3.4 NOLA JANTZI OLENTZERO? PROPOSAMENAK
a) Gizonezkoa da. Zahar itxurakoa edo heldua behintzat.
b) Ilea: ez laburregia ez luzeegia.
Alde batetik ile orrazkera konplikatuak eta bereziak saihestu behar dira.
Beste alde batetik ia inon ere ez dute erabiltzen Bixar Zuriren edo Santaklausen bizar eta ile luze zuri kizkur eta apaindu hori. Baztertu beharreko zerbait litzateke beraz.
Ilea: grisa.
Alde batetik horrretxek izan beharko lukeelako koherenteena pertsonaiarekin. (Ez dakigu zenbat, baina urte asko ditu.) Ile zuriak SantaKlausen leinukoekin lotuko luke. (Eta ez litzateke bat etorriko ikazkina izatearekin.)
c) Bizarra: grisa, ez oso luzea.
Zuria ez, ez nahasteko Nöel familiakoekin eta, gainera berezko bizarra zein ordezko duinak erabiltzea erraztu egingo du honek
Bizar beltza baztertu egingo genuke: ez da gaztea; bizar beltzak aurpegi beztuan ikaratu egiten ditu ume txikiak.
Bizarra dela-eta: bizarra, benetakoa zein ordezkoa, oso baliabide praktikoa da Olentzero jantzita irteten denaren nortasuna ezkutatzeko edo mozorrotzeko, ez baita oso zentzunezkoa istorioak asmatzen egotea gero kaleko jantziaz Olentzero aita, gurasoen laguna, auzokoa-edo dela ikusi eta haurrek ezagutzeko modukoa izateko. (Bizarra orokortu egin da, nahiz eta kantak horren aipamenik ez egin.)
Aholku praktikoak:
Bizarra eta ilea ordezkoak, artifizialak, erabiliz gero, gaur egunean badaude hainbat itsaskin berezi batekin egiantza ematen dutenak (hona hemen link batzuk)
Bizar beltza urdintzea oso erraza da. Hona hemen aukera batzuk.
d) Txapela
Txapela ezinbesteko elementua da. Ikusi ahal izan dugunez, leku batzuetan ikazkinek janzten zuten zakua eta txanoa erabili izan dute, baina, koherenteagoa izan arren, ez du arrakastarik izan eta ez luke mereziko honi buelta gehiago ematea. Txapelak lotzen du gehien "euskal" izaerarekin.
Proposamen bat txapela dela eta:
Ohikoa izaten da Olentzeroren segizioetan gizonezko gehiago joatea eta asko baserritar jantzita joatea, txapela eta guzti. Ez litzateke gaizki egongo bere txapela grisa izatea, besteetatik bereizteko. Hau zailagoa da edozein etxetan edukitzea, baina bereizte aldera ona izan liteke.
Aholku praktikoak: Interneten nahiko merke topa daitezke, baina txapelak saltzen dituen herriko edozein dendak lor dezake.
e) Jantzia:
Oreka gordetzea komeni da: alde batetik basotik datorren pertsonaia da, basotik eta basoan bizi da; bestetik, jaiegunetan etortzen da, zerbait ekartzen (argia, argitasuna, mezuak zein opariak ekartzera dator gure artera)... Jantziek ere oreka hori gorde beharko lukete.
Hasi gaitezan elementu onartuenetatik:
Abarkak: gomazkoak, behea bustita egon daiteke.
Artilezko txapinak. Luzeak ia belaunetarainokoak dotoreago.
Prakak: normalean mahonezkoak, baina grisak edo milamarrazkoak ere izaten dira.
Baten bat aukeratzekotan, mahonezkoek dirudite erabilienak.
Praken luzera: erosoenak belaun azpirainokoak dira, txapinekin lotu daitezkeenak; orkatilerainokoek poltsa eta zimur gobernagaitzak sortzen dituzte.
Prakak dotoretzeko eta bereizteko ideia erraz batzuk (adabaki dotoreak, zenefa batzuk, ponpoiak).
Gerrikoa: kolorekoa: beltza, gorria, zein berdea erabiltzen dira.
Eta, kontuan izanda gorria dela Nöelen familiakoen kolore identifikagarria (gaur egun) gerriko berdearen alde egingo genuke (berde klasikoa, ñabardurarik gabekoa).
Alkandora: zuria ia orokorra da. Mao lepokoa. Argitasuna ematen dio pertsonaiari. Lihozkoa izaten zen klasikoa.
Txalekoa: ez-beltza ikusten da gero eta gehiagotan, dotorezia emate aldera edo.
Gorriak sarri ikusten dira baina jaietarako erabiltzen diren txaleko “dotore” eta loratsuak ere oso biziak izaten dira, Olentzerok gure moduan aldatzeko arropak edukitzen ditu-eta. Horien alde egingo genuke txaleko beltzaren ordez.
Ardi larrua. Elementu bereizgarriena eta identifikagarriena: ardi-larruzko kapa, jaka luzetxo zein bizkar gainekoa.
Bildutako irudietan ikus daitekeenagatik (ikus Olentzero-itxura ppt) larruzko osagarri hau guztiz zabaldu da eta, brusa beltzaren gainean zein ez, orokortu egin da elementu identifikagarri moduan. Ezagutzen dugun lehenengo Olentzero figuratxoa, CAN-ek ateratakoa, horrela agertzen zen, jaiotzetako “artzainaren” antz handia bazuen ere. Nafarroan ateratako txontxongiloak hasieratik jantzi dituzte ardi-larruz.
Ardi larrua: ardi latxarena, luzea, ez kizkurra (ez bildotsena). Ardi larru sintetikoz egindako txalekoak ikusten dira zenbaitetan, baina jaso ditugun informazio batzuen arabera, sarri izaten da ez dutelako jakiten naturala nola lortu eta nola moldatu.
Batzuek ardi-larrua iruntzietara jantzita eramaten dute sorbalden gainean (inpermeabilizantea ere bazen eta) baina ikusgarriagoa da latxaren ile luzeak ikusten direla.
Ardi larruaren luzera: ez laburregia ez luzeegia. Ipurdi alderainokoa edo (Eitb-k ateratako lehenengoak ia beherainoko ardi-larruzko kapa ikusgarri bat janzten zuen, baina hau gutxiren esku egon daiteke eta behe aldea asko zikintzen da kalean.) Alde batetik erosotasunagatik eta beste alde batetik marrazkietara eramatean 3D marrazkiak hobe gobernatzeko (Olentzero beti bat izate aldera, marrazkietan, animazioetan, merchandising-ean zein bizi-bizian.).
Agumentazioa: animalia-larrua janzkera moduan hain nabarmen erabiltzea dela eta inork ezer aurpegiratuz gero, argi dago ez ditugula hiltzen ardiak geu janzteko; gauza bera gertatzen da oinetakoekin esaterako.
Alde praktikoak:
Ardi larrua non-nola lortu eta nola atondu
Ardi-larruzko jakea: nola josi 2 ardi larru erabilita.
Lepoko zapia: koloretsuaren alde.
Ohikoa izaten da Olentzerori lepoko zapia janztea. Askotan, eskuren dagoena koadrodun zapi urdinska izaten da. Hori baserritar jantzita irteten garenean edo jaietan irtetean erabiltzen duguna da. Aukera bat izan liteke, baina hori lanerakoa-edo izaten zen. Hainbat lekutan lehen erromerietarako sarritan erabiltzen ziren eta orain gero eta gehiago zabalten ari diren lepoko zapi koloretsu eta zabalak erabiltzen hasi dira hainbat lekutan. Guk horrelakoen alde egingo genuke, pertsonaia biztu eta jantzi egiten dute eta.
f) Gainerako arropa:
Brusarik? Guk geuk ez genuke proposatuko hau erabiltzea.
Esana dugunez, pertsona zein txontxongiloa jantzi behar izan ditugunean eskuren daukaguna erabili dugu. Baina denok gauza bera egiten badugu, Olentzeroren segizioetan hainbat pertsona ikusten ditugu “Olentzero jantzita”. Horrek kendu egiten dio gure Olentzerori Eguberrietako beste pertsonaiek daukaten berezkotasuna: singularrak izatea.
Beste alde batetik pertsonaia brusa beltzez, urdinez zein marradunez, zapia eta txapela jantzita ez litzateke asko bereiztuko Celedonengandik edo edozein feriatan edo euskal jaitan dabilen edozein gizonezkogandik. Ardi larrua izan daiteke bereizgarri nahikoa? Kontuan izanda Olentzeroren segizioetan oso ohikoa izaten dela deiadarrak jotzen doazenak ere brusa beltza eta lepo gaineko ardi larrua janztea, beste jantzi baten alde egingo genuke.
Egia esan, brusa beltza da erabiliena (eskuren dagoena) baina beste aukera batzuk ere ikusten dira gero eta gehiagotan, bereizte aldera. Gasteizen, oker ez bagaude, alkondara zuria edo koadroduna eta txalekoaren gainean kapa batez janzten dute (eta azken urteetan horren gainean ardi-larrua). Herri batzuetan txontxongiloa egurgile alkandora kuadrodunaz janzten dute. Eitb-ko azkenak kaiku kolore bizikoa darama eta beste leku batzuetan kaiku dotore bat prestatu diote, kolore berdez edo. Ez du gaizki ematen kaiku batek ardi larruaren azpian. Beti ere kolore bakarrekoa, “modetatik kanpokoa” urtero aldatzen ez dena eta Santari gorriak ematen dion singulartasuna emango liokeena. Urdina ez. Kaiku berdea izan liteke?
Alde praktikoak: kaiku baterako ideia batzuk.
g) Aurpegia eta ikatza: neurriz.
Ikazkina da (edo ikazkina zen) baina jaietara dator. Ikatz arrastoak dauzka aurpegian baina ebitatu egin beharko litzateke aurpegia osoa guztiz beltz lagatzea (alde batetik ikaratu egiten dituelako ume asko guztizko beltz-beltzak eta bestetik itzel kostatzen delako alkondara zuriaren lepotik pintura beltza kentzea).
h) Lodia edo lodi itxurakoa? Tripa handia? Ez derrigorrez gaur egun. Ezta kontrakoa ere.
i) Aldean daramatzan osagarriak.
Makila (luzea).
Makilak, nolabait, aginte kutsua edukitzen du gure artean. Urritz makila izaten da erabiliena, baina ahal dela makila arruntetatik bereiztuta hobe. Iradokizunak: urki makila edo zuriz margotutako urritz adar lodi xamarra.
Kriseilua: makilatik eskegita zein ez, ezinbestekoa du, argiaren ekarle ere bada eta.
Alde praktikoak: su itxura emateko lanparatxoak eta kriseiluak lortzeko (herriko burdindegietan lortzen ez badituzte) link batzuk.
Zakua lepoan eramaten du, baina asto-bastetan ere izan daiteke; edo erosotasunagatik bandoleran ere izan liteke (Baionan behintzat ikusita daukagu).
Iradokizuna: argiaren edo argitasunaren ekarle rola azpimarratzeko, oso egokia da linterna indartsu bat zaku barruan piztuta uztea.
Sua eta enborra:
Olentzeroren gurdietan zein harrera lekuetan, ezinbesteko jostailuen ondoan enborrak —gabonetako enborrak, subilak— bere lekua eduki beharko luke. Besterik ez bada ere jaiaren jatorriarekikiko loturaz pentsatzen laguntzeko (nagusiei).
Kostea: Olentzero goitik behera horrela janzteko inbertsnoa.
XXXX estimatzen dugu. Hau herri erakundeentzat ez da beste munduko inbertsioa (inbertsioa litzateke eta).
Atrezzoan
Olentzero kanta tradizionaleko elementuak nahikoa erraza da topatzea (arrautzak, kapoiak edo oilo handiak, gezurrezkoak, jakina). Zahagia sarritan dantzari taldeek edukitzen dute (zahagi dantza egiten dutenak).
Iradokizunak: guk dakigula, Iruñea aldeko folklorezale batzuk gozogintzarako produktu moduan “subila” sustatu nahian ibili ziren; ez dakigu inon arrakastarik eduki duen. Ea norbaitek egiten dion aurre erronkari.