Adimen artifizial sortzailea baliabide pedagogiko gisa erabiltzen hasi aurretik, zer den eta nola funtzionatzen duen ikasleei irakastea gomendatzen da. Ez da beharrezkoa funtzionamenduaren xehetasun tekniko guztiak ulertzea, baina bai haren oinarrizko printzipioak, ematen dituen aukerak eta mugak eta arriskuak.
Erabiltzen hasteko modu on bat erabiltzen erakustea da, adibidez: hainbat eskakizun egitea eta ematen dituen erantzunak modu kritikoan aztertzea, honako galdera hauen bidez: Ematen digun erantzuna zehatza da? Nola egiazta dezakegu informazioaren egiazkotasuna edo zehaztasuna? Erantzuna zuzena al da edozein testuingurutan?
Beste edozein teknologiarekin bezala, garrantzitsua da arau argiak ezartzea noiz eta zertarako erabiltzen den jakiteko, eta hezkuntza-komunitatearekin adostea zer erabilera emango zaizkion. Irakasleok 2024-25 ikastaroan formazioa izan genuen "Nola erabili AA Koldo Mitxelenan adosteko". Ikasleekin ere, klase bateko uneak ezar daitezke edo ChatGPT esplizituki erabiliko den proiektuen garapenean.
Ikasleentzako gomendioak:
DBH1-2n, debekatuta. (Adinagatik debekatuta dago)
Euskara lehenestu. (Zenbat eta elkarreragin gehiago egin euskaraz, orduan eta lehenago ikasiko du euskaraz ondo egiten).
Ez geratu lehenengo erantzunarekin.
Ez igo datu pertsonalik.
Bete irakaslearen jarraibideak.
Adimen artifiziala erabili ondoren, bete kontrol zerrenda.
Talde-lana egitean, ordenagailu bakar batekin nahikoa da. (Murriztu dezagun energia-gastua)
Erabiltzeko moduak (adibideak ikasleentzat)
1. Laguntza eskolako zereginekin: ChatGPT ikasleentzako tutore pertsonala izan daiteke, eskolako lanak ulertzen eta osatzen lagunduz.
2. Idazteko trebetasunak garatzea: Tresna hau aproposa da haurren idazteko trebetasunak hobetzeko. Idazketa sortzaileko ariketak proposa ditzake, gramatika eta ortografiarekin lagundu, eta feedback konstruktiboa eskaini testuen kalitatea hobetzeko.
3. Hizkuntzak ikastea: Hainbat hizkuntzatan hitz egiteko eta hizkuntza-zuzenketak eskaintzeko duten trebetasunak aukera ematen die ikasleei modu eraginkorrean eta dibertigarrian praktikatzeko.
4. Kontzeptu matematiko eta zientifikoak indartzea: AAk matematika eta zientzietako kontzeptu konplexuen azalpena sinplifikatu dezake, gai horiek adin guztietako ikasleentzat eskuragarriagoak eta ulergarriagoak izan daitezen.
5. Dokumentazio-iturri gisa: Edozein gairi buruzko galderak erantzuten ditu eta, gainera, xehetasunera egokitzen du eskatzen dena. Gai baten inguruan ikasleak duen interesa ase dezake. Egokia litzateke ikasleak lortu duen informazioa ahoz azaltzea eta arrazoitzea ikaskideei, ulertu duela ziurtatzeko.
6. Azterketetarako prestakuntza: azterketen gaiak errepasatzeko oso eraginkorra izan daiteke. Praktika-galderak sor ditzake, erantzunak azaldu eta hainbat motatako galderei aurre egiteko estrategiak eskaini.
7. Pentsamendu kritikoaren garapena: ChatGPTrekin elkarreraginean aritzeak ikasleak kritikoki pentsatzera bultzatzen ditu. Galderak eraginkortasunez egiten ikas dezakete, emandako informazioa ebaluatu eta arrazoitzeko gaitasunak garatu. Gomendioa: "Llévame la contraria" Chatbot.
8. Programazio eta Teknologiako Hezkuntza: Programazioan eta teknologian interesa duten haurrentzat, ChatGPT oinarrizko kontzeptuak eta kontzeptu aurreratuak ikasteko baliabide bat izan daiteke.
9. Iturriak egiaztatzea: ChatGPTrekin lehenengotik sortutako testuak osatu gabe daude, eta horietatik abiatuta hasten da ikasgelan gertaerak eta iturriak egiaztatzeko ariketa.
10. AA erabiltzeko metodologiak sortzea: Ikasgelako estrategia bat izan daiteke ikasleari eskatzea ChatGPT nola erabili duen, zer urrats eman dituen eta zehaztu ditzala agindu bakoitzak, zer jarraibide edo galdera egin dizkion.
11. Teknologiari buruzkogogoeta: Teknologiari eta haren erabilera buruzko hausnarketa, gelan eztabaidatuz. Ikasgela ikasleek zalantzak izan ditzaten ChatGPTri, haren funtzionamenduari, dilema etikoei eta sortzen dituen espekulazioei buruz, eta horrelako tresna berriei aurre egin diezaieten, gehiegizko erabilera saiestuz.
12. Testuen zuzenketa: Bere kabuz testuak sortzeaz gain, tresnak dagoeneko idatzita daudenak zuzentzeko gai ere bada, hainbat irizpideren arabera. Interesgarriena da, zuzenketekin batera, zehatz-mehatz azaltzen duela zer zuzendu duen, ikaskuntza eta idazketaren hobekuntza erraztuz. Kontuan hartzen ditu falta ortografikoak, idazketa edo hizkuntza mota, testu formala edo informala den.
13. Hezkuntza Jokoak eta Gamifikazioa: ChatGPT jolas hezitzaileetan integratu daiteke, ikaskuntza interaktiboagoa eta dibertigarriagoa eginez.
Irakasleentzako gomendioak:
Ez igo inoiz ikasleen daturik.
Erantzun eta emaitza guztiak, birpasatu eta egiaztatu.
Euskara lehenestu. (Zenbat eta elkarreragin gehiago egin euskaraz, orduan eta lehenago ikasiko du euskaraz ondo egiten).
Programazioetan, metodologia atalean, adimen artifiziala aipatzeko proposamena.
Ikasleekin erabiltzeko gomendioak:
Ez penalizatu erabilpena. Plagioaren ebidentzia ezin da egiaztatu.
Adimen Artifizialaren erabilera baimendu eta sustatu zenbait helbururekin, jardueren jarraibideetan adierazita.
AA erabiltzen denean, ikasleek esplizituki adierazi beharko dute erabilera nolakoa izan den.
Idazten diren erreferentziak (promptak) eskatu.
Amaierako produktuan baino gehiago, ikaskuntza-prozesuan zentratu. Kontsultatutako zirriborroak, arrazoibideak eta iturriak ebaluatuz eta sortze prozesuaren hausnarketa eginez.
Gelako lanaren erabilera sustatu, irakasleek zuzenean gainbegiratuta. Etxerako lanak gutxituz.
Portfolioa: erabilgarria izan daiteke ikasleek beren arrazoibideak, arazoak eta aurkikuntzak erregistratzeko ikaskuntza-koaderno bat izan dezaten sustatzea, proiektu batean lan egin edo gai bat ikasi ahala.
Gogoeta sustatzea: ikasleak alborapenak, zehaztasun falta eta energiaren xahuketaren ondorioak ezagutzeko.
Irizpide pedagogikoak:
Tresna erabili aurretik, ebaluatu egin behar da diseinatutako zereginerako duen garrantzia eta egokitasuna.
Irakasleak tresna modu seguruan eta eraginkorrean erabiltzeko beharrezko ezagutzak izan behar ditu.
Irakasleak AAren erabilera etikoa ezagutu behar du ikasleek erabilera arduratsua barnera dezaten.
Tresnek irisgarriak izan behar dute ikasle guztientzat.
Irakasleak argibide zehatzak eman behar ditu AAko tresnak gelako jardueretan erabiltzeko. Era berean, zenbait zereginetarako adimen artifiziala erabiltzea debeka dezake.
Baimenak:
Baimen informatua: familiek eta ikasleek jakin behar dute AA eta bestelako aplikazioak nola eta zertarako erabiliko ditugun.
Ikastetxearen babes juridikoa: tresnen erabilera ikastetxeko dokumentazioan agertu behar da (AJA, Plan Digitala, programazioak,...)
Hausnartzeko gai batzuk:
Jasangarritasuna (Energia xahuketa)
Alborapenak
Ikasleen datuen babesa
AAk ez du irakaslea ordezkatuko
Menpekotasuna. (“Pereza cognitiva”)
Arrakala digitala. Doako vs. ordaintzeko bertsioak.
Egile eskubideak
Iragazki-efektua: ezagutza osoa eskura izatearen sentsazioa. Baina AA ez da bilatzailea. Soilik berreskuratzen ditu entrentatzeko erabili diren datuak.
Deskonexio soziala eta isolamendua. Talde-lana sustatu behar da.
Hizkuntzaren erregistroa: “Mesedez” eskatu behar diogu?
"Irakurtzen" eta "laburpen" diren AA Generatiboaren aplikazioek onurak eta desabantailak izan ditzakete. Ikasleei beren irakurketetan sakontzeko aukera eman diezaiekete, bestela ezingo luketen moduan. Agian bestela egin ezin dituzten irakurketetan parte hartzen utz diezaiekete. Litekeena da, halaber, hizkuntza-jatorriaz bestelako hizkuntza-jatorria duten ikasleei lagundu ahal izatea. Hala ere, ikasleek testuekin elkarreragin sakona izateari uzteko eta irakurtzeko eta pentsamendu kritikoa izateko gaitasunak galtzeko arriskua ere badago". Thomas Alexander Corbin eta Jack Walton (2025)
Erabiltzeko moduak (Irakasleentzako adibideak):
1. Ariketak eta jarduerak proposatzea: AAri eska dakioke gai eta maila jakin baterako jarduera desberdinak proposa ditzala.
2. Ikas-egoerak edo programazioak eratzeko: AAri eska dakioke gai eta maila jakin baterako ikasketa plan bat proposa dezan. Noski, proposatu duena irakasleak doitu eta bere erara moldatu beharko du.
3. Errubrikak sortzea: gelako jarduera baten ebaluazio irizpideak eta mailak eskaintzen bazaizkio errubrikak sortzen ditu.
4. Testuen zuzenketa: Bere kabuz testuak sortzeaz gain, tresnak dagoeneko idatzita daudenak zuzentzeko gai ere bada, hainbat irizpideren arabera. Interesgarriena da, zuzenketekin batera, zehatz-mehatz azaltzen duela zer zuzendu duen, ikaskuntza eta idazketaren hobekuntza erraztuz. Kontuan hartzen ditu falta ortografikoak, idazketa edo hizkuntza mota, testu formala edo informala den.
5. Klaseak planifikatzeko ideiak sortzea: Irakasleek curriculumaren ikaskuntza-helburuei heltzeko ideiak eska diezazkiokete AAri, eguneroko bizitzarekiko ezagutzak irakatsiko dituzten adibideen bidez, jarduera praktikoen ideiak edo elkarlaneko dinamikak, besteak beste.
6. Proiektuetarako hasierako ideiak lortzea: Hainbat motatako proiektuak hastean, hala nola saiakuntzen idazketa, ikerketa zientifikoko edo ikerketa artistikoko proiektuak, edo diziplinarteko proiektuak, ikasleak edo irakasleak, AA erabil dezakete abiapuntu gisa balio dezaketen ideiak lortzeko.
Oso gomendagarriak gida honetako:
3.1. PROPUESTAS PRÁCTICAS PARA ABORDAR ÉTICA E IA CON TU ALUMNADO (24. orrialdean)
ANEXO II. BUENAS PRÁCTICAS PARA LLEVAR AL AULA (34. orrialdean)
Ikasleekin erabiltzeko adibidea: ChatGPTrekin euskara lantzen eskolan
AA-tresnak aipatzeko moduak irakasteak gardentasunaren kultura sustatzen du. Gainera, aukera ematen die ikasleei beren jatorrizko ekarpenaren eta sortutako edukiaren artean bereizteko.
Hurrengo lerroetan, ikasleek iturriak aipatzeko erabil ditzaketen bideen proposamen bat aurkeztuko dugu, gizarte-zientzietan iturrien aipamenetarako eredu estandarizatu nagusia den APAren iradokizunetan oinarrituta:
• Azaldu txatbota nola erabili duzun: Zure lanaren sarreran edo metodoaren atalean, aitortu zer txatbot baliatu duzun, eta azaldu nola erabili duzun zure lanean nolabaiteko edukia sortzeko.
• Seinalatu aipuak eta eman haien iturriak: Zuzenean kopiatutako testu-zatia komatxoen artean aipatu. Jarraian, gehitu iturria eta data parentesien artean. Adibidez: “Dietak edo genetikak eragiten du gehiago hesteetako mikrobiotaren osasunean?” galderari erantzunez, ChatGPT-k erantzun zuen mikrobiotaren osasunean bai dietak bai genetikak eragiten dutela, eta erantsi zuen: “Genetikaren eta dietaren arteko eraginaren ulermena oraindik ikerketan dago, eta dietaren eragina moldagarriagoa eta garrantzitsuagoa dela uste da” (OpenAI, 2023). Erreferentzia: OpenAI. (2023). ChatGPT (2023ko martxoaren 14ko bertsioa) [O1 eredua]. https://chat.openai.com/chat
• Sortu sarrera bat bibliografian, formatu honetan: OpenAI. (2023). ChatGPT (martxoaren 14ko bertsioa) [LLM eredua]. https://chat.openai.com/chat • Gehitu eranskinean erantzun osoak, hala behar duenean, eta gehitu erabilitako promptak.
• Ahal denean, aipatu jatorrizko iturriak: AAk datu edo azterketa espezifikoak aipatzen baditu, jo jatorrizko iturrietara eta aipatu horiek.
• Aitortzarako ikonoak: Nahi bada, aitortzarako ikono berezituak erabil daitezke. Adibidez, hurrengo hauek: