2.1.3 Gutxieneko kontakizunaren bila. Proposamen bat.
Hemen proposatzen duguna ez da ipuin bat, Olentzeroren oinarrizko errelatoa baino. Mitotik gertuago beraz. Ez gara "izan dena"ri buruz ari, gaur eguneko ikuspegiari lotutako kontakizunaz baino. Gurasoek seme-alabei transmititu diezaieketeena, oinarrizko transmisioa, bakoitzak apaindu eta aberastu dezakeena. Eta, jakina, ahalik eta ikuspegirik gehien eta ekarpenik gehien batzen dituena. Oinarrizko errelato onartu horretatik (proposamena da) abiatu beharko lukete istorio eta ipuin guztiek, Santa Klausen kasuan, esaterako, gertatzen den moduan. Fikziozko pertsonaiei ere koherentzia eskatzen zaie.
Eta beste kontu garrantzitsu bat: ez diezaiegun ziurtasunez beteriko istorio bat transmititu, horrek saihestuko baititu “egia” deskubritzen dutenean sortzen zaizkigun egoera deserosoak (inork ez ditu engainatu). Transmititu diezaiegun zerbait koherentea. Berreskuratu dezagun OMEN (edo EI) hori antzinako lekukotzetan egiten zuten bezala: egoten DA (=ikusten duguna); egoten OMEN da (=entzunda duguna, ikusi ez duguna).
Ezer berririk ekartzen ez badugu ere, hona hemen ikuspegi guztiak batuz trasmititu dezakeguna.
Oinarizko istorioa eta historia (proposamena)
Olentzero jentil bat omen da. Azken jentila. Jentilak aparte bizi ziren andra-gizonak ziren, langileak, indartsuak eta jakintsuak. Jentilak kobazuloetara itzuli zirenean bera geratu zen gure artean.
Urte asko ditu baina ez dakigu zenbat.
Basoan (edo herritik kanpo) bizi omen da eta basoan arbolen adarrak erabilita ikatza egiten omen du, egur-ikatza. Horregatik edukitzen du aurpegia belztuta. Antzina, egur-ikatza beharrezkoa zen gure etxeetan, kalean.
Basoan sarri ibiltzen denez, ezagutzen ditu basoan zein leizeetan bizi omen diren beste pertsonaiak (Basajaun, Mari, Tartalo, iratxoak, laminak...). Horiek mendiaren eta basoaren zaintzaileak dira.
Basoan bizi omen da, baina Euskal Herrian zehar etxe bat edo beste dauka eta hor egoten da batzuetan.
Urtero-urtero, Eguberrietan, Euskal herriko herri guztietara etortzen da, gehienetan lagunduta: Mari Domingi, galtzagorriak, astoa....
Gaur egunean batzuek diote guri argia ekartzera etortzen dela, gauzak diren moduan ikus ditzagun; bake mezuak ekartzen ditu, elkarri laguntzeko mezuak batez ere.
Sinestunentzat: Urteberria, eguzki berria edota Jesusen jaiotza iragartzen omen du.
Eta... abenduaren 25ean goizean gure etxeetan agertzen diren opariak berak ekartzen omen ditu.
Galdera batzuei erantzunez:
Leku batzuetan gaztetxuek andatan ateratzen dituzte txontxongilo batzuk Olentzero irudikatzen dutenak, eske kopletan. Eta beste hainbat tokitan gizonezko batzuk Olentzero mozorrotzen dira Olentzerorentzako omenaldi bezala.
Kantan esaten da pipa daukala eta oso tripontzia dela. Hori lehen izaten zen, zu jaio baino lehen. Gaur egun ez du erretzen eta zaindu egiten du zer jaten duen, oso zuhurra da eta.