1.2 Neguko solstizioko pertsonaiak eta tradizioak: ekimen baten ondorioa, eragindako zerbait
XIX. mendean Washington Irvingek ipuin bat idatzi zuen San Nikolas protagonistatzat hartuta (Ameriketara heldu ziren lehen migratzaile haien itsasontziko brankako irudia). Thomas Nast marrazkigileak errelatoa eta lehenengo irudia diseinatu zituen; eta Clément Moor-ek geroago pertsonaia osatu zuen, eta —hauxe da interesgarriena— aitortu zuenez Ipar Ameriketan bizi ziren herri eta nazio guztien tradizioak batuko zituen pertsonaia eta tradizio bat sortzeko. Berak idatzia, hitzez hitz hala ez bada, halatsu. Eta Santa Klaus horren erabateko zabalkundea behin betikoa 1931n gertatu zen, Coca Colak Santa Klausen diseinua finlandiar migrante batzuen seme bati enkargatu zionean (Haddon Sundblom). Berau, seguruenez, finlandiar tradizioko Eguberriko pertsonaietan oinarrituko zen.
Asmo, ekimen eta eragin batek sortu zuen; ez berez. Ez da izan betidanikoa. Gerora, jende askoren gustuek, erakundeek zenbaitetan, eta interesgune handiek beste batzuetan, egin zuten gainerakoa. Hala osatu zuten arrazoi askorengatik arrakasta unibertsala eduki duen folkloreko pertsonaia edo tradizio hau, mito bat esatea gehiegi baita..
Ez dugu hemen solstizioko edo eguberrietako pertsonaien disekzioa egingo. Parrafo hau zera azaltzeko izan da: tradizioek, ohiturek, mitoek... sorkuntza momentu bat dute, garapen bat izaten dute eta momenturen batean finkatu egiten dira eta ezaugarri batzuez janzten dira, gizaki edo ohitura arruntetatik bereizten dituzten ezaugarri batzuk hartzen dituzte. Hortik aurrera euren arrakasta eta hedapena hainbat faktorek baldintzatzen dituzte.
Baina denak bultzada eta eragin bati esker “bizi” dira.