jaunaren_bateoa

JAUNAREN BATEOA

Jaunaren Agerkunde edota Epifani eguna domekaz ospatzen danean, domeka hori hilaren 7an edota 8an badator, Jaunaren Bateoa ez da ospatzen eta, hurrengo egunetik, Urtean Zehar deritzon liturgialdia hasten da.

A B C urteak

I. IRAKURGAIA

Hona, nire zerbitzaria,

atsegin jatan nire aukeratua.

Isaias Profetearen liburutik (Is 42, 1_4. 6_7)

Hauxe dino Jaunak:

«Hona nire zerbitzaria, Nik eusten deutsodana,

nire aukeratua, atsegin dodana.

Honegan ipini dot neure espiritua:

zuzenbidea ekarriko deutse herriei.

Ez dau oihu egingo, ez ahotsa goratuko,

ez dau kaleetan entzunarazoko bere berbea.

Kanabera arrakaldua ez dau hausiko,

Ozta-oztaz biztuta dagoan argi-metxea ez dau amatauko.

Zuzenbidea ekarriko dau leialki;

ez dau etsiko, ez da hausiko,

zuzenbidea lurrean ezarri arte;

uharteak haren irakaspenen zain dagoz.

Nik, Jaun honek, salbamen-ekintzarako dei egin deutsut,

eta eskutik heldu;

Neuk eratu zaitut eta izendatu

herriarentzat itun

eta nazinoentzat argi izateko,

itsuen begiak zabaldu dagizuzan,

giltzapetuak espetxetik

eta ilunpetan bizi diranak kartzelatik atara dagizuzan».

ERANTZUN SALMOA

Sal 28, 1_2. 3ac_4. 3b eta 9c_10

R/. Bere herria bedeinkatuko dau

bakea emonez Jaunak.

Emon, Jainko seme-alabok, Jaunari,

emon ospe eta indar Jaunari.

Emon ospe Jaunari bere izenaren ederrez,

gurtu Jauna apainduria deunez. R/.

Horra Jaunaren berbea ur gainean,

Jauna ur ugarien gainean.

Jaunaren berbea indartsu,

Jaunaren berbea ospetsu. R/.

Jainko itzalgarriaren abarrotsa durundan,

haren jauretxean danek dinoe: Gora!

Jesarri da Jauna uholde gainean,

Jauna errege jesarriko betierean. R/.

II. IRAKURGAIA

Jainkoak Espiritu Santuaren indarraz

igurtzi eban Jesus.

Apostoluen Eginak liburutik (Eg 10, 34_38)

Egun hareetan honan berba egin eban Pedrok: «Orain jabetzen naz benetan Jainkoak ez dauala bereizkeriarik egiten, begirunea deutsana eta Beraren guraria egiten dauana onartzen dauala baino, edozein herritakoa dala ere. Harek bere berbea bialdu eutsen israeldarrei, guztien Jauna dan Jesu Kristoren bidez bakearen Barriona iragarriz. Badakizue zer jazo zan, Galileatik hasi eta Judea osoan, Joanek iragarri eban bateoaren ondoren: Nazareteko Jesusena, hain zuzen ere: Jainkoak Espiritu Santuaren indarraz igurtzi eban, eta Harek on egiten eta deabruak hartutako guztiak osatzen igaro eban bere bizitza, Jainkoa beragaz eban-eta».

A urtea

EBANJELIOA

Jesusek bateoa harturik,

Jainkoaren Espiritua ikusi eban bere gainera etorten.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik (Mt 3, 13_17)

Aldi haretan, Jesus Galileatik Jordanera etorri zan Joan Bateatzaileagana, honek bateatu egian. Joanek, barriz, ez eutsan itzi gura eta esaten eutsan: «Neu naz Zuk bateatu beharrekoa, eta Zu zatoz nigana?»

Jesusek erantzun eutsan: «Itzi oraingoz; holan bete behar dogu-eta Jainkoak gura dauan guztia». Orduan, Joanek itzi egin eutsan.

Jesusek, bateatu eta bertan, uretatik urten eban. Horretan, zerua zabaldu zan, eta Jainkoaren Espiritua ikusi eban uso-irudian jaisten ete bere gainera etorten. Eta berba hau etorri zan zerutik: «Hau da nire Semea, nire maitea; Berau dot atsegin».

B urtea

EBANJELIOA

Zu zara nire Semea, nire Maitea;

Zeugan dot neure atsegina.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik ( Mk 1,7_11)

Aldi haretan, honan iragarten eban Joan Bateatzaileak: «Nire ondoren dator ni baino ahaltsuagoa dana, eta ni ez naz inor makurtu eta haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere. Nik urez bateatu zaituet; Harek, ostera, Espiritu Santuaz bateatuko zaitue».

Egun hareetan, Galileako Nazaretetik etorri zan Jesus, eta Joanek Jordanen bateatu eban. Eta berehala, uretatik urteterakoan, zerua urratzen ikusi eban Jesusek, eta Espiritu Santua uso-irudian bere gainera jaisten. Eta berba hau etorri zan zerutik: «Zeu zara nire Semea, nire maitea; Zeu zaitut atsegin».

C urtea

EBANJELIOA

Jesus ere bateatu egin zan.

Eta, otoitzean ziharduala, zerua zabaldu zan.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik (Lk 3, 15_16. 21_22)

Aldi haretan, herria zain-zain egoan eta danak ziharduen pentsetan ez ete zan Joan Bateatzailea Mesias izango. Joanek guztiei adierazo eutsen: «Nik urez bateatzen zaituet; baina badator ni baino ahaltsuago dana eta ni ez naz inor beraren oinetakoen lokarriak askatzeko ere. Harek Espiritu Santuaz eta suz bateatuko zaitue».

Herri guztia bateatzen ziharduan batean, Jesus ere bateatu zan. Eta otoitzean ziharduala, zerua zabaldu zan, eta Espiritu Santua jaitsi jakon gainera uso-irudian. Eta berba hau etorri zan zerutik: «Zeu zara nire Semea, nire maitea; Zeu zaitut atsegin».

HITZALDIA

Jaunaren Bateoa gogoratuz amaitzen dogu Gabonaldia eta hasten dogu Urtean Zehar aldia. Hemendik aurrera, jai-giroko jantzi zuria aldatu egingo dogu: orlegia (berdea) izango da. Liturgiak, ba, bere aldiak daukaz, aldi bakotxak bere margoa, eta baita mezu berezia ere emoten jaku domeka bakotxean. Ez daigun esan beti bardina danik; hori itsua edo gorra izatea litzateke. Adi dagoanak bat-batean hartzen dauz aldakuntzok.

Sartu gaitezan domeka honek dakarskun mezuan: Isaiasen iragarpena emon jaku lehenengo irakurgaian; bigarrenean Pauloren autormena, eta ebanjelioak Bateatzailearena eta Jesusen bateo inguruko gertakariak emon deuskuez.

Frantzisko aita santuak errukiaren urtea iragarri dauala dakianak gozotasunez hartuko ebazan Isaiasen iragarpeneko berbok. Jainkoak ez dau bere herriaren hondamenik gura; haren gainera bere errukia isurten dau eta gozotasunez zaintzen dau artzain batek bere ardiak zaintzen eta laztantzen dauzan lez. Jainkoak bere herria kontsolatu daiala eskatuko deutso profeteari, eta iragarri deiozala parkamena eta saria… Non gelditzen dira guk erabilten doguzan zemai-berbak? Zigortu eta gaitzetsi (edo kondenatu) egiten dau Jainkoak, ala laztandu, onbideratu eta adore emon barriro ez jausteko edo erratu-bideetatik urten daigun?

daukagun jainko-irudia aldatu beharra daukagu, senideok. Gatx egingo jaku Jainkoaren aurpegi errukitsua iragartea, besteak menpean hartzeko Jainko bildurgarria interesatzen jakulako; Jainkoaren doantasunera heldu ez garalako. Harengandiko onurak geure ahaleginez edo eskeintzariez lortzen doguzala uste izatea interesatzen jakulako… Paulok esan deuskuna gogoan hartzea gatx egiten jakulako: salbatu gaitu ez geure egintzei esker, bere errukian baino, maite-maite gaitulako.

Ohitu egin gara ateei sarrailak eta giltzak jarten, ortuei hesiak, eta legepeko gizartea eratu dogu Legeak zainduko gaitulakoan. Eta Legea bihozbakoa izan daitela gura dogu, erruki barik gaitzetsi daian gaizkilea. Eta bardin jokatzen dogu Jainkoagaz ere: gure okerkeriekaitik gu hondatu egingo gaitula uste dogu eta, bildurrez, ez gaiakoz hurreratu ere egiten, edo holango Jainko bihozbakoa ukatu egiten dogu, gero beste edozertarako laguntza eskatuko badeutsogu ere…

Jesusek zeozer aurkitu eban Bateatzaileagan, eta haren eskuetan jarten da damu-bateoa hartzeko: pekatariekaz bat egiten da; eta zerua zabaltzen deutse. Eurak dira (geu gara) Jainkoagazko hartu-emonak bilatu behar doguzanak. Jainkoa beti dago prest; maite-maite gaitu eta bere errukian hartzen gaitu. Baina geure gogorkeriak eragozten deusku haregazko hartu-emonak.

Halan ere, jakin daigun Jesusek zeruak zabaldu egin deuskuzala, eta beragan jarri geintekezala Jainkoagazko hartu-emonetan; honeik doakoak (debaldekoak) izango dira; eta Jainkoak ez gaitu gaitzetsi edo kondenatuko, samurki zuzenduko baino: maite-maite gaitulako.

Honen barri daukagunok profeteari emondako eginbeharra hartzen dogu geuk ere: honen barri emon behar dogu gure inguruan. Asko dagoz zerua zabalik ikusi ezin dabenak, bihotz gogorrez jokatzen dabenak, gorrotoa isurten dabenak…, eta asko dagoz euren ezjakina sufritzen dabenak; edo Jainkoaren ondasunak euren ahaleginez lortu gura dabenak; eta errezatu edo mezea entzun edo beste gauzaren bat egiten dabelako, euren burua ontzat daukenak…

Autortu daigun eta ez hitz hutsez, bizikereaz ere bai baino, maite gaitula Jainkoak, beragazko hartu-emonetara deitzen gaitula, errukitsua dogula, eta alkarrentzako errukitsuak gura gaitula.

OTOITZA

Geure artean eta geure laguntzaile

izan gura dozula emon deuskuzu aditzera

eta agertu deuskuzu zure Seme Jesusengan,

baina guk sarritan egiten deutsugu uko

eta nahiago doguz ilunpeak, Jauna.

Jesusi eragiten eutson Espirituak

eragin deigula geuri ere, eta jarri gaizala

ezelango bildur eta mekokeria barik

behartsuen eta sufritzen dabenen ongile,

eta egin gaizala errukitsuak eta parkatzaileak,

adiskidetzaile eta bakegileak

gure egunerokoan bera ezagutu daien danek.

Jesukristo gure Jaun berberaren bitartez.

Amen.