuz.
Epaimahai bakoitzean mahaiburua izendatuko da, eta bera izango da txapelketan hartutako erabakien arduraduna, ontzat emanez bukaeran azken emaitza. Erreklamazioak egotekotan berak jaso eta ebatziko ditu eta idatziz jasoko ditu txapelketan eman litezkeen gertaera aipagarriak.
Epaimahai, ahal dela, taulatuaren behealdean eta aurrean kokatuko da.
10.- PUNTUAZIO SISTEMA ETA IRIZPIDEAK
Honako kontzeptuak aintzat hartuko dira dantza-saioa puntuatzerakoan:
1. PAUSUAK: Trebezia eta kalitate teknikoa pausuak egiterakoan (gerritik behera). - (10 puntu)
Oin puntan eta oin-bularrean indarra.
Ixturak: pausuen bukaerak
Jaurtiketako pausuak, luzamenduak
Desplazamenduzko pausuak
Pikeak
Hanken gurutzatzea
Birak
Pausoen zailtasuna
Pausoen handitasuna
Pausoen intentsitatea
Pausoen gardentasuna
Trantsizioak pauso batetik bestera
........
2. GOIKALDEA ETA MUGIMENDUA: Gorputz enborraren, besoen, buruaren eta eskuen erabilera, kalitate teknikoaren ikuspuntutik (gerritik gora) bai eta bikotearen mugimendua espazioan (koreografia). – (10 puntu)
Koordinazioa, simetria, sinkronia
Oreka: kontrola, desorekak…
Bertikaltasuna: goian ala behean
Gorputzaren jarrera: bikotearen irudia
Prestaketa fisikoa
Irekitzeak
Espazioaren erabilera: gurutzaketak, harat-honakoak, aurrera ta atzerakoak, gerturatze eta urruntzeak…
…………..
3. ALDERDI ARTISTIKOA - Dantzaldiaren osotasuna artearen ikuspegitik, hau da, bikoteak transmititzen (komunikatzen) duena, bere identitatea (estiloa), bikotekideen arteko konplizitatea… – (10 puntu)
Alaitasuna, grazia, naturaltasuna, irribarrea, goxotasuna…
Galanteoa
Harmonia
Fintasuna eta dotorezia
Osagarritasuna (egokitzapena) bikotekide artean
Dantzaren intentsitatea, abiada eta honen mantentzea
Sormena: formen eta pausuen aniztasuna eta aberastasuna
Ñabardura, sorpresa: keinuak, imintzioak, geldialdiak…
Aurpegiaren adierazmena
Kriskitinak
Janzkera
.......
4. MUSIKA ETA ERRITMOA: Musika-piezaren doinu eta erritmoaren interpretazioa. – (10 puntu)
Gardentasuna: azentuak markatzea
Hasiera eta amaieran
Pausu arteko loturetan
Doinuaren interpretazioa: pausuen indar eta bizitasun aldaketa
Zailtasunarekin lotuta
Kriskitinak erritmoarekin batera
………..
5.- AKATSAK – Akatsa nabarmena denean puntuak kentzen zigortuko da. - (puntu negatiboz)
Puntu galera galdutako konpasen araberakoa
Deskoordinazioa
………
11.- PUNTUAZIOAK, AZKEN SAILKAPENA ETA SARIAK
I. gehigarrian agertzen da epaimahaiak puntuatzeko erabiltzen duen orria.
Txapelketaren azken sailkapena bi eratan atera liteke:
Epaileen puntuazioen batuketa eginez.
Epaile bakoitzari ateratzen zaion sailkapenari begiratuta. Modu honetan epaile bakoitzak lehenengo sailkatu duen bikoteari 25 puntu emango dizkio, bigarrenari 24, hirugarrenari 23, eta banan bana gutxituz atzetik datozenei. Puntuazio hauen batura eginez aterako da txapelketaren emaitza.
Bi modu hauen artean, ahal dela, bigarrena erabiliko da.
Bi bikotek puntuazio berbera lortuko balute, epaileen esku geratuko litzateke berdinketa desegitea. Sailkapena bigarren prozedura bitartez lortu bada, hau desegingo da mahaikide guztiek emandako puntuazioen batuketa eginez. Hau eginda berdinketak oraindik ere iraungo balu, dantza saioa errepikatu egin beharko lukete bikoteek. Berdinketa saritu gabeko bikote artean emanez gero, hau ez litzateke desengingo.
Sari banaketan soilik aurreneko postuak irabazi dituzten bikoteen puntuazio emango da. Gainontzeko bikoteei dantzatutako ordenean deituko zaie taulatura.
Trofeoak, eta diru sariak, txapelketaren oinarriaetan jaso bezala banatuko dira.
Jantzi-saria emanez gero, adituak diren pertsonek emango dute epaia.
Bikotea izanik dantza hauen egile eta helburua, banakako saria ez da gomendatzen.
Gazte mailako edozein bikotekidek edo Gaztetxo mailako irakasleak txapelketaren puntuazio orokorra eskatzeko eskubidea du.
Epaimahaiaren huts nabarmena gertatuz gero, honen ebazpena antolatzaileen eskutik etorriko litzateke, epaimahai buruarekin eta auzian suertatu dire bikoteekin harremanetan jarrita.
Erreklamazioa izatekotan, hau epaimahai buruari egingo zaizkio.
12.- TXAPELKETEN BERRIKUNTZA
Berrikuntza bultzatze arren eta txapelketa formato berriak bilatze bidean, ideia berriak sustatu eta froga ezberdinak burutuko dira. Hauek aldez aurretik jakin araziko dira.
Orain arte egindako saikerak lotuta daude...:
zozketarekin.
txapelketa hasieran egiten den bikoteen aurkezpenarekin.
bikote gutxi dagoenean, aurreneko hiru bikoteen artean finala. jokatzearekin.
bizpahiru koreografia prestatzea txapelketak era ezberdinetan ixteko.
txapelketaren muina aldatzearekin.
hirukoteen txapelketak egiteko aukera irekitzearekin, alebin mailan adibidez.
13.- ANTOLAKETA EGITURA
Hiru bilerek egituratzen dute Dantza Soltearen antolakuntza:
Dantzarien bilerak
irakasleen bilerak
eta epaimahaien bilerak.
Bilera hauek indarrean egonda, Dantza Solte batzordea sei perstonez osaturik legoke: Gazteen mailako bi dantzari, bi irakasle, eta bi epaimahaikide.
Batzordearen koordinatzailea sei hauetatik aterako litzateke.
Urtero, uda sasoia bukatutakoan, asanbladara deituko da, txapelketen balantzea egiteko, batetik, eta, aurrera begira jarrita, ideia berriak proposatzeko, bestetik. Hauek, noski, arautegian jasoko dira eta modu honetan etengabeko eguneraketa emango da.
14.- PRESTAKUNTZA: ESKOLA SAREA ETA IRAKASLEAK
Ikastaroak eta irakasle arteko elkartrukea sustatuko da.