3 ITXURA IRUDIA. Itxura eta irudi bateratu baten bila. OLENTZERO
3.1 Zein izan da Olentzeroren irudiaren eboluzioa XX. mendearen erdialdetik hona?
Ondoko aurkezpenean bilduta ditugu leku askotako eta hainbat herritako olentzeroen itxurak. Ikusi Olentzero-itxura dokumentua
Bertan ikusten denez, badira ezaugarri batzuk errepikatu egiten direnak. Dena dela, aldaketak ikusten dira, eboluzio etengabe bat Olentzeroren itxura “dotoretu” nahian, batzuetan ikusgarritasunaren bila, beste batzuetan eguberrietako beste pertsonaiekiko parekotasunaren bila, beste batzuetan bereiztearen bila.
Sarri entzun izan diogu bati baino gehiagori Olentzero horrela eta horrela jantzi izan dela. Betidanik, bizitza guztian. Izan liteke memorian gordeta dugun denboran, baina horrelako baieztapenak oso ahulak dira berez, gure ustez. Beste alde batetik, pentsatu, ikuspegi praktikotik pentsatu behar dugu; izan ere, baliabide urriak dauzkagunean praktikoak izatea ezinbestekoa da.
Normalena leku gehienetan, Olentzero pertsona zein txontxongiloa izan, eskura eduki ditugun arropekin jantzi izan dugu, erraz lorteko moduko jantziekin, “euskal” itxurakotzat ditugun janzkera horiekin. Kontuan izan behar dugu, gainera, berandu xamar baino ez direla hasi herri-erakundeak inplikatzen ekonomikoki Olentzeroren antolakuntzan eta baliabideak jartzen, Errege Magoen kabalgata ikusgarriak (gaur goizekoak hauek ere) berdindu nahian (Hegoaldeaz ari gara).
Alferrikakoa da orain eztabaidatzea euskal baserritar brusa euskalduna den edo Valenciatik datorren, edo zergatik hartzen ditugun espartinak euskal dantzarien ohiko jantzitzat, euren jatorria kanpokoa izanda. Moda ez da gaur eguneko asmakizuna; aldaketaren abiada baino ez da kontua. Eta globalizazioa oso kontu zaharra da.
Hau esanda, herrietan irteten diren olentzeroak ikusita...
… ezaugarri batzuk errepikatzen dira.
… denboran zehar leku berean ezaugarri horiek alda daitezke, edo nonbaitetik kopiatzen direlako edo antolatzaileek hobesten dituztelako.
… badirudi detaile edo ukitu batzuk onarpen handiagoa lortzen ari direla, denboran zehar.
… badirudi joera bat dagoela Olentzerori itxuraz ere duintasun, dotorezia eta ikusgarritasuna emateko, batez ere horretarako baliabideak dituzten lekuetan.
… leku gehienetan autentizitatea, jatortasuna (erreala zein asmatua), gorde nahi izan da.
… ez da lortu guztiz herri gehienetan Olentzerori jai giroko gizonezko “arruntetatik” bereiztea. (Oso argigarria izan zen orain urte batzuk EITBk sortu zuen spota, zeinetan ume kuadrilak korrika irteten baitziren lepoan zaku bat zeraman edonoren atzetik.)
… orokorrean berrikuntza gehiegi ez sartzearen aldekoak izaten gara; baina batzuen ustez leku batzuetan galga-puntutik pasatzeko arriskuan egon gara.
Bueno, ba... hori guztia kontuan izanda, eman dezagun beharrezkoa den beste urrats bat.