I. IRAKURGAIA
Zure gainean agiri da Jaunaren aintza
Isaias Profetearen liburutik (Is 60, 1_6)
Jagi zaitez, argitu, Jerusalem,
badator-eta zure argia;
zure gainean agiri da Jaunaren aintza.
Begira, ilunpeak estalduta dauko lurra,
gau baltzak herriak;
zure gainean, ostera, Jauna agertuko da,
haren aintza zure gainean azalduko.
Zure argitara etorriko dira herriak,
zure egunsenti-disdirara erregeak.
Jaso egizuz begiak zeure ingurura eta ikusi:
guztiak alkartu eta zugana datoz,
urrundik datoz zure semeak,
besoetan dakarrez zure alabak.
Hori ikustean, disdiratsu jarriko zara,
bihotza zirraraz eta zabaldurik dozula,
itsasoko aberastasunak zugana etorriko dira
eta nazinoen ondasunak zuri ekarriko deutsuez-eta.
Gamelu-taldeek estalduko zaitue,
Madiango eta Efako dromedarioek.
Sabatik datoz guztiak,
urrea eta intsentsua dakarrezala,
eta Jaunari gora eta gora dinotsoela.
ERANTZUN SALMOA
Sal 71, 1_2. 7_8. 10_11. 12_13
LAGUNGARRIAK
LAGUNGARRIAK, ELEBITAZ
R/. Ahuspez gurtuko zaitue, Jauna, atzerri guztiek.
Ene Jainko, emoiozu zeure zuzentasuna erregeari,
zeure justizia erregearen semeari.
Gobernatu begi zure herria justiziaz,
zure errukarriak zuzenbidez.
Haren egunetan, loratu bedi justizia,
ugaritu bakea, iretargia amatau arte.
Izan bedi nagusi itsasotik itsasoraino,
lurraren bazter batetik besteraino.
Ekarri begioez opariak
Tarsisko eta uharteetako erregeek,
ordaindu zergak Sabako eta Sebako erregeek.
Agurtu begie ahuspezturik errege guztiek,
izan bediz menpeko nazino guztiak.
Berak libratuko dau oihuka diharduan behartsua,
nork lagundurik ez dauan errukarria.
Erruki izango deutse gizajo eta behartsuei,
bizia salbatuko pobreei.
II. IRAKURGAIA
Orain agertu izan da
ondare beraren kide dirala atzerritarrak ere
San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako gutunetik (Ef 3, 2_3a. 5_6)
Senideok: Jakingo dozue, ziur, Jainkoak bere grazia zuen artean zabaltzeko emon deustan eginkizuna, goi-agerpenez jakinazo deust-eta bere asmo ezkutua, misterio hau ez jaken iraganeko gizaldiei jakinazo; orain, ostera, Espirituaren bidez bere apostolu santuei eta profetei agertu deutse Jainkoak. Eta hauxe da Jainkoaren asmo ezkutua: Barrionari esker, jentilak Kristo Jesusegaz oinordekide dirala, Haregaz gorputz bat bera osotzen dabela eta agintzari beraren partaide dirala.
EBANJELIOA
Erregea gurtzera gatoz sortaldetik
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik (Mt 2, 1_12)
Jesus Judako Belemen jaio zan Herodes erregearen sasoian. Aldi haretan Mago batzuk etorri ziran sortaldetik Jerusalemera, itaunka: «Non da jaiobarri dan juduen erregea? Haren izarra ikusi dogu sortaldean eta Bera gurtzera gatoz».
Barri honegaz larritu egin zan Herodes erregea, eta Jerusalem guztia haregaz batera. Orduan, abadeburuak eta lege-maisuak baturik, Mesias non jaiotekoa zan itaundu eutsen. Hareek erantzun eutsoen: «Judako Belemen, honan idatzi eban-eta profeteak:
"Eta zu, Judako Belem,
ez zara, ez, Judako urietan txikiena;
zugandik urtengo dau-eta buruzagiak,
nire herri Israelen errege izango danak"».
Orduan Herodesek, Magoei isilka dei eginik, izarra noiz agertu jaken jakin eban zehatz. Ondoren, Belemera bialdu zituan, esanez: «Zoaze, eta jakin arduraz umearen barri, eta, aurkitzen dozuenean, esaidazue niri, neu ere gurtzera joan naiten». Hareek, erregeari entzun ondoren, joan egin ziran. Eta bat-batean, sortaldean ikusitako izarra aurretik jarri jaken, umea egoan lekuaren gainean gelditu arte. Izarra ikusi ebenean, berealdiko poza hartu eben. Etxean sarturik, umea ikusi eben, Maria bere amagaz, eta, ahuspezturik, gurtu egin eben. Ondoren, euren kutxak edegita, erregaluak emon eutsoezan: urrea, intsentsua eta mirrea.
Gero, Herodesegana ez bihurtzeko albistea amesetan harturik, beste bide batetik joan ziran euren lurraldera.
ESKARIAK
† Gure sinismenaren orokortasunera zabaltzen gaituan Epifania edo Agerkunde jai honetan mundu osoko arazoak izan daiguzan gogoan eta otoitz egin daigun:
—Eliza Amaren alde: aldiko gizaki eta herrialde guztientzako argi izan daiten, eta danak erakarri daizan Jesusengan agertu jakun Jainkoagana, danok senidetasunean bizi izan gaitezan, eskatu deiogun Jaunari.
—Herrialde guztietan bizikiro amesten eta eskuratzeko hain gatx egiten dan bakea argitu daiten, eta haren argitasunak gorroto eta zatiketa guztiak ezabatu daizan, eskatu deiogun Jaunari.
—Magoek Jesus Umearen oinetan jarten dabezan esku-erakutsiek mundu osoko umeak aintzat hartzera, hareik babestera eta gizartearen altxor preziatu lez onestera eroan gaiezan, eskatu deiogun Jaunari.
—Handikiak Belengo Umetxoaren oinetan ahozpezturik ikusteak, osasuntsuak eta eukitsuak eta ondasunez inguraturik gagozenak jarri gaizan gure inguruko behartsuen laguntzarako euren oinetan eta esanetara, eskatu deiogun Jaunari.
—Eukaristian sinismenaren unibertsaltasuna ospatzen dogunok begi-bihotzak eta baita patrikarea ere zabalik euki daiguzan munduko arazo eta beharrizanen aurrean, eskatu deiogun Jaunari.
† Zure Semeagan gizaki guztiok zeure seme-alaba gura gaituzun Jainko Jauna: esker onez eta eskuzabaltasunez bizi izan gaitezela zure ondasun guztien barri emoten azkeneko bazterreraino. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
.HITZALDIA
Epifania edo Agerkunde jai honek Jainkoaren unibertsaltasunean jarten gaitu: Jainkoa ez da batena, gizaki eta herrialde guztiena baino. Horixe adierazten deusku gaurko jai honek irudiz beterik jatorkun liturgian.
Profeteak egin deusku berba lehenengo irakurgaian. Lur-jota dagoan herriaren adorea biztea da bere asmoa; izan daiala Jainkoagan ustea; harek ez dauzala Israelen arerioak diran herrialdeak ezabatuko, herrialde guztiak bere argitara erakarriko baino: Israel bera ere bai. Herrialdeen eginkizuna ez da, ba, beste herrialdeak areriotzat hartzea, senidetasunean aintzat hartzea baino, bakotxa bere berezitasunagaz.
Baina hortxe gelditzen dira profetearen iragarpenak: nork onartzen edo aintzat hartzen ditu? Gitxiren batzuk dabilz bide horreetan.
Ebanjelioan, datu historiko batzuk Itun Zaharreko irudiez josiz, iragarpen sakonak egiten deuskuz Mateok. Jerusalen uria arerioen esku dago, baina, beragaz bat eginda, ez dabe euren Jainkoagandik ezer itxaroten. Urrundik datoz arduraz bizi diran aztiak, apaltasunez galdezka eta bila. Hareen galdereak eragina izan dau Herodesengan, ez, horraitino, ezer itxaroten ez eben judutar jakintsuengan: egozan egoeran ezin eben "izarraren" argitasunik hartu; ilunpetan dagoan uria da Jerusalen: Jainkoagandik aldenduta bizi da.
Baina bila dabizanek, aztarnei jarraitzen deutseenek, aurkitu egingo dabe bila dabizena. Eta begira emoten deuskuen irudia: Profeteak esandakoa hantxe gauzatzen da: Aztiek, atzerritarren ezaugarri, Jainkoaren argitasunean sartzen dira eta zabaltzen deutsoez euren kutxak, haren aurrean ahuspeztuz.
Jainkoak ez dauz birrintzen berezitasunak, ezbardintasunak; ez gaitu danok bardintzen; danak euren ezbardintasunean erakarten ditu beragana, eta bakotxak berea zabaltzen deutso… Ikasiko ete dogu?
Jainkoa ez da batzuen ondasun eta horreen arerioak birrintzeko ahalmen. Jainkoa gizaki eta herrialde guztiak beragana erakarten dauzan Jauna da, bakotxa bere ezbardintasun eta berezitasunean onartzen dauana, danak bere seme-alaba berezi dauzana.
Zelan iragarri geike, gaurko hizkeran, danak bardindu gura dauzan eta ezbardinak arerio bihurtzen dauzan gizarte honetan, merezi dauala agertu jakun Jainko honen argitasunera abiatzeak, senide lez alkar onartzeko, Gizarte baketsua egiteko, eta, Jainkoaren gurtzan, beste ahalkeria guztiak haren oinetan jarteko?
Horrek neurritsu izatera eroango gindukez; esplotazinoa eta deuseztea alde batera iztera; Naturarekiko hartu-emon senidekorretara; ekoizpen iraunkorretara; bakotxa bere ezbardintasunean onartzera…
Merezi dau Jainkoaren agerpenari esker onezko erantzuna emoteak.
OTOITZA
Gutariko bakotxari agertzen zaiakoz
eta herrialde guztiei egiten deutsezu dei
zure argitasunera abiatu gaitezan
senidetasunean bizi izateko.
Baina guk, Jauna, geure bakotxakerian,
besteak menpean jartea bilatzen dogu,
geure nagusikeria azaleratzea,
beste guztiak geure zerbitzuan jartea.
Irakatsi eiguzu, Jauna,
bakotxa bere ezbardintasunean onartzen,
egunerokoan neurritasuna bilatzen
eta gure oinok zeure argitasunerantza bideratzen…
Zeuk gura dozun Izadia eta Gizadia moldatzen.