1999-2000 ikasturtean proiektu propioa (Ikastetxean teknologia berriak txartatzeko proiektu ) abian jarri genuenetik, digitalizazioaren bidean urratsak ematen joan gara gure ekimenez, baina ibilbide luze horretan bi proiektutan parte hartzeak hauspoa eman zigu: IKT ikastetxe eredua, Sare Hezkuntza eta IRADI.
2023-2024 ikasturtean, Hezkuntza Sailak bere ikastetxe publikoei eskainiko dien software librean oinarritutako IRADI ikasketa plataforma berria probatzeko eta hobekuntza ekarpenak proposatzeko proiektu pilotuan parte hartu genuen.
Digitalizazio etiko eta arduratsu baten alde egiten da, bereziki babestu beharreko datuen segurtasuna bermatuz, horretarako zerbitzari propioez baliatuz.
Eskaintzen diren beste hezkuntza-plataforma batzuei antzeko irtenbide teknologikoak eskainiko dizkie, ikastetxeek baldintza berdinetan aukeratzen dituztela bermatuz.
Software libreko aplikazioz osatutako hezkuntza digital integraleko plataforma da, eta gai izango da ikastetxeen behar teknologikoak asetzeko eta osatzeko.
IRADI plataformaren osagai nagusiak:
IKASGELA BIRTUALA (Moodle), Bideobilerak (BigBlueButton).
IKASLAN (Nextcloud): biltegia, ofimatika (CollaboraOnline), egutegia, inprimakiak, txat gunea ...
POSTA
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntz Politika eta Kultur Sailak bere Heziberri 2020 plangintzaren barnean, prozesu didaktikoen digitalizazioa eta metodologiaren berrikuntza uztartzeko Sare Hezkuntza proiektua abian jarri zuen 2014-2015 ikasturtean. KOLDO MITXELENA institutua 2015-2016 ikasturtean sartu zen proiektuan.
"Sare_Hezkuntza Gelan" berrikuntza proiektuaren xede nagusiak, honako hauek dira:
Metodologia, teknologia, material eta baliabide digitalen erabilera bultzatzea geletan irakasteko eta ikasteko prozesuan.
Irakasteko eta ikasteko prozesuan, indartzea material eta baliabide digitalen elaborazioa, baita geletan haiek erabiltzea ere. Materialak denon eskura izango dira, euskal hezkuntza‐sistemaren barruan.
Metodologia aldaketarako ikastetxeetan beharko den prestakuntza teknologikoa eta pedagogikoa ematea.
Sare Hezkuntza planak eskaintzen zituen laguntzak probestuz, ekin genion 1x1 eredua zabaltzen joan ginen, ikasturtez ikasturte, maila guztietara hedatu arte. Ikasleek erosten zuten gailua (Chromebooka) eta familiak zuten ardura guztia.
Teknologiaren erabilera eguneroko bizitzaren esparru guztietara hedatu den garai hauetan, ikaslearen ikasketa tresnetan aldaketa hau ezinbestekoa zela ikusi genuen: paper formatua baztertu gabe, formatu digitalak eskaintzen dituen aukeretaz baliatzea.
Hezkuntza Saileko informazioa Sare_Hezkuntzaren inguruan :
KOLDO MITXELENA Institutuan aspalditik izan dugu IKTak hezkuntza jardunean nahiz kudeaketan txertatzen joateko helburua. 2007-2008 ikasturtean, Hezkuntza Sailak, IKT Ikastetxe Eredua proiektua abian jarri zuenean, teknologia berrien inguruan aurrera pausoak emateko aukera bat bezala ikusi genuen, eta deialdian sartu ginen hasieratik.
IKT Ikastetxe Eredua proiektuaren helburua, batetik, hezkuntzan parte hartzen duten eragileek baliabide digitalei probetxu guztia ateratzea, eta, bestetik, herritarrak gaitzea, IKTak ikastetxeen irakas-, administrazio-, informazio- eta komunikazio-prozesuetan erabiltzea sustatuz, eta ekintza guztien arteko koordinazioa eta koherentzia bermatuz.
Ikastetxeetako teknologia-heldutasunaren ereduak hiru maila ditu: Oinarrizkoa, Ertaina eta Aurreratua.
Proiektu honek gorabehera handiak izan ditu, baina, gure institutuak, oztopoak oztopo, IKTak gure jardunean txertatzeko ahalegin horretan jarraitu zuen eta jarraitzen du.
2011-2012 ikasturtean, proiektua berrabiaratu zen eta Oinarrizko Maila lortu genuen. 2013-2014 ikasturtean, Maila Ertaina gainditu genuen. 2016-2017 ikasturtean Maila Aurreratua lortu genuen.