abn01c

ABENDUALDIKO I. DOMEKEA /C

(LAGUNGARRIAK HEMENTXE JATSI)

I. IRAKURGAIA

Legezko muskila sortaraziko deutsat Davidi.

Jeremias Profetearen liburutik Jr 33, 14-16

Hau dino Jaunak: “Begira, badatoz nik Israelgo herriari eta Judako herriari emondako hitz onak beteko ditudaneko egunak.

Egun hareetan eta sasoi haretan,

legezko muskila sortuazoko deutsat Davidi,

eta zuzenbidea eta justizia ezarriko ditu lurrean.

Egun hareetan Juda salbatuko da

eta Jerusalem nasai biziko.

Hona uriari emongo deutsoen izena:

"Jauna-gure-zuzentasun".

OHARRA: Irudi honen gainean klikatuz, egun honetako arlo guztiak jaitsi zeikez inprimitzeko eran, artxibo konprimituan.

Izenburuan klikatuz, orrialde honetan agertzen dan guztia jaitsi zeike inprimitzeko eran.

ERANTZUN SALMOA

Sal 24, 4-5. 8-9. 10 eta 14

R/. Jauna, Zugana jasoten dot bihotza.

Azaldu niri, Jauna, zeure bideak,

irakatsi zeure bideziorrak.

Ibiliazo nagizu zeure leialtasunean, eta irakatsi,

Zu zara-eta nire Jainko salbatzailea,

Zugan itxaroten dot eten barik. R/.

Ona eta zuzena da Jauna:

bidea erakusten deutse pekatariei.

Apalak zuzenbidez daroaz,

bere bidea erakusten deutse apalei. R/.

Jaunaren bide guztiak maitasuna eta leialtasuna

haren ituna eta aginduak gordeten dabezanentzat.

Bere barrua azaltzen deutse Jaunak begirunea deutsoenei,

bere ituna ezagutuazoten deutse. R/.

II. IRAKURGAIA

Sendotu dagizala Jaunak zuen bihotzak,

Jesus etorriko danerako.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo gutunetik (1 Ts 3, 12—4,2)

Senideok: Egin dagiala Jaunak gero eta handiago zuek alkarrentzat eta danentzat dozuen maitasuna, handia dan lez guk zuentzat dogun maitasuna. Holan, sendotu dagizala zuen bihotzak, Jesus gure Jauna bere santuekin etortean, santu eta esankizun barik aurkeztu zaitezen gure Aita Jainkoaren aurrean.

Gainerakoan, senideok, eskari hau egiten deutsuet arren eta arren Jesus Jaunaren izenean: Jainkoari atsegin emoteko zelan bizi gugandik ikasi zenduenez, ahalegindu zaiteze gero eta gehiago holan bizitzen. Badakizue zelako irakaspenak emon geuntsuezan Jesus Jaunaren izenean.

EBANJELIOA

Hurreratzen dihardu zuen askapenak.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik (Lk 21, 25-28. 34-36)

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: “Seinaleak izango dira eguzkian, ilargian eta izarretan, eta estu ibiliko dira lurrean herrialdeak, itsasoaren orroaz eta olatuen indarrez aztoratuak. Arnasa barik geldituko da jentea, munduari gainera jatorkonaren bildurrez, ortzia ere dardaratuko da-eta.

Orduan, Gizonaren Semea indartsu eta aintza handitan hodeian etorten ikusiko dabe. Guzti hori jazoten hastean, izan bihotz eta jaso zeuen buruak, hurrean da-eta zuen askapena.

Zabilze, bada, kontuz! Ez beitez moteldu zuen bihotzak hordikeriaz, mozkorkeriaz eta bizitza honetako kezkaz, egun ha ustekabean gainera etorri ez dakizuen, sarea lez etorriko da-eta lurrean bizi diran guztien gainera. Beraz, egon zuhur eta egin otoitz une oro, etorri behar daben guzti horreei ihes egin ahal izan deiozuen eta zutik egon ahal zaitezen Gizonaren Semearen aurrean”.

HITZALDIA

Abenduan sartzeaz bat entzuten dogu buruak jasoteko deia, eta iragarten jaku barritasuna gure itxaropena biztu guran… Zelan aurkitzen gaitu aurtengo Abenduak? Hondamena iragarten daben barri txarrak beti izan dirala esango dogu, lehengoan jarraitzeko?

Badogu arrisku hori, senideok, sinismena ondo ulertu ez dogulako. Geroa, barria, zoriona… "handik" jatorkula-ta geldokerian egon geintekez, txarkeriaren aurrean ezer gitxi egin geikela uste izanik. Ondo ulertuz, geroa, barria, zoriona… ez datoz etorri; geuk landu behar dogu esku artean daukaguna hari leku eginez; hazi egin behar dogu gure ontasunean, gure alkar maitasunean, gure zerbitzuan eta alkar laguntzan, badatorren ontasunak, barritasunak, zorionak gure artan leku izan daian.

Ebanjelioan Jesusen iragarpena entzun dogu: handikeriak eta nagusikeriak ez dabe iraungo; bildurtzen eta izutzen gaituen arren, ez dabe iraungo; Gizonaren Semea, bizitza betearen ezaugarria, baztertu dabenak eurak doaz heriotzara; eta hari harrera on egin deutsoen ikasleak euren lotura guztietatik askatuak izango dira.

Gu, senideok, Gizonaren Seme Jesusen ikasleak gara, eta onartzen dogu haren agintzaria. Ez gaizala izutu, ba, gure artean ageri diran arazoetako ezeinek; itxaropenez jokatu daigun barritasunaren testigu lez; jardun daigun lanean, geldokerian eta mozkorkerian galdu ez gaitezan.

Horretarako, zaindu daiguzan detaileak: otoitza (bakarrekoa eta alkarregazkoa), ebanjelioaren irakurketea, Jesus Jaunagaz topo egiteko eta berak adore emon deigun; pobreenganako begiramena; izadiaganako errespetua; kontsumoaren murrizketea, eta besteak agurtzea eta irribarrez harrera egitea… Geure jokabideak barriztatuko dau gure ingurua, eta ontasunak bere burua erakusten dauan heinean egingo dau atzeraka txarkeriak…

Badago itxaropenerako eta aldi barriei harrerea egiteko arrazoirik. Bizi izan gaitezan itxaropentsu.

OTOITZA

Itxaropen aldiaren grazia

egiten deuskuzu urtero lez, Jauna,

eta urte oroko gauzea danez,

beste behin ere ihes egin leikigu.

Ez gaizala gure erosokeriak itsutu

ez gure bizimodu lasaiak geldotu.

Itxartu gaizuz gure lo-zorrotik

zaharkitu jakun guztia barritzeko.

Biztu daigula itxaropena zure agintzarik,

irakatsi deigula barritasun izpiak bilatzen

eta emon deigula lanerako adore

itxaropenaren testigu bihurtu gaizan.