KOLDO MITXELENA Institutuak bere Ikastetxeko Proiektu Digitalean software librearen erabilera sustatzearen aldeko apustua egiten du. Hori dela eta, aukera pribatiboen aukeretatik piskanaka aldenduz, ikasleek zein irakasleek software askera gero eta gehiago erabiltzea dugu helburu, bai sistema eragileetan, ordenagailuko programetan eta online aplikazioetan.
Ikastetxean Software Librearen (SL) erabilera sustatzeko urratsak.
Eskola komunitatean kontzientzia sortu
Batxilergoko ikasleen ordenagailuetan LUBERRI instalatu
Irakasleen ordenagailuetan LUBERRI erabiltzea animatu
Moodlen erabilera sustatu, DBH3-4n eta Batxin
IRADI (SLko ikaskuntza plataforma) proiektu pilotuan parte hartu
Software librea edo software askea (ingelesez: free software), eskuratu ondoren, erabil, kopia, azter, molda eta bana daitekeen softwarea da.
Softwarea librea dela esan ohi da hurrengo lau eskubide hauek betetzen dituenean:
helburua edozein dela ere exekutatu ahal izatea (pribatua, hezkuntza, publikoa, komertziala, eta abar).
aztertu eta aldatu ahal izatea (horretarako beharrezkoa da kodea eskuratu ahal izatea).
kopiatu ahal izatea.
hobetu, eta hobekuntza horiek publiko egin ahal izatea, komunitatearen onurarako.
Software pribatiboa edo ez-librea bere iturburu-kodean, barneko egituran, sartzeko modu librerik ez duen softwarea da. Software hori egin dutenen edota jabeen esku baino ez dago, eta ezin du edonork libreki irakurri, egokitu edo aldatu.
DOAKO SOFTWAREA ETA SOFTWARE LIBREA EZ DA BERDINA
Software librea ez da zertan doan banatu. Banaketa zerbitzu, instalatze zerbitzu, mantentze zerbitzu edo ostatze zerbitzuengatik prezio bat kobratzen duten software libreko enpresa asko daude.
"Doako softwarea" ez da zertan software librea izan. Lau eskubideak betetzen ez dituen softwarea ez da software librea, doihanik izan arren.
Software librea askotan dohainik egoten da eskuragarri, edo oso merke, banaketa kostuaren prezioan; hala ere, hau ez da derrigorrezkoa. Software librea ez da doako softwarearekin (freeware) nahasi behar. Dohaineko softwareak iturburu-kodea ikus, kopiatu eta alda ez badaiteke ez da software askea.