Eginkizunaren jarraibideak

Atazaren hasieran, irakasleak disc jockey edo djri buruzko solasaldia bultzatuko du, jardunbide hori zer den argitzeko (musika hautatu eta jendeari aurkezten diona, hain zuzen). Solasaldian ere arazoa azpimarratuko du: kanta ugari entzuten ditugula baina euskaraz direnak oso gutxi, eta gainera, kanta horien inguruan ere oso gutxi dakigula. Horrelako hausnarketa aprobetxatuz, erronka plazaratuko du: "Zer egin ahal du gure taldeak? Musika-programa bat antolatu ahal dugu? Eta gutariko bakoitzak, zer egin dezake? Bihurtu ahal da ikasle bat euskal dj egun batez?"

Erronka ulertu eta konponbidea adostu ostean, kantekin hasi behar du lanean ikasle-bikote bakoitzak. Horretarako, irakasleak emandako hainbat kantaren artean, bikoteak kanta bat aukeratuko du programa egiteko. Horretarako, kanta entzungo du behar beste aldiz, bizpahiru alditan gutxienez. Halaber, kantaren letra irakurriko du, dena ulertu arte. Gainera, letraren egileari buruzko edo kantariari buruzko informazioa bilatuko du, irratsaio horri dagokion sareko zerbitzariaren karpetan (aldez aurretik irakasleak prestatutakoa).

Kantaren aurkezpena egin baino lehen, irakasleak programaren sintonia izango den Musika tresnak abestia aurkeztuko du (horrela, kanta bat aurkezteko eredua emango die). Guztion aurrean, kanta editatuko du. Saio horren hasierako eta amaierako sintonia berbera izango da. Segituan, sintonia aurkeztu behar duenarekin nola elkartu irakatsiko die. Azalpenaren ostean, bikote bakoitzak gidoia prestatuko, idatziko, grabatuko eta irratsaioa editatuko du.

Egindako podcast guztiak Internetera "igoko" ditu irakasleak eta entzun ondoren, inkesta bat egingo du taldeak jakiteko zein kanta gustatu zaien gehien, bai ikasgelakoei, bai gainerako ikasleei. Era berean, zein izan den aurkezpen hoberena bozketa antolatuko da. Inkestaren emaitzak ikasleek ikasgelako (edo eskolako) argibide-taulan plazaratuko dituzte. Halaber, kanten letrak egunkari batean kopiatzeko edo buruz ikasteko aukera izango dute.


ERRONKA MAHAIGAINERATU
BEHAR DIREN TREBEZIAK LANDU
KONPETENTZIAREN DIMENTSIOAK GARATU