2017 urtea
DANTZA SUELTOKO TXAPELKETAK BERRITZEKO PROPOSAMENA
Duela hiru urte Elgoibarren egindako Dantza Sueltoaren bilera batean dantzariek, irakasleek eta epaimahaikideek txapelketetan sar litezkeen hainbat berrikuntzez hitz egin genuen. Hauen artean bi berrikuntza mota aipatzen ziren: batzuk txapelketaren egiturarekin, irudiarekin edo presentazioarekin lotuta zeudenak, eta beste batzuk txapelketaren muina bera uki zitzaketenak.
Ildo honetatik, azken bi urteotan “Bikoteen aurkezpena” jarri da martxan, eta jasotako iritzien arabera jendeak gustuko izan du. Berrikuntza hau txapelketaren egiturarekin erlazionatuta dago, eta bide honetatik doaz, baita ere, txapelketa amaieretan egin izan diren koreografia ezberdinak. Hauek guztiak balioa eta ikusgarritasuna erasten diote txapelketari.
Dantza Suelto txapelketen egungo formatuak astindu bat behar duela entzun (eta batzuk esan) izan dugu batzuetan, eta formula berriak bilatu eta frogatu beharko genituzkeela. Momentu politean gaude, egin diren aldakuntzei jarraiki, beste salto handiagoa emateko.
Ondoren zehaztuko den proposamenak txapelketaren egitura bera ukitzen du, eta honen eboluzioan eragin zuzena izan nahi du. Txapelketa egitura berri bat proposatzen da bi asmorekin: bat, txapelketaren erakargarritasuna areagotzea; eta bi (zergatik ez), bidean utzitako (galdutako) dantza-molde interesgarriak berreskuratzea.
Baina… zein dantza-elementu dira indartu nahi direnak? Galdera honek hausnarketa sakonagoa merezi arren proposamen hau zehazteko bizpahiru ezaugarri jarriko dira mahai gainean:
“Besoak airean”: Garai batean besoak oso gora eramateko joera gailendu bazen ere, jakin badakigu besoek lehen (plazan eta erakusketa ezberdinetan ere) beste naturaltasuna eta funtzionaltasuna zutela. Txapelketetan eta dantza taldeetan, aldiz, joera hauek baztertzen joan dira eta oso goian eramateko joera zabaldu da, adierazgarritasuna eta bizitasuna galduz. Besoen erabilera freskoago haiek edota asma litezkeen modu berri eta malguagotarantz jo nahi genuke.
“ Eremu txiki batean dantzatzea”: Sarri entzun izan dugun: “lehen saiatzen ginen ahalik eta leku txikienean dantzatzea”. Egia da azken aldian dantza soltea oso fisikoa, intentsitate handikoa eta espazio zabalekoa bihurtu dela, eta, agian, zokoratu direla zertxobait espazio txikiko pausu eta trebeziak: pikeak, gurutzatzeak…. Espazio labur batean dantzatzeak, gertutasunak, jarrera ezberdinak eskatzen dizkio dantzariari, eta hauen artean konplizitatea garatzen da.
“Dantza bizia”: Bikotearen arteko komunikazioa biziagoa sendotzea: probokazioa, proposatu-erantzun, galanteoa, antzezpen elementuak, asimetriak…
BI FROGA BETIKO DANTZA SAIOAN…
Txapelketa egitura berrian bi froga txertatuko dira egun ezagutzen dugun bikoteen saioan.
Froga bakoitza bi pausotakoa izango da, eta, aurkezpenean bezala, bata bestearen atzetik dantzatuko dute bikoteek, pauso bateko tartea utzirik, epaileek puntuak jar ditzaten.
Lehenengo frogan “besoen erabilera”ri erreparatuko zaio eta fandangoaren doinuz egingo da.
Bigarren froga “espazio txikian” dantzatzekoa izango da eta hau arin-arinez dantzatuko da.
Froga hauek sartzerakoan, logikoa da, bikoteen betiko dantza-saioaren iraupena murriztea; modu honetan, fandangoa eta arin-arina buelta erdira pasatuko dira.
Esandakoa hobeto ulertzeko eta proposamena xehatzeko, hamar bikoteko txapelketa bat hartuko dugu, adibide gisa:
TXAPELKETA BERRIAREN EGITURA
BIKOTEEN AURKEZPENA
1. BIKOTEA: fandangoa eta arin-arina
2. BIKOTEA: fandangoa eta arin-arina
FROGA 1: “Besoak jokoan” 6, 7, 8, 9 eta 10. bikoteak
3. BIKOTEA: fandangoa eta arin-arina
4. BIKOTEA: fandangoa eta arin-arina
FROGA 2: “Eremu txikian” 6, 7, 8, 9 eta 10. bikoteak
5. BIKOTEA: fandangoa eta arin-arina
6. BIKOTEA: fandangoa eta arin-arina
FROGA 1: “Besoak jokoan”; 1, 2, 3, 4 eta 5. bikoteak
7. BIKOTEA: fandangoa eta arin-arina
8. BIKOTEA: fandangoa eta arin-arina
FROGA 2: “Eremu txikian”; 1, 2, 3, 4 eta 5. bikoteak
9. BIKOTEA: fandangoa eta arin-arina
10. BIKOTEA: fandangoa eta arin-arina
AMAIERAKO SAIOA: denak batera fandango eta arin-arina
TXAPELDUNEN DANTZALDIA
Datorren urtean txapelketa batzuetan frogatu nahi dugu. Dantzatzen diren dantza-saio guztiak, bai aurkezpena bai fandangoa eta arin-arina bai bi frogak, puntuatzeko asmoa izanik, poliki joan nahi dugu, denak ohitzen joan gaitezen. Hortaz, hasieran behintzat, epaimahaiak dena puntuatu arren betiko fandango eta arin-arinaren puntuazioek soilik balioko dute txapelketaren azken emaitzan.