Eginkizunaren jarraibideak

Lehendabizi, irakasleak igarkizun-lehiaketa bat egiteko aukera emango dio taldeari, erronka bat izango balitz bezala: "Eskolan (edo zikloan, auzoan... esparrua mugatu daiteke) igarkizun-lehiaketa bat antolatu ahal dugu?". Behin taldeak erronka onarturik, irakasleak adieraziko die ikasleei horretarako irratia oso tresna egokia izan ahal dela, baina hura erabiltzeko, zenbait lan jorratu beharko dutela aldez aurretik, eta ikasgai desberdinak landuko dituztela: fisika, soinua zer den eta nola transmititzen den ulertzeko; teknologia, irrati digitala erabiliko dutelako; biologia, nola ekoizten dugun soinua mintzatzean eta nola entzuten dugun ezagutzeko, eta euskara, lehiaketa euskaraz egingo dutelako.

Ondoren, ikasleek zenbait fisika-esperimentu egingo dute soinuaren funtzionamendua ulertzeko, eta irakasleak azalduko die irrati digital baten funtzionamendua, batez ere nola grabatzen den, nola gordetzen den artxiboa (eskolako “zerbitzaria” ikustea gomendagarria da, ataza horretarako Google Drive© erabili arren) eta nola editatzen den (proposamenean Audacity Portable© programarekin lan egiten da). Aplikazioa hobeto ulertzeko oso egokia da sintonia nola editatzen den irakastea, denen artean (lehiaketarako asmatutako leloaren ahoskerarekin, adibidez) eta arbel digitala erabiliz (eman behar diren pauso guztiak ikasle guztiek ikus ditzaten).

Jarraian, irakasleak igarkizunak banatuko ditu eta modu egokian irakurriko dizkie ikasleek eredu prosodiko egokia edukitzeko eta errazago ulertzeko. Hobeto barneratzeko, nork berea kopiatuko du eta etxera eramango du buruz ikasteko edo ondo irakurtzen jakiteko behintzat. Hizkuntzaren egituraz hausnartuko du une horretan, jarduera bereizgarri baten bidez.

Beste saio batean, eta eredu bat jarraituz, bikote bakoitzak bere gidoia asmatuko du, eta geroago idatziko du testu-prozesadorearen bidez. Saio berean edo beste batean, eta bideo batzuen bidez, fonazio-aparatuaren funtzionamendua ikusiko dute, hobeto ulertzeko. Segituan, gidoiak (igarkizunak, barne) banaka edo binaka isolatutako gela batean grabatuko dituzte, behar diren entseguak burutu ostean.

Behin gidoia grabaturik, irakasleak ikasleei azalduko dizkie testuen eta soinuen artxiboen ezaugarriak, haien desberdintasunei erreparatzeko. Gero, ikasle-bikote bakoitzak grabazioak eta zerbitzarian utzitako sintonia elkartuko ditu banakako artxibotan (podcast), eta irakaslearen eskura utziko ditu; hark kudeatu behar baitu eskolako Google site© edo antzeko webgune batean kargatzeko.

Azkenean, astean behin edo, ikasleek irratsaio bat entzungo dute ikasgelan bertan ebaluatzeko (etxean entzun ahal dute nahi duten beste), baita lehiaketan parte hartzeko ere. Ikasleek berek eramango dute lehiaketaren ardura (iragarpena, kontrola, sari-emanaldia...), txandaka.

ERRONKA MAHAIGAINERATU
EGINKIZUNAREN OINARRIAK AZALDU
KONPETENTZIAREN DIMENTSIOAK GARATU