1.3 Eguberrietako pertsonaien izaera eta itxura singularra da, berezia —elkarren arteko antzekotasunak izan arren— eta denek onartua.
Europaz ari gara eta Europatik sortutako kulturez. Batzuetan badirudi munduaren globalizazioa (kulturalki hitz eginda) azken 50 urteetan sortu den zerbait dela. Ezta urrik eman ere: garapen kulturalen globalizatze-abiada baino ez da aldatu, ez globalizatzea bera. Herri batean singulartzat jotzen duguna (kanta bat, ohitura bat, mito bat...) puntu bateraino baino ez da singularra, edo puntu batetik gora baino ez da singularra.
Gure solstizioko pertsonaiez ari garela, kontutan izan behar dugu inguruko kulturetan solstizioko pertsonaiak edo Eguberrietako pertsonaiak guztiz identifikagarriak direla, nahastu ezinak pertsona arruntekin eta asko ez bada ere, beti ezaugarri bereziren bat edukitzen dutela, singular bihurtzen dituena. Santa Klaus, Pere Nöel, Joulupukki... (ikus Europako opari ekarleen mapak) guztiz identifikagarriak eta bereziak dira, nahiz eta indartsuaren indarrez AEBtik hedatutako Santa Klausen ezaugarri ia guztiez jantzi diren. Antzeko zerbait gertatzen da Islandiako Yule Lads-ekin.
Bitxia da: Santa Klaus eta familia horretakoak herri germanikoetako Sankt Nikolaus pertsonaian eta tradizioan oinarritu ziren, baina urteen poderioz Sankt Nikolaus bera jantzi da Santa Klausen ezaugarriez. Baina denak dira identifikagarriak, ez genituzke gizaki arrunt batekin nahastuko. Ez itxuraz, ez irudiz. Gauza bera esan genezake Europako hainbat herritako Christkindl-i buruz (bere aldaera guztiekin) edo Hans Trappi buruz: istorio bat daukate eta itxura berezia. Gauza bera gertatzen da Italia aldeko Befana aztiarekin edo Errege Magoekin, jantzi bariatuak eraman arren beti baitakigu detaile batzuengatik noren aurrean gauden eta ez gaudela edozein jaitan topa dezakegun pertsona edo pertsonaia baten aurrean. Pertsonaia bereziak dira, singularrak, pertsona arruntetatik desberdinak.
Ezin izango ditugu saihestu solstizioko pertsonaien arteko oinarrizko antzekotasunak, baina herri edo herrialde bakoitzak bere berezitasunak gehitzen edo azpimarratzen saiatu da.