2.2 MARI DOMINGI
2.2.1 Nor eta nolakoa izan da Mari Domingi folklorean bildutako lehenengo lekukotzetatik gaur egunera arte?
Mari Domingiren historia, alde horretatik, oso laburra da. Julio Caro Barojak aipatzen du jaiotza batzuetan ikusita zeukala andrazko arlote xamar baten figuratxoa, Jesus adoratzera joaten zena. Mari Domingi zela kontatu zioten informatzaile haiek. Nahiko itxura narrasa omen zeukan eta besterik ez da agertzen folklorean gabon kantatik aparte. “Horra Mari Domingi begira horri, gurekin nahi duena Belena etorri... Gurekin nahi badezu Belena etorri, atera beharko dezu gona zahar horri...” Gona zaharra daukan andrazkoa (adinduna?), ez aberatsa, Belena adoratzera edo zerbait eramatera doana.
2.2.2 Gaurko Mari Domingi: asmazio interesgarri bat XX. mendearen amaieran.
Tradizioak eta mitoak etengabe sortzen ari gara. Batzuek arrakasta dute eta beste batzuek ez. Baina, ezaguna denez, tradizo eta mito berriek euren zain, eurak desiatzen edo eurekin sintonizatzen duen jende multzoa behar dute. Eta Mari Domingi edo horrelako norbait beharrezkoa zen gizonezko pertsonaiez beteriko mundu honetan, solstizioko tradizioetan batez ere.
Guk dakigunaren arabera Mari Domingi lehenengoz Olentzerorekin batera Donostian atera zuten 1994an. Baten baten burutazioa izango zen, nonbait, eta ederto ekarria: andrazko baten presentzia zentrala Eguberrietako tradizio eta errituetan. Momentu egokia izan zen andrazkoaren mendearen atarian eta autentizitate pittin bat ere galdu gabe pertsonaia femenino autonomo eta indartsu bat izateko aukera aurkeztu zitzaigun. Itxuraz oso identifikagarria, arin hedatu da eta, horra! Europa osoan Eguberrietako edo Neguko Solstizioko pertsonaien artean andrazko autonomo bakarretakoa da, Italiako Befana, herri germanikoetako Frau Perchta, edo Christkindl-en aldaeraren bat edo beste kenduta, Santaren “emazteak” beste rol eta motibazio batzuk baititu. Landu eta indartu beharko genuke denon artean eta ez galdu lotura emozional kolektibo bat sortzeko aukera hau.
Mari Domingiren presentzia oso arin hedatu da Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban; Nafarroan eta Iparraldean gehiago kostatzen ari da bere irudia Olentzerorekin batera ikustea. Baina badoa, antza. Arrazoiak askotarikoak izan daitezke eta guk geuk ez genuke jakingo zehazten. Alde batetik leku batzuetan “esentziak” gorde beharrak eraginda izan liteke (urte askotako esentziak izan zein ez). Baina EITBn ere gabonetako spotetan 10 urte baino gutxiago dira Mari Domingi Olentzerorekin batera agertzen hasi dela.
2.2.3 Errelatoa, kontakizuna eta izaera oraintsura arte
Mari Domingi historiarik gabe heldu zaigu XXI. mendera, eta behar du. Oso rol “menpekoa” eman diogu zenbaitetan, Olentzeroren alboan, emakume tradizionalaren rolean. Haurren imajinario sinplean, inork horretaz ezer idatzi ez badu ere (guk dakigula) Olentzeroren “nobia” omen da edo asko jota, laguntzailea. Batzuetan eskutitzak jasotzen ditu. Beraren agerpenak ere Olentzerorekin batera izan dira, biak bietara, bikotea balira bezala eta rol sekundario batean. Egia esan, azken (azken) urteetan bigarren mailako presentzia ez izatea askoz gehiago jagoten da.
Denak izan dira asmazioak. Eta ez dator gaizki wikipedian Mari Domingiz baten batek osatu duen errelato koherentea:
"No es ni la mujer ni la ayudante de Olentzero, sino que ambos realizan la labor de repartir los regalos en Navidad. Mari Domingi se describe como una pastora y agricultora conocedora de la tierra y sus secretos, así como el recorrido del sol y las fases de la luna así como el uso de las diferentes plantas medicinales. Vecina de Olentzero, ambos se ayudan mutuamente. La señora, tiene gusto por la manzanas y las prefiere asadas por lo que se marca que los niños suelen dejarle unas cuantas antes de ir a dormir la noche de Navidad." (gorriz azpimarratutakoa geuk egindakoa da)
Edozelan ere Mari Domingiren beharrizanaren aldeko argumenturik onena eduki duen hedapen azkarra izan da.