Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma dakarren 77/2023 DEKRETUAk ikasleen Irteera Profila zehazten du, eta FUNTSEZKO KONPETENTZIA bat KONPETENTZIA DIGITALA da.
Konpetentzia digitalak ikaskuntzarako, lanerako eta gizartean parte hartzeko teknologia digitalen erabilera kritikoa, segurua, osasungarria, iraunkorra, sortzailea eta arduratsua eskatzen du, bai eta teknologia horien bidez pertsonekin edo gailuekin elkarreragitea ere.
Konpetentzia digitalaren barruan sartzen dira informazioaren eta datuen alfabetatzea, komunikazio eraginkorra eta hainbat kanal eta inguruneren bidezko lankidetza, hainbat hizkuntzaren erabilerari buruzko alfabetatze mediatikoa, askotariko eduki digitalen sorrera (programazioa barne), segurtasuna (ongizate digitala barne) eta herritartasun digitalarekin, pribatutasunarekin, jabetza intelektualarekin, arazoen ebazpenarekin, pentsamendu konputazionalarekin eta kritikoarekin lotutako gaitasunak.
INFORMAZIOA ETA DATUEN LITERARURA
KD1. Interneten bilaketa aurreratuak egiten ditu (bilaketa terminoen, formatuaren, gaurkotasunaren eta lizentziaren arabera), baliozkotasun-, kalitate-, gaurkotasun- eta fidagarritasun-irizpideak kontuan hartuta, informazioa modu kritikoan hautatu eta ulertzen du, modu esanguratsuan konbinatuz, eta modu ordenatuan artxibatuz, berreskuratu eta erreferentzia egiteko, jabetza intelektuala errespetatuz.
EDUKI DIGITALEN SORKUNTZA
KD2. Etengabeko ikaskuntzako bere ingurune pertsonal digitala kudeatzen eta erabiltzen du jatorrizko ezagutza eta eduki digitalak hainbat formatutan ekoizteko eta gordetzeko, atazaren edo beharren arabera dagozkion tresna digitalak erabilita, bai dauden edukiak berrerabilita, bai sortutako edukiei lizentziei buruzko ezagutza aplikatuta.
KOMUNIKAZIOA ETA KOLABORAZIOA
KD3. Sare sozialen edo lineako komunitateen gisako tresnen eta/edo plataformen bidez parte hartzen, laguntzen eta elkarreragiten du, komunikatzeko, lankidetzan lan egiteko eta edukiak, datuak eta informazioa partekatzeko; horretarako, bere helburura ondoen egokitzen dena aukeratzen du, bere ekintzak, presentzia eta ikusgarritasuna modu arduratsuan kudeatzen ditu sarean, eta herritartasun digital aktibo, zibiko eta gogoetatsua gauzatzen du.
SEGURTASUNA
KD4. Gailu digitalak babesten ditu, segurtasun-estrategiak eguneratzen ditu, haien pribatutasuna eta besteena ulertzen eta babesten ditu oro har, eta oinarrizko ezagutza du haien datuak biltzeko eta erabiltzeko moduari buruz, badaki bere burua eta beste batzuk ziberjazarpenetik babesten, eta ulertzen ditu teknologien erabilerari lotutako osasun-arriskuak (ergonomia, adikzioak), eta ulertzen du teknologiak Ingurumen-jasangarritasunean duen eragin positiboa eta negatiboa.
PROBLEMEN EBAZPENA
KD5. Identifikatzen dituen arazo teknikoak eta gabeziak baliabideen erabilerari, tresnei eta bere konpetentzia digitalaren garapenari dagokienez, eta soluzioak ematen dizkien; ea garatzen dituen informatika-aplikazio errazak eta arazo zehatzak konpontzeko edo proposatutako erronkei erantzuteko irtenbide teknologiko sortzaile eta iraunkorrak; ea interesik agertzen duen eta ulertzen dituen teknologia digitalen bilakaeraren, haien garapen sozial iraunkorraren eta erabilera etikoaren azpiko printzipio orokorrak eta logika.