3.2 Nola jantzi? Nolako itxura emon Olentzerori hori guzti hori ikusita?
Irizpideak
Orain ehun eta piku urte nolako itxura zuen eztabaidatzea alferrikakoa da; lekukotza grafikoak gutxi dira eta.
Nolako itxura eduki behar duen esatea oso handinahikoa da. Guk proposamen bat baino ez dugu ipiniko mahai gainean.
Ondoko proposamenean bildu nahi ditugu, alde batetik, orain arteko ibilibidearen oinarrizko elementu komunak eta, bestetik, horiei gehituko dizkiegu gure proposamenak.
Eguberrietako inguruko pertsonaiak bezala, Olentzerok pertsonaia singular legez honako ezaugarriak eduki beharko lituzke:
Identifikagarria izan beharko luke, hau da, ezin da nahastu edo mimetizatu folkloreko beste ezein pertsonaiarekin, ezta geure folkloreko beste edozein pertsonaiarekin ere.
Berezia eta bereizgarria izan beharko luke, hau da, Olentzero ondo bereiztu beharko genuke, jantzi “tradizionalekin” jantzita irteten den edozein gizonagandik.
Gauzagarria izan beharko luke, hau da, edozein herritan baliabide urri xamarrekin janzteko eta itxuratzeko modukoa izan beharko luke, betiere bere duintasuna eta maila galdu barik. Agian gure elementu bereizgarrienetako bat, Olentzerori eutsi diona, herri bakoitzean ateratzeko egin den eta egiten den ahalegina da eta hau oso kontuan izan beharko lukete komunikabide handiek, publikoek batez ere, euren ereduak proposatzean.
Horrelako ekimen bati ikuspegi lasai eta luzera begirakoarekin egin behar zaio aurre. Ez alde etnografiko hutsetik edo ustezko esentzien bila joanda. Izan ere, etnografiaz ari bagara azken 60 urteetako ohiturak aurreko 70-100 urteak bezainbesteko “etnografia” dira (eta oso gutxi barru tradizioa izango dira.).
Interes txiki eta handiak egon litezke eta beti gerta liteke nork bere ikuspegia inposatu nahi izatea. Ulertu egin beharko genuke egon, badaudela interes desberdinak, egindako inbertsioak, martxan dauden proiektuak (bai editorialek, bai merchandissing enpresek, komunikabideek, erakunde pribatuek zein erakunde publikoek egindakoak). Kontuan eduki beharko dira euren interesak eta kontuan izan beharko dugu zein mundutan bizi garen. Helburua argi izanda, baina.
Eta kontuan eduki beharko ditugu batez ere herriz herriko ekimenek dituzten mugak eta eduki ahal duten indarra (ez eurak bakarrik jakina). Izan ere, gure hainbat tradizio herri-ekimen kolektibo eta izengabearen bidez zabaldu eta errotu dira. Edo hori omen da euren eta gure identitate marketako bat.
3.3 Botere publikoen ahalegintxoa
Hemen aipatuko ditugun gomendioak edo proposamenak agiri-agirikoak irudituko zaizkigu agian; horixe izango litzateke onena.
Hemen aurkeztuko duguna zera da, Olentzero “atera” nahi duen edonorentzat (elkarte, herri, auzo) orientabideak eta aholku praktikoak bera janzteko.
Horrelako altxor konpartitu bat daukagunean, ondo egongo litzateke botere publikoek inbertsio txiki bat egitea Olentzero eta Mari Domingirentzako jantzi duin batzuk eta karrosa edo dena delako duin batzuk prestatzen, 24an segizioa antolatzen dutenek prest eduki ditzaten.