Gure asmoa
Webgune honekin gure Eguberrietako edo Solstizioko pertsonaia nagusiei (Olentzero eta Mari Domingi) oinarrizko irudi, itxura eta istorio-kontakizun ahalik eta bateratuenak emateko proposamen bat aurkeztu nahi dugu; gutxien-gutxienean alboko eta inguruko kulturetako erreferenteen parean jar gaitezen. Honi buruz egin diren ahalik eta ekarpenik gehienak bilduko ditgu.
Identitate anitzeko euskal herritarrek naturaltasunez barneratu dituzte pertsonaiok eta eurei atxikitako tradizio zahar eta berriak; euskal herritar askok eta askok euretarikotzat hartu dituzte. Euskal identitatearen marka bihurtzen ari dira pertsonaia hauek; lortu duten hedadura eta gizarte onespena eta barneratze maila beste ezer gutxik lortu du. Eta ez gaude holakoen soberan.
Izan ere, ez dira urte asko kultur sorkuntza kolektibo batean (kolektiboa= eragile askoren batuketa) hasi ginela: Eguberrietako pertsonaiak —aurpegiera anitzekoak eta txoko batzuetakoak baino ez zirenak— herri oso baten identitate-marketako bat bihurtzea, gure Euskal Herri txiki honetan unibertsal bihurtzea eta gure ezaugarri nagusiari, hizkuntzari jakina, atxikita joatea.
Giza ekimenek, ordea, euren kasara utzita, desberdintzera, dibertsifikatzera eta banatzera jotzen omen dute. Eta pertsonaia-tradizo hauekin ere antzeko zerbait gertatzen ari da. Alde handia dago komunikabide batzuetan edo lekuren batzuetan agertzen diren Olentzero eta Mari Domingi eta edozein herri edo auzo txikitan abenduaren 24an ateratzen direnen artean. Eta, zer esanik ez, are antzekotasun urriagoa dute oinarrizko istorioek zein historiek. Eta hori ez da gertatzen inguruan ditugun neguko solstizioko beste pertsonaiekin.
Gutxi gara eta txikiak gara munduan. Helburua ez litzateke izan beharko Olentzerorik berezienak eta “desberdinenak” edukitzea, baizik eta ahalik eta “berdinenak” izatea. Olentzero bera (edo bertsua) eta Mari Domingi bera (edo bertsua).
Horrela, bada, Olentzero eta Mari Domingi identifikagarriak, singularrak eta edonon antzezteko modukoak (gauzagarriak) behar ditugu; oinarrizko errelato edo istorio BAT behar dugu, denok transmitituko dugun bera. Sasoiz gaude. Topa dezagun hori eta ez gaitezen ibili etengabe aldatzen nor bere ereduaren bila. Eta, zeresanik ez, Mari Domingi pertsonaia berriarekin, oso-oso gutxi baitira Mendebaldeko folklorean dauden pertsonaia femenino autonomo eta indartsuak.
Webgune honetan beraz, alde batetik, orain arteko ibilbidea (dagoena) bilduko dugu, eta bestetik, gutxieneko ezugarriak adosten joateko iradokizun batzuk edo proposamen batzuk azaleratuko ditugu (“izendatzaile komunetako txikiena” behintzat).