IKT-EN ERABILERA EGOKIA ETA ARDURATSUAREN ARAUTEGIA
Ikastetxeean aurrera eramaten ditugun prozedura gehienetan IKTen erabilera oso orokortua dago eta erraminta hauek ikaskuntza-irakaskuntza prozesuari ekartzen dizkioten onurak ugariak dira, baina gelako elkarbizitzari arazoak ekar ditzakete. Horregatik, arazoak aurreikusi eta ekiditeko, IKTen erabilera egoki eta arduratsu bat arautzea komenigarria ikusten dugu.
Ikastetxean, internet eta IKT baliabideak oro har heziketa xedearekin soilik erabiliko dira.
Ikastetxean IKT baliabideak ez dira erabiliko jazartzeko, iraintzeko edo edozein eratako kalteak eragiteko balio dezaketen materialak sortzeko, igortzeko, erakusteko edo argitaratzeko.
Erregistro beharrik ez duten internet baliabideak erabiltzea hobetsi eta sustatuko du ikastetxeak. Erregistratu behar izanez gero, ahal den datu gutxien ematea gomendatuko da.
Ikastetxean baimendutako gailuak bakarrik erabili ahalko dira.
Ikasgaietako gelako jardueretan, ikasleen internet nabigazioa ikuskatzen saiatuko da irakaslea.
Ikastetxeko arduradunek (irakasle, zuzendaritza e.a.) internet nabigazioaren ondorioz ikasleek deskargatu dutena edo nabigazio historialak ikuskatzeko eskubidea izango dute; bai ikastetxearen gailuetan, baita ikasleen gailuetan ere, eskola lanerako tresna diren neurrian.
Ikastetxeko edonork eduki desegokiak aurkitzen baditu, gailuetan edota internet nabigazioan, irakasleari edo IKT arduradunei azalduko die, hauek arazoa bideratu eta zuzendu dezaten.
Ikastetxeak ikasleen irudiak nahiz lanak interneten argitaratzeko familiei baimena eskatuko die.
Hezkuntza Sailak, Premia sarearen bidez, ikastetxeko gailuen antibirusa eta web nabigaziorako iragaziak eguneratuta edukiko ditu.
Ikastetxeak GSuiteko bere erabiltzaileak eta gailuak kudeatzeko duen kontrol gunetik web nabigaziorako iragaziak ezarriko ditu, ikasleek hezkuntza jardueretarako bakarrik erabili dezaten internet. DBHen eta Batxilergoan ezberdinak izango dira, heldutasun maila ezberdina delako.
Beste pertsona batzuk norberaren kontuan edo datu pertsonaletan sar ez daitezen, ordenagailua erabiltzen amaitu ondoren, beti itxi behar da sareko erabiltzailearen saioa nahiz ikastetxeak eskainitako Google kontuaren saioa.
Pasahitz "sendoa" erabili behar da (pasahitz seguruen ezaugarriak dira zenbaki, letra nahiz sinboloek osatuta egotea, 8 karaktere edo gehiago edukitzea, hiztegiko hitzik ez edukitzea eta sistema bakar batean erabiltzea).
Zorrotz zaindu behar dira ikastetxeko kontuaren datuak, eta ez da inori eman behar pasahitza; azken batean, kontu horrekin egiten denaren erantzukizuna kontuaren jabeak duelako.
Beste norbaiten datuak (erabiltzailea eta pasahitza) erabiliz ez da inoiz inoren identitatea ordeztu behar.
Beste pertsonaren batek sarbide-datu pertsonalak eskuratu dituelako susmoa, eta ondorioz, nortasuna iruzurrez ordezteko arriskua dagoelako susmoa izanez gero, berehala tutore edo IKT arduradunari jakin arazi behar zaio.
Ikastetxeak interneten arriskuak, hauek nola eragotzi eta IKTen erabilera seguru baten inguruko heziketa eskainiko die ikasleei.
Ikastetxeko zereginetan, barne nahiz kanpo komunikazioan eta gela jardueretan, koldomitxelena.net / koldomitxelena.eus domeinuko Google kontua bakarrik erabiliko dute ikasleek.
Ikastetxe barneko komunikazio digitaletan, ikasleak bere taldeko ikaskideekin edo bere irakasleekin jar daitezke harremanetan, ez beste inorekin, irakasle edo arduradunen baten baimen zehatza ez badute.
Ikastetxeak jokabide eta babes arauak eskainiko dizkie ikasleei, komunikazio eraginkor, egoki eta seguru bat eduki dezaten.
Ikasleek oinarrizko netiketa arauak praktikan jarriko dituzte. OINARRIZKO NETIKETAK:
Norberarenganako nahiz besteenganako errespetua izan.
Komunikazio mezuetan hizkuntza zuzena, atsegina eta errespetuzkoa erabili.
Norberaren identitatea nahiz pribatutasuna eta besteena babestuko da. Besteen mezuak edota fitxategiak ez dira irakurriko, eta besteen informazioa (argazkiak e.a.) ez dira argitaratuko baimenik gabe.
Jabetza intelektuala errespetatu eta babestuko da.
ARAU OROKORRAK
Ikasleek egunero-egunero ekarriko dute ordenagailua ikastetxera, eta eguneko ordutegiaren amaieran etxera eramango du.
Eskola ordutegian, ordenagailua erabiltzen ez duenean, takilan edo motxilan gordeko da.
Gailuak bateria guztiz kargatuta dutela iritsi behar dira egunero institutura.
IKASGELAN
Klasearen hasieran ordenagailua itxita egongo da irakasleak esan arte. Klasearen amaieran ordenagailua itxiko da berriro, eta klase tartetan ezin da erabili.
Irakasleak ordenagailua ateratzeko esaten badu, irakasleak azalpenak ematen dituen bitartean ordenagailuaren pantaila itxita egongo da, irakasleak kontrakoa esaten ez badu.
Ordenagailuak ikasgelan eskatutako lanak egiteko soilik erabiliko dira, inolaz ere ez jolasteko edo bestelako webgunetatik nabigatzeko. Informazioa bilatzen duzun bitartean saiatu arreta ez galtzen. Ez ahaztu zein den zure bilaketaren helburua.
Irakasleak agindutako lanarekin lotutako aplikazioak, webguneak edo bestelako edukiak bakarrik eduki ditzakezu irekita.
Taldeko lan giroa ez oztopatzeko ordenagailuak soinurik gabe egon beharko du beti, irakasleak aurkakoa adierazten ez duen bitartean.
Ezin zara sartu edo erabili gelan Sare Sozialik edo Chat-ik; irakasleak baimena eman badizu bakarrik erabiliko dituzu.
Internet-bilaketetan eduki desegokiak agertzen badira, itxi itzazu berehala. Ez komentatu edo partekatu zure gelakideekin.
Irakasleak susmatzen badu ikasle bat erabilera desegokia egiten ari dela ordenagailuarekin, ikaslearen gailuaren historiala begiratzeko eskubidea izango du.
Arau hauek betetzen ez badira, oro har, kasuan kasuko egoera aztertuko da eta ondorio batzuk ezarriko dira. Ondorio hauek, ikaslearen gailuen kasuan, honelakoak izan daitezke:
Noizbait, ikasleren batek erabilera ezegokia egingo balu, ikasgaiaren emaitza akademikoan eragin negatiboa izango du.
Erabilera desegokiaren aurrean irakasleak ordenagailua kenduko dio ikasleari eta gurasoak etorri beharko dira jasotzera. Gurasoak jakinaren gainean jartzeko irakasleak telefonoz deituko die gurasoei.
Jokaera desegokia errepikatuz gero, diziplina hutsegite larritzat joko da eta neurri bereziak hartuko dira.
Legez kanpoko jardunak direnean, ikastetxeak eskuduna duen autoritateari jakinarazi diezaioke.