4 ITXURA-IRUDIA. itxura eta irudi bateratu baten bila. MARI DOMINGI.
4.1 Mari Domingiren itxuraren ibilbide laburra
Hemen dauzkagu leku batzuetako maridomingiak. (MariDomingi-itxura ppt)
Ikusten denez, Mari Domingi hezur-haragizko pertsonaia bera oso berria da eta hasieratik eduki ditu nahikoa finkatuta bere ezaugarriak. Merchandising-etik at, sekula ez da izan txontxongiloa eta sekulan ere ez da andatan eraman.
Buruko zapia izan da elementurik bereizgarriena, hori atontzean luzera eta forma desberdinak ikusten badira ere (albo batera uzten ditugu gehiegikeria teatralizatuak, bakanak dira-eta). Komenigarria izango litzateke, dena dela, buruko zapiaren forma finkatzea, formarik erosoenera eta errazanera joanda.
Ikuspegi historiko batetik begiratuta, hainbat ikerlarik esangura “falikoa” (sic) topatu diete zapiak janzteko moda honi. Estatus marka ei ziren. Antza denez, andrazko ezkonduenak zutikakoak eta laburragoak izaten omen ziren eta alargunenak luzeagoak eta beheranzko okerdura edukitzen zuten. Hori horrela izan zein ez izan, gaur egunean esangura hori galduta dago eta, beraz, errazenera eta erosoenera jo beharko genuke.
Jantzien koloreetan ez da batasunik ikusten, ia leku guztietan amantal zuria ikusten bada ere. Horrek amantal azpiko gonak kolore ilunekoak izatea eskatuko du.
Dena dela Mari Domingiren jantziak badauka zerbait Olentzeroren jantziek ez daukatena: berarentzat bereziki jositako jantzia izaten da, nekez osatu daiteke etxean dauzkagun arropa batzuk aprobetxatuta eta gutxi behar du aipatuak ditugun irizpideak betetzeko:
Identifikagarria izan beharko luke, hau da, ezin da nahastu edo mimetizatu folkloreko beste ezein pertsonaiarekin, ezta geure folkloreko beste edozein pertsonaiarekin ere (istorio grafikoetan sorginak agertzen dira horrela jantzita).
Berezia eta berezigarria izan beharko luke, hau da, ondo bereiztu egin beharko genuke Mari Domingi jai batean jantzi “tradizionalekin” jantzita irteten den edozein andrazkogandik.
Gauzagarria izan beharko luke, hau da, edozein herritan baliabide urriekin janzteko eta itxuratzeko modukoa, beti ere bere duintasuna eta maila galdu barik.
Eta hau, nahiko lortuta dago gaur egunean.