Eginkizunaren jarraibideak

Gizarte Zientziak edo Naturaren Zientziak gaiak ikastea benetako arazo-egoera da ikasleontzat. Beraz, ez da batere zaila horretaz mintzatzea eta problema horri irtenbidea bilatzea: irratia baliabide bihurtzea ikasketetarako. Horixe izan daiteke ikasleentzako erronka.

Behin taldean problema aurkeztuta eta irtenbidea onarturik, irakasleak hedabideetako ereduak erakutsiko dizkie ikasleei eta material gehigarria azalduko die. Jarraian, lantzeko gaiak mugatuko dira guztion artean, irakaslearen programazioaren arabera. Aukeratutako gaiak Naturaren Zientzien curriculumari dagokien gizakiaren funtzioak balira, adibidez, bikote batek arnasketa hartuko luke, beste batek, digestioa, beste batek iraizketa, etabar.

Segituan, ikasleek hautatutako gaiari buruzko testuak bilatuko dituzte (irakasleak aldez aurretik bildutakoen artean), haien atalak edo bitxikeriak aukeratzeko eta gidoia prestatzeko, beti solasaldien bidez. Hala ere, baieztapen batetik abiatuko da ikaslea, geroago galdera egingo du eta galdera horri erantzungo dio. Gidoien edukiak irakasleak zuzenduko ditu.

Zenbait eredu ikusi eta entzun ostean, eta editatu baino lehen, nola egin ahal den hondo-musika Audacity Portable© programaren bidez irakatsiko die irakasleak ikasleei, eta horretarako programarako egokitutako sintonia aurkeztuko die. Gainera, beti bezala, guztion artean irratsaio horretarako grabatutako sintonia eskolako zerbitzarian utziko da, guztion eskura egon dadin. Beraz, editatzeko unean, ikasleek kontuan eduki beharko dituzte, hasteko eta amaitzeko, programaren sintonia baita hondo-musika ere.

Eguneroko lanean Naturaren Zientziak edo Gizarte Zientziak gaiak lantzen diren heinean, egindako irratsaioak entzungo dituzte ikasleek, eta lana ebaluatzeko inkesta bat osatuko dute, eta argia eta interesgarria izan den ala ez adieraziko dute. Emaitzak eskolako argibide-taulan plazaratuko dituzte.

ERRONKA MAHAIGAINERATU
EGINKIZUNAREN OINARRIAK AZALDU
KONPETENTZIAREN DIMENTSIOAK GARATU