Music Box

Eginkizunaren azalpen laburra

Euskal kantak entzuteak ere aberasten du ikaslearen hizkuntza. Lirikak giro egoki eta atsegina sortzen du ikasgelan eta kultura baten partaide izatea ahalbideratzen du. Kantek, emozioak pizteaz gain, sormena ere bultzatzen dute. Era berean, kanten bidez, ikasleak semantika, fonetika, morfologia eta sintaxia ikasten ditu. Gainera, sarritan, kanten hizkuntza erraza izaten da, errepikapenez josita dagoelako. Ikasleek buruz ikasten dituzte kantak, elkarrekin praktikatzen dituzte eta maiz, gelatik at ikasbidea jarraitzen dute. Eta kanten bidez, edo kantak aurkezten Music Box irratsaioan egiten duten bezala, ikasleek euskaraz gozatzen dute eta hizkuntza ikasten dute.

Gainera, gaur egun, teknologiak aukera handia ematen dio ikasleari musikarekin lan egiteko, euskal musikaren bideo eta karaoke ugari eskura dituelako, eta soinua erraz manipulatzeko gai delako. Halaber, solasaldirako aitzakia bilakatu ahal dira kantak eta iritzia emateko aukera paregabeak izan daitezke. Hori da, hain zuzen ere, Music Box irratsaioan egiten dena.