Eginkizunaren jarraibideak

Lehendabizi, irakasleak arazo-egoera planteatuko du: "Gauza ugari geratzen dira ahazturik eskolan, batez ere jantzi asko. Zerbait egin ahal dugu?". Elkarrizketa bideratu ondoren, ataza (galdutako gauzak aurkitzeko aukera ematen duen irratsaioa) aurkeztuko du taldearen aurrean, erronka bat izango balitz bezala: "Erabili ahal dugu irratia topatutako jantzien berri emateko?".

Behin taldeak erronka onarturik, prozedura azaldu beharko die ikasleei eta lan horretarako erabili beharko diren hiztegiak aipatuko dizkie. Horrekin batera, hiztegi horietaz nola baliatu azalduko die. Zuzen erabiltzen ikasteko ariketa sinple bat egin beharko dute ikasleek, modako marka baten edo biren webguneak bisitatuz. Ariketan berariazko lexikoa erabiliko da testua hobeto ulertzeko eta adierazpen modua bereganatzeko.

Hurrengo saio batean, gaia berreskuratuko dute modari buruzko erreportaje pare bat entzunez eta artikulu bat irakurriz. Jarduera horien bidez eta beste jarduera bereizgarrien bitartez, jantzien ezaugarrien (ehuna, neurria, antza…) garrantzia eta etiketetan agertu ohi den informazioa azpimarratuko ditu irakasleak.

Azken saioan, kiroletako ekipamenduak deskribatuko dira, txandaka eta arbel digitalaren laguntzaz (Ligan parte hartzen duten taldeenak kirol-komunikabide digital askotan agertzen dira). Benetako lanarekin hasi baino lehen, azken ariketa egingo dute: eskolako kakoetan utzitako berokiak deskribatzea, taldeko ikaskideek asma dezaten norena den bakoitza.

Handik aurrera, txandaka egunero jantzi bat edo beste zerbait aurkeztu beharko dute. Egunero ikasle batek irratsaioaz arduratuko da. Horretarako ikasleak aurkitutakoa etxera eramango du eta jantziaren deskribapena prestatuko du. Gidoia eredu bati jarraituz sortuko du. Azalpena eskolako grabagailuarekin grabatuko du, edo baldin badauka eta baldin badaki erabiltzen, bere sakeleko telefonoarekin, eta Audacity Portable© programaren bidez editatuko du. Hurrengo egunean egindako grabazioa irakasleari eman beharko dio, hark irratiaren sitera "igotzeko" (oso denbora laburrean entzuleen eskura izan behar delako).

Azkenean, astean behin edo, guztion artean egindako lana ebaluatzeko, nahiz eta ebaluazio hoberena jabeak aurkitzea izan, taldekideek aurkitutakoaren irudia marraztu ahal dute, irratian entzundako deskripzioaren arabera eta marrazki guztiekin horma-irudi bat osatu.

ERRONKA MAHAIGAINERATU
BEHAR DIREN TREBEZIAK LANDU
KONPETENTZIAREN DIMENTSIOAK GARATU