B) XX. mendearen erdialditik XX. mendearen amaierara arte
Xehetasun handietan edo ñabarduretan galdu gabe, esan dezakegu 60-70eko hamarkadetan gertatu zela Olentzeroren jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa. Baten bati edo baten batzuei bururatu zitzaien ikaragarrizko aukera genuela gure Olentzerorekin, Eguberrietako oporren hasieran geure opari ekarlea edukitzeko; Hegoaldean erregeak eta euren opariak eskola oporren azken egunean heltzen ziren-eta; beranduago. Oso agerikoa da Olentzeroren arrakasta eta zabalkundea opari-ekarlea denetik eta umeen munduari lotuta agertu denetik hasi dela. Eta ez dezagun ahaztu: gustuko izan zein ez, eguberrietako pertsonaia guztiak herritarren oparien kulturarekin batera zabaldu dira. Hori berria zen gure artean, Olentzero ez baitzen inoiz opari ekarle izan, baina egokitzen jakitea oinarrizkoa izaten da gurea bezalako kultura gutxituentzat.
Ikus ditzagun, bada, lehen fase honek gehitu dizkion ezaugarriak:
1) Opari ekarlea Euskal Herriaren Hegoaldean
Lehenengo sasoian (diktadurapean) ikastolak izan ziren ikuspegi berriaren hedatzaileak, zabaltzaileak. Olentzero opari ekarlea izaten hasi zen.
Horren ondoan kantak berak adierazten zuen moduan Olentzero Jesusen etorrera iragartzen zuen morroi bat zen, gure artean hain errotuta egon den tradizio kristauari lotuta. Beste alde batetik, ez dugu ahaztu behar osagarri kristau hori gabe, nekez onartuko zituztela orduko agintari faxistek Olentzero kaleetan zehar ateratzea. Jesusen jaiotza iragartzen zuen, hau azken urteetan gizartea laikotzearekin batera ia guztiz ezabatzen joan den arren.
Honekin ez dugu esan nahi Olentzero ospatzen zuten guztiek berehala onartu zituztenik Olentzeroren beste funtzio hauek, gaur egunean oraindik eusten baitiote Olentzero herrian antzezteko eta irudikateko ohiko moduari.
Hegoaldean Errege Magoak errotuta eta indartsu zeuden, eliza-taldeek eraginda batetik, eta erregimen frankistako estrukturek ere bestetik. Olentzero abertzaleen munduko zerbait zen (gaur egunean ez da), baina lehia zitekeen Errege Magoekin; opari ekarle moduan, ez, artean, ikusgarritasunez. Oporren hasieran izateak (Père Nöelen egun berean) plus bat ematen zion. Eta apurka apurka gero eta jende gehiagok bereganatu zuen oparietarako ohitura hori.
2) Iparraldean
Gure euskal mundu txikiarentzako zerbait orokorra, denontzakoa, osatu nahi dugunean, ordea, ez ditugu ahaztu behar Hegoaldeko eta Iparraldeko errealitate desberdinak honi dagokionean.
Iparraldean, abenduaren 25erako badute opari ekarlea. Père Nöel edo Bizar Xuri zen opari-ekarlea abenduaren 25ean. Eta hau ere errotuta zegoen. Eta berarekin lehiatzeko askoz aukera gutxiago eduki ditu Olentzerok opari-ekarle moduan. Ez dakigu hori izan den arrazoia, baina Olentzero pertsonaia argiaren ekarle moduan aurkezteko saio batzuk egin dira: mundura argia ekartzen duen pertsonaia mitologikoa, eguzkiaren eta suaren sinbologiarekin lotua; berez hala ez balitz ere, polito ekarritako ideia. Euskal Herri osorako balio dezakeen eredu bat aurkeztekotan, ez ahazteko zerbait da.
3) Giro politikoa
Aldi berean giro politikoak eraginda erreibindikazio politikoekin lotutako Olentzeroren izaera lausotu bat bultzatzen zuten batzuek, sarri Olentzero “despolitizatu” bat defendatzen zutenekin lehian. Baina adierazpen edo agerpen horiek ez zuten Olentzero mitoaren edo pertsonaiaren errelatoa landu edo aldatu.
4) Literatura eta zinea
Literaturaren ordua heldu zen (ahozko transmisio batetik idatzizko batera pasatu ginen arineketan) eta Olentzero gure mitologian txertatzeko ahalegin interesgarriak egin ziren, Olentzero mitologia zaharrarekin eta desagertu ziren jentilekin lotzen zuena, kasu: Olentzero azken jentila omen zen eta Kixmi jaioa zela iragartzera etorri zen baso ezkutuetatik gure artera.
Zinera eraman zenean beste hainbat ezaugarri, “laguntzaile” batzuk eta istorioak gehitu zitzaizkion. Istorioak izan dira, ipuinak, zilegikoak denak, baina ez oinarrizko errelatoa.
5) Segizioak aberasten.
Herrietan gero eta segizio aberatsagoak osatzen joan gara eta gero eta ohikoagoa izaten da herri eta auzo guztietan Olentzero ateratzea.
Hainbat herritan andatan ateratzen zen txontxongiloa zein haragi-hezurrezko ohiko pertsonaia izan da. Iruñean, besteak beste, 60ko hamarkadatik aurrera segizio aberatsa ateratzen hasi ziren, andatan eramandako txontxongilo batekin (Lesakatik ekarritako txontxongiloa hasieran). Baina 70ko hamarkadatik aurrera gero eta leku gehiagotan ateratzen zen, andatan barik oinez zein asto gurdi batean.
6) Komunikabideetan
EITBren lehenengo Olentzerok iturri askotatik edan zuen janzkeraz eta itxuraz, nahiz eta urteak aurrera joan ahala gero eta gehiago joan den urruntzen besteok erabiltzen ditugun ereduetatik.
7) Umeen munduarekin lotuta
Eta aldatuz aldatuz, umeen munduan eta imajinarioan sartzean, pertsonaia leuntzen joan da “entendimentuz jantzia” bihurtuta. Gainerakoa literaturak eta “herri” nahiak egin du.
Eta umeen munduarekin lotuta heldu zen XX. mendearen amaierara.
(*) Olentzeroren generoa: ia-ia galdera moduan planteatu dute batzuek; oraintsu (2023an idazten ari gara orri hau). Oso zirkulu gutxitan gauzatu da honelako zerbait. Dena birplantea daiteke, dena da-eta sorkuntza noizbait, baina guk ez dugu uste gure energia urriak gastatzeko moduan gaudenik Olentzeroren generoa modu nabarmenean birplanteatzen, batez ere Mari Domingiren aukera paregabea (eta gero eta zabalduagoa) daukagunean. Bien arteko parekotasuna lortzea geure esku dago.
C) XX. mendearen amaieratik XXI. mendearen hasiera
Olentzero orokortu, unibertsalizatu egin da gurean. Ez hainbeste itxura eta errelatoa, kontakizuna. Pertsonaia bera bai.
Ia ume guztiek eta euren familiek ezagutzen dute pertsonaia eta estimatu egiten dute, den-denek euren opari-ekarle nagusitzat ez badute ere. Eta umeen atzetik senideak datoz. (Hark esaten zuenez, “Norberaren aberria haurtzaroa da.”)
Euskal Herriko herri eta auzo ia guztietan euren Olentzero paseatzen dute, batzuetan herri ekimenaren eskutik (kultur taldeak), beste batzuetan udalen eskutik (herri ekimenarekin batera, normalean). Euskeraz ikasten den eskola guztietan presentzia indartsua dauka, oraindik Mari Domingiren presentziarik gabe gehienetan.
Merkataritzan “saldu” egiten omen du eta horrek poztu egin beharko gintuzke. Bai, kontsumismoaren mundua da, baina edo hor bizi gara edo ez gara izango, erresistentzia-nukleo txiki batzuetatik harago.
Gure komunikabideek itxura bat eman diote, ezen ez istorio komun bat. (*) Filmeak egin dira, milakak ikusi dituztenak eta Olentzeroren istorioak idazten joan dira. Olentzeroren parke tematikoak sortu dira milaka bisitarirekin. Beste pertsonaia mitologiko “ahaztu” batzuk joan zaizkio batzen Olentzerori, horiek ere era batera edo bestera, gure kultur tradizioarekin lotuta. Gure mitologia propioa berreskuratzen eta janzten joan gara, gero eta ezagunagoa bihurtuta, baina, Olentzeroren kasuan behintzat, errelato bateratua lortu gabe (oinarrizkoa, pertsonaia guztiek daukatena) eta, aurrerago ikusiko dugunez, itxura bera ere bateratzea lortu gabe.
(*) Azpimarratzekoa da komunikabideek daukaten garrantzia. Alferrikakoa izango dugu gure Olentzero Santa Klaus edo Père Nöelen bestelakoa dela esatea, Santa Klausen ilea eta Santa Klausen bizarra ipintzen dizkiogu, esaterako.