4.2 Nola jantzi Mari Domingi?
Ez luke gaztea eman beharko, baina hori dauden bolondresen araberakoa izango da. Dena dela, ez litzateke gaizki egongo zahar itxura emateko makillaje apur bat egitea.
Buruko zapia zuria beti eta, esana dugunez, erosotasunagatik eta erraztasunagatik, ez oso luzea eta goiko muturra erortzen ez dena.
Lepoko zapirik ez du eramaten normalean. Izan ere, buruko zapiarekin bat egiten duen oihala izaten baitu sorbalden gainetik.
Ikusi: Nola prestatu Mari Domingiren buruko zapia.
Amantal zuria nahiko orokorra izaten da.
Jantzia
Atorra eta gona kolore berekoak izaten dira gehienetan. Ez derrigorrez. Zaila ikusten dugu kolorean ados jartzea eta suposatzen dugu Santa Klaus bezalako pertsonaiekin gertatu zen bezala, denboraren poderioz-edo komunikabideren batek emandako irudia orokortzea. Edonola ere, zuria ez, ikusi ditugun horrelakoek mamu-kutsua edo ematen diote eta.
Apaingarri batzuk ere egiten zaizkio eta kolore bakarreko jantzia edukiz gero, batzuek goiko aldetik zeharkatu egiten den banda zuri bat erabiltzen dute itxura lirainagoa emateko.
Gonaren luzera: belaun azpirainokoa, baina ez beherainokoa. Honetan alde praktikoari begiratu behar diogu, gona luzeak konplikatuagoak direlako gobernatzen eta barrenak oso erraz zikintzen direlako
Hona hemen Mari Domingi jantzi bat egiteko patroiak, baina badira gaur egunean herri askotan jostun artisauak oso jantzi politak egiten dituztenak.
Olentzerorekin bat joateko txapin luzeak jantziko lituzke (belaunerainokoak), abarkekin zein larruzko espartinekin (gomazko zolagaz, baina). Hala ere, takoi baxuko zapata batzuk ez lirateke anakronikoak izango pertsonaiarekin, ez da-eta baso-basoan bizi.
4.3 Osagarriak
Otzara:
Gehienetan otzara bat eroaten du esku batean Mari Domingik. Hori koherentea izan daiteke kalearen eta soloaren artean bizi omen den pertsonaiarekin. Eta lurretik ateratako fruituen babesle-edo bezala aurkeztuko litzaiguke. (Horra bizitzaren oinarria: Olentzerok argia eta energia ekarlea eta Mari Domingi lurreko fruituen ekarlea. Eta biak opari ekarleak.). Otzaran daramatzan fruituek neguari dagozkionak izan beharko lukete (gaztainak, artoa, intxaurrak, sargar ximurturen batzuk.)
Makila
Ikusita daukagu herri batzuetan Mari Domingi esku batean urritz makila daramala. Horrek parekotasuna emango lioke Olentzerorekin. Beraz makila eskuan ikustea orokortu egin beharko genukeelakoan gaude.