Programa honetan giza gorputzaz edo zientzietako beste edozein gai baten inguruan aritu behar da ikaslea, zenbait elementu adieraziz. Giza gorputza eta gizakiaren bizi funtzioez gain, indarrean dagoen curriculumaren beste eduki batzuk, Naturaren Zientziak eta Gizarte Zientziak gaiak hain zuzen ere, landu daitezke: materia eta energia, unibertsoa eta espazioa, eremu bateko klimak, Agenda 21eko gaiak... Baina Bazenekien? irratsaioak ez du erreportaje baten antzik eduki behar. Askoz laburragoa izan behar du, "zientzia-pilulak" dira. Beraz, bertan jorratzen dituen gaiak ez dira oso luzeak edo sakonak izango, iraupen gutxikoak eta arinak baizik. "Bitxikerien" antza eduki behar dute irratsaio horiek, nahiz eta bitxikeriak baino gehiago izan.
Bazenekien? irratsaio bat da, eta irratian ohikoa den bezala, magnitudeak (urteak, neurriak, pisuak...) asko errepikatu edo beste era batean adierazi behar dira hobeto ulertzeko. Irakasleak, bai aurkeztutako testuen bidez baita bere azalpenen bitartez ere, konparazioak eta ahozko irudiak egitera eta erabiltzera gonbidatzen ditu ikasleak. Modu horretan, aukeratutako gaiaren elementuak hobeto barneratzeko ariketa ere bihurtzen da irratsaioa.