030domekea_a

ABENDU ALDIA: III. asteko domekea /A

I. Irakurgaia

Jainkoa bera etorriko da, eta salbatuko gaitu

Isaias Profetearen liburutik (Is 35, 1-6a. 10) (ENTZUN)

Poztu beitez basamortua eta lur elkorra,

alaitu bedi eremua eta lilia lez loratu,

jantzi bedi lorez

eta egin begi irrintzi eta jauzi pozaren pozez.

Libano baizen zoragarri

eta Karmel mendia

eta Saron lautada baizen eder bihurtuko dira.

Ikusiko dabe Jaunaren aintza,

gure Jainkoaren edertasuna.

Indartu egizuez esku ahulduak,

sendotu belaun makalduak;

esan bihotz-bildurtiei:

‘Eutsi gogor! Ez izan bildurrik!

Horra zuen Jainkoa!

Berbera dator zuek salbatzera

eta merezia daben zigorra arerioei emotera’.

Orduan, itsuen begiak edegi egingo dira

eta gorren belarriak zabalduko.

Herrenak basahuntzak lez salto egingo dau

eta mutuaren mihinak oihu egingo pozez.

Jaunak askatuak ibiliko dira bide horretan,

Harek libratuak bihurtuko handik.

Pozez kantari etorriko dira Sionera:

amaibako alaitasuna hareen aurpegian!

Poza eta alaitasuna izango dabez lagun.

Nahigabeak eta negarrak ihes egingo dabe.

Salmoa

Sal 145, 6c-7ab. 7c-8. 9-10

R/. Zatoz, Jauna, eta salbatu gagizuz.

Leiala da betiren beti,

emoten deutse eskubidea zapalduei,

ogia gose diranei. R/.

Atxilotuak Jaunak askatzen ditu,

itsuen begiak Jaunak argitzen ditu.

Konkor dagozanak Jaunak ditu zutunduazoten,

zintzoak Jaunak ditu maitatzen. R/.

Arrotzak Jaunak ditu zaintzen,

umezurtz eta alargunak laguntzen,

gaiztoen asmoak eragozten.

Errege izango da Jauna sekuletan,

zure Jainkoa, Sion, gizaldien gizaldietan. R/.

II. Irakurgaia

Egon sendo, laster etorriko da-eta Jauna.

Santiago Apostoluaren gutunetik (St 5, 7-10) (ENTZUN)

Senideok: Izan egizue pazientzia Jaunaren etorrera arte. Begiratu nekazariari: lurraren frutu ederraren zain egoten da eta pazientziaz itxaroten ditu goiz-euria eta berant-euria. Izan pazientzia zuek ere eta egon sendo, laster etorriko da-eta Jauna.

Senideok, ez ibili bata bestearen aurka marmarka, kondenatu ez zagiezan; begira, epailea ate-atean da. Senideok, hartu egizuez sufrimentu eta pazientziaren eredutzat Jaunaren izenean berba egin eben Profetak.

Ebanjelioa

Zu zara etortekoa, ala besteren baten zain egon behar dogu?

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik (Mt 11, 2-11) (ENTZUN)

Aldi haretan, Joan Bateatzaileak, kartzelan Kristoren egiteen barri izanik, bere ikasle batzuk bialdu eutsozan itauntzera: ‘Zu zara etortekoa ala besteren baten zain egon behar dogu?’

Jesusek erantzun eutsen: ‘Zoaze eta esan Joani entzuten eta ikusten dozuena: itsuek ikusi egiten dabe eta herrenak badabilz, legenardunak garbi gelditzen dira eta gorrek entzun egiten dabe, hilak biztu egiten dira eta behartsuei Barriona iragarten jake. Eta zorionekoa Nigaitik jauspiderik hartzen ez dauana!’

Hareek alde egitean, Jesus Joani buruz berba egiten hasi jakon jenteari: ‘Zer ikustera urten zenduen basamortura? Haizeak astintzen dauan kanaberea? Edota zer ikustera urten zenduen? Apain jantzitako gizona? Apain janzten diranak errege-jauregietan egoten dira. Zer ikustera urten zenduen, bada? Profetaren bat? Baietz dinotsuet, eta profeta baino ere gehiago dana. Horretaz dago idatzita Liburu Santuan:

«Begira,

neure mezularia bialtzen dot zure aurretik,

zuri bidea prestatzera».

Bene benetan dinotsuet: Ez da sortu amaren semerik Joan Bateatzailea baino handiagorik. Halan ere, zeruetako erreinuko txikiena ere ha baino handiagoa da’.

ESKARIAK

† Jainkoak egin deuskun iragarpenean indar hartuta aurkeztu deioguzan gure beharrak konfiantza osoaz:

—Mundu honen argi eta adore-moile iza gura dauan Elizearen alde: Jainkoaren berban jarri daian bere adimen osoa, eskatu deiogun Jaunari.

—Sinistea, Jainkoari euren alde jarri daitela eskatzea dala uste dabenen alde: jaramon egin deieen haren berbeari eta euren inguruetan agertzen jakezan ezaugarriei, eskatu deiogun Jaunari.

—Etsipenak, urtenbiderik ezak, gaisotasunak edo beste gatxen batek jota dagozanen alde: bakardadean ez daien jasan egoera hori, eta nork lagundu izan daien, eskatu deiogun Jaunari.

—Munduan zehar bakearen alde egiten diran ekintzek, otoitzek eta iragarpenek danok eroan gaiezan bakearen aldeko jarreretara, parkamenera eta alkarri harrera on egitera, eskatu deiogun Jaunari.

—Elizkizun honetan eskuhartzen dogunok gure eliz alkartearen adore-emoile, eta zerbitzurako eta neurritasunerako eredu agertu gaitezan, eskatu deiogun Jaunari.

† Esker onez erantzun nahi deutsugu, Jauna, gugaz daukazuzan agerpen guztiekaitik. Onartu, ba, gure uste ona, zeugan itxaroten dogu-ta. Jesukristo.

—Amen.

Hausnarketatxoa

Senideok: inoiz nahi izan dozue jakin ondo zabizen ala txarto? Sumatu dozue inoiz egiten dozuena ea ezertarako dan ala alperrik diharduzuen?

Ba, holan bada, ziur ondokoren batek esan deutsuena “ez zaitez arduratu, egon zaitez lasai…” Ezta? Eta orduan eta larriago, estuago, urduriago…

Ezer egin barik bazengoz, egonean, besteei begira… zeuk ere bardin esango zeuskio, berak egiten dauana ondo dagoan ala aldatu behar dauan jakin gura dauanari.

Espetxean dago Bateatzailea; zurrumurruak jatorkoz. Pentsaten hasten da. Urduri dago. Bizitza emon dau eginkizunean. Eta, jakinminean, ikasleak bialtzen dauz, ea ordura arte berak egindakoa alperrekoa izan dan ala merezi izan dauan jakiteko.

Eta zelango erantzunagaz egiten daben topo Bateatzailearen ikasleek! Eta zelan goraipatzen dauan Jesusek Bateatzailea jendearen aurrean! Halan ere, ez dau jarraituko Jesusek Bateatzaileak ziharduan eskemetan: jendea, zemaipean bazan ere hartu guran, Jainkoaren hurtasuna ozenki aldarrikatzen eta bihozbarritzera dei egiten…

Isilean sartzen da Jesus, ezaugarriak zabaltzen, eta jendea horrela erakarten… Jesusek zabaltzen dauzan ezaugarriak antxina profetek ere iragarritako ezaugarriak dira, Jainkoaren erreinua iragarten daben ezaugarriak dira. Jesusek gogoratu egingo dauz, azalean jarri, ikusiazo: “Herrenak jauzika dabiz, saltoka; itsuek ikusi egiten dabe…” Eta, harrigarriena!: pobreei Barri Ona iragarten jake.

Senideok: zein da gaurko pobreok behar dogun Barri Ona? Krisialdi honetan lur-jota dagozenek zeozer itxaroten dabe. Urtenbiderik ikusten ez dabenek zeozer behar dabe. Aita santu Frantziskok, Ebanjelioaren poza iragarriz, Ebanjelioaren iturrietan edan, eta inguruan poztasuna zabaldu daigula eskatzen deuskunean, zer esan gura deusku?

Jaunaren Barri Ona espetxe barruraino ere heltzen bada, eta, bila dabizenak asetzeko indarra badauka, zergaitik gu hain hotz, edo triste, edo lur-jota?

Bilatu daigun Jesus ebanjelioan, otoitzean, sinismena ospatzean; ingurura begiratu, beharrizanak begiz jo, eta laguntza eskeintzean… Eta Jesusek emoten deuskun poza geurea izango da eta zabalduko dogu.

HITZALDIA (ENTZUN)

Senideok: hementxe gagoz gu berba gozoz jatorkun profetearen, eta iraupena eskatzen deuskun Apostoluaren, eta begiak zabaltzeko dinoskun Jesus Jaunaren aurrean. Zelan hartu geikez hareen berbak? Zertara eroango gaitue?

Ingurura begiratzen badogu ezin izango deutsegu ez-ikusi edo entzun-gor egin barri txarrei: neoliberalismo honen eskutik gure planetea deusezten dihardugula; negualdian milaka familiak ezin dauala berogailua biztu; emakumeak eta umeak ere bortxatuak eta baztertuak dirala; kontsumoa areagotzen doala, errefuxiatuei eta gerreari iheska ez-ikusia egiten deutsegun artean; loteriaren diru-egarria…

Horren, guzti horren erdian, "Zatoz Jauna"-ka dihardugu, eta Jauna Salbatzaile lez autortzen dogu. Ez ete doguz begiak zabaldu behar Jesusek erakutsi gura deuskuzan egiak, salbamen zantzuak ikus-entzuteko? Bakotxak bere baino amesten ez badogu, dirua baino ez dogu eskatuko… Hobe dogu Profetearen berbei jaramon egitea.

Harek Jainkoaren gurariaren barri emon deusku, danik lehorrenean ere poztasuna ezarri guran diharduan guraria. Prest ete gagoz bildurrak alde batera baztertzeko eta Jainkoak dinoskunari eusteko?

Jainkoak guretzat gura dauan zoria ez da berez egingo, ez eta egun batetik bestera ere. Ondo esan deusku Paulok pazientzia behar dogula, lanean, jardunean diharduan pazientzia. Ez uste izan, eskatu dogula-ta eginda dagoala. Ez. Bakotxak bere indarren, ahalmenen eta jakintzaren araberako lanean jardun beharra daukagu, pazientzia osoz.

Bateatzailearena oihu egitea zan, zemaiak banantzea, bihozbarritzera behartzea… Jesusen jarduna isilagoa izango da, erreinuaren ezaugarriez betea. Berak markatzen deusku bidea.

Gure arteko Neoliberalismo honek diru-gosean eta bakotxakerian suntsitu gura gaitula jakinda, pazientzia guztiaz ahalegindu gaitezan salbamen zantzuak han-hor-hemen areagotzen: berogailua biztu ezin dabenentzat laguntzak bilatzen; bortxakeriaren aurka urteten; iheslariei ateak zabaltzen; diru-egarria baztertzen, eta daukaguna behartsuekaz alkarbanantzen…

Emon deiguela adore horretan hainbeste eta hainbeste, bai isileko eta bai ageriko, erakundek eta lagunek diharduela jakiteak; euren arteko izan geintekez Caritasen bidez eta gizakiaren alde diharduen beste hainbeste erakunderen bidez.

Aurpegiratzen jakuzan arazo guztiak ez doguzala konponduko-ta, ez gaitezala geure laguntzatxoa emon barik gelditu. «Askorik ezin dogu; baina, ahal dogun apur guztia egiten dogu?» —galdetzen eban A. Arrupek. Merezi dau salbamenaren zantzuak zabaltzeak. Merezi dau Bateatzaileari buruz Jesusek egindako goralpena gugaitik egiteak; merezi dau esker oneko erantzuna emoteak.

OTOITZA (ENTZUN)

Jauna: giltzari emon eta argia biztu dala ikusten dogunok

ezin dogu ulertu erein eta itxarotea:

bat-batean lortu gura doguz gauzak,

itxaron barik.

Eta zure erreinua isilean eta urraska doa

han-hor-hemen aurrera,

pazientziadun askok eta askok

emoten daualako eskura dauan laguntzea.

Ez naitela handikerian jausi, Jauna;

ez naitela neuretxoa emon barik gelditu,

nireak ezer gitxi daikela-ta.

Emoidazu salbamen zantzu izateko grazia.

Zatoz, Jesus Jauna!