Irrati-lanetan aritzen denean, komunikaziorako konpetentziaren zirkuito osoa pizten du ikasleak: idatziaren ulermena, informazioa lortzeko irakurtzen duenean; idatzizko adierazpena, gidoia idazten duenean; ahozko adierazpena, grabaziorako mintzatzen denean; ahozkoaren ulermena, prestakuntzan eta entzule bilakaturik haren ikaskideen lana entzuten duenean, eta elkarrekintza, zenbait saiotan eta orokorrean, irratia, funtsean, elkarrekintza delako.

Ezin ahaztu inoiz ahoz esandakoa ez dela inprobisazioaren fruitua. Planifikazio baten ondorioa da sarritan, eta beti, bizitzan zehar egindako ikasketa luze baten ondorioa.

Hori dela-eta, eskola-irratia aukera ederra izan ahal da euskararen ohiko egiturez jabetzeko, deklinabidearen markak lantzeko baita aditz-sistema osoa era egokian erabiltzeko.

Halaber, irratigintzaren bidez, prosodia lantzen da, sistematikoki eta bere osagai askorekin: ahoskera, doinua, ahotsaren proiekzioa, erritmoa, etenak…

Lexikoa aberasteaz gain, beharrezkoak diren zenbait lokailu, formula eta egitura jorratzen dira, esandakoari kohesioa eta koherentzia nahikoa emateko.

Azkenik, tresna honen bidez (irratia eta irratigintza tresnak baino ez direlako) askotariko testuak erabiltzen du ikasleak: aurkezpena, azalpena, elkarrizketa, deskribapena, argudioa…