2 Zeintzuk dira gure Olentzero eta Mari Domingiren berezitasunak (izaera, istorioa, historia) gaur egun?
2.1 OLENTZERO
2.1.1 Zer eta nolakoa izan da Olentzero, folklorean edo mitologian bildutako lehenego lekukotzetatik gaur egunera arte?
A) XX. mendearen erdi aldera arte
Olentzero folkloreko edo mitologiako pertsonaia bezala ez da izan bat eta bera denboran zehar. Eta batez ere ez da izan bat eta bera leku guztietan. “Etxek bere ohitura.” esaten zuen Axularrek XVII. mendean.
Olentzero pertsonaia alde etnografikotik aztertu dutenek orain ehun urte jaso zituzten Olentzero “zaharraren” aldaera guztiak. J. Caro Baroja, J. M. Barandiaranek, Lafittek, Esparzak eta hainbat ikerlarik jaso zituzten XX. mendearen hasieran Olentzeroz herritarrek han hemenka zeukaten irudia eta zuten errelatoa, kontakizuna. Azpimarratzekoa da J.M. Satrustegik egindako kanpo-lana, (Ikus Eranskina), tradizio “zaharraren” ikuspegi eta istorio posible guztiak hor omen baititu bilduta. Ez da harritzekoa Satrustegik bildu izana; izan ere Olentzero pertsonaia (eta izena bera seguruenez), dauden datuen arabera, Bidasoa inguruan sortu zen, edota han gorde omen da ondoen bere tradizioa, honetan kategorikoak ezin izan bagara ere. (J. C. Barojak aipatzen du —XIX. mende amaieran jaiotako informatzaileek kontatzen ziotenari jarraituta— Lesakan tradizio handikoa zen bitartean, handik kilometro gutxira, Arantzan esaterako, haren arrastorik ez zutela.)
Urtetan eta urtetan, herri edo txoko batzuetan gordetako tradizioa izaten jarraituko zuen baldin eta ikuspegi luzeko batzuen ekimenari esker honenbesteko arrakasta eta zabalkundea lortu izan ez balu.
Eboluzioa
Esan genezake Europako folkloreko beste pertsonaia askoren antzeko eboluzioa izan duela. Horra.
Pertsonaia izan baino lehen aroa bera omen zen tradizioaren eta izenaren beraren muina. Argi dago Eguberriak eurak solstizioko errito erromatarrekin eta paganoekin lotuta daudela, eguzkiarekin eta suarekin, eta, antza denez, sua eta olentzero-enborra edo subila pertsonaia bera baino lehenagokoak dira.
Momenturen batean Olentzeroren pertsonifikazioa gauzatzen da leku batzuetan eta, informatzaile batzuengandik jasotakoaren arabera, pertsonaia ikaragarria bezala aurkezten da, umeen aurrean batez ere. Umeak ikaratzeko erabiltzen omen zuten batzuek, bere igitaiarekin tximiniatik behera sartzen zelarik, gure arbasoek —Grimm anaiek herri ipuinak leuntzen hasi ziren arte— istorio gordinetarako eta ia sadikoetarako izaten zuten zaletasunari eutsita (J.M Barandiaranek bildutako ipuinak ikustea baino ez dago; edo europar literaturako Edurne Zuri eta holakoen jatorrizko bertsioak). Pertsonaia mitologiko guztiak bezala etxeetatik urrun bizi zen, baina edozein momentutan ager zitekeen gure artera.
Beste pertsonaia “gaiztoen” eboluzioaren antzera eta ia-ia indar exorzizanteak erabilita, leku batzuetan (lekukotza askorik ez dugu topatu honetaz) erre egiten zuten txontxongiloa zen eta ibilian ibilian, pertsonaia barregarria eta trufagarria bihurtu omen zuten (genuen), kantan adierazten zen moduan “buru handia” “entendimendu gabia”, “urde tripa handia”...
Pertsonaia tripazalea eta trufagarria izatetik herriko gaztetxoek puxka-biltzean edo eske kopletan ateratzen den pertsonaia izatera pausutxo bat baino ez zen egon, zein izan zen lehenago axolarik ez duelarik. Gaur egunean hainbat lekutan oraindik eusten diote puxka-biltzearen tradizioari Olentzero erabilita.
Ez dugu ahaztu behar, bestalde, kristau kulturak solstizioetako errito eta tradizioekin egin zuen bezala, bereganatu egin zuela, Olentzero Jesukristoren jaiotzaren iragarle legez aurkeztuta. Badirudi hau erlatiboki berandu gertatu dela, eta, seguruenez, puska-biltze edo “agilando” kantuekin lotuta egon daiteke.
Edozelan ere, XX. mendearen hasieran han-hemenka geure kulturari eta tradizioei eutsi nahian zenbait herritan talde batzuk saiatzen ziren Olentzero ateratzen baina ez omen zen oso ohitura zabaldua gure herrian (Lauaxeta poetak berak aipatzen ditu ahalegin mugatu eta urri haiek.).