Informazioaren eta Jakintzaren Gizartea agertu izana da egungo gizartean gertatzen ari diren eraldaketa nagusietako bat. Gizartean jakintzak balio izugarria hartu du eta hezkuntza da hura eskuratzeko eta ekoizteko bidea.
Informazio eta Komunikazio Teknologiak (IKT) jakintza sustatzeko eta metodologia aktiboak aurrera eramateko tresna indartsuak dira. Teknologia digitala metodologia aldaketarako balibide bezala ulertu dugu betidanik, eta horregatik IKTak eta berrikuntza metodologikoa bidelagun izan ditugu.
IKTak oso lagungarriak izan daitezke bitarteko tresna gisa, ikasleek adierazpenezko edukiak ikas ditzaten eta irakasleek hobeto irakats dezaten. IKTak erabiltzeak indartu egiten du irakatsi eta ikasteko prozesuko inputaren kalitatea, modu integratuan erabili baitaitezke baliabide multimediak.
IKTak oso lagungarriak izan daitezke ikaskuntza‐prozesuak hobetzeko, zeharkako eta diziplina baitako prozeduren tresna bitartekari moduan. IKTek ekarpen handia egin dezakete zehar‐prozedura asko ikasteko, adibidez ikasten ikastea, komunikatzen ikastea, elkarrekin bizitzen ikastea eta ekiten ikastea. Frogatuta dago IKTen ekarpena diziplina baitako prozedura guztiak ikasteko ere, batik bat algoritmikoak. IKTak, gainera, baliabide apartak dira aniztasuna aintzat hartuta ikasleei hezkuntza pertsonalizatua eskaintzeko.
IKTak oso lagungarriak izan daitezke modu ordenatuan eta berreskuragarrian biltegiratu eta aurkezteko irakatsi eta ikasteko prozesuaren edukia, prozesuak eta produktuak.
IKTak lagungarriak izan daitezke ohitura eta jarrera batzuk garatzeko ere: prozesu kognitiboak (arreta, jakin‐mina, interesa, motibazioa...) eta, batik bat, prozesu metakognitiboak (kontzientzia hartzea eta autorregulazioa); komunikazio‐prozesuak (entzute aktiboa, errespetua...); lankidetzarako ohiturak eta jarrerak, sareko elkarlana, etab. Alde horretatik, gizakia errespetatzea eta erabiltzaileen eskubide nahiz betebeharrak aintzat hartzea oinarri duten printzipio etikoekin bat datozen ohituretan eta jarreretan heztea ezinbestekoa da, besteekin batera bizitzeko eta digitalki komunikatzeko.