abn04c

ABENDUALDIKO IV. DOMEKEA /C

(LAGUNGARRIAK HEMENTXE IKUSI)

I. IRAKURGAIA

Zugandik jaioko da Israelgo agintaria.

Mikeas Profetearen liburutik (Mi 5, 1-4a)

Hau dino Jaunak:

Zu, Efratako Belem, Judako leinuetan txikiena,

zugandik urtengo dau Israelgo buruzagiak.

Aspaldikoa da honen sortzea,

betiereko egunetakoa.

Horregaitik, itzi egingo dau Jaunak herria,

amak umea izan dagian arte.

Orduan, atzerrian bizirik gelditutako senideak

Israelgoakana bihurtuko dira.

Sendo larratuko dau harek

Jaunaren indarraz,

Jaunaren, bere Jainkoaren, izen handiaz.

Nasai biziko dira herritarrak;

handi agertuko da-eta ha lurraren mugetaraino

eta bakea ekarriko dau.

ERANTZUN SALMOA

Sal 79, 2a eta 3acd. 15-16. 18-19

R/. Jainko, berbiztu gagizuz;

salbau gaitezan, zeure begia leun agertu egizu.

Entzun, Israelen artzain,

Hegodun izakien arteko tronuan zagozan Hori,

Bizkortu zeure ahalmena

eta zatorkiguz salbatzera.

Jainko ahalguztiduna, bihurtu, arren,

begira zerutik, ikusi!

Hartu egizu zeure mahatsondoaren ardurea,

zaindu zeure eskuz landatu dozuna.

Moztu eta su emon deutsoe;

begiratu zorrotz eta galdu egizuz.

Emoiozu eskua zeure aukeratuari,

zeure indarrez jantzi dozun gizasemeari.

Ez gara Zugandik inoiz aldenduko;

Zuk bizia emongo deuskuzu

eta guk dei egingo deutsagu zure izenari.

II. IRAKURGAIA

Hona hemen Ni, zure nahia egiteko.

Hebrearrei egindako gutunetik (Heb 10, 5-10)

Senideok: Kristok, munduan sartzean, dino:

“Ez zenduan opari eta eskeintzarik nahi izan;

baina gorputza eratu zeunstan.

Erre-oparirik eta pekatuen parkamen-oparirik

ez zenduan atsegin izan.

Orduan, esan neban:

Hemen nozu, Jainko, zure nahia beteteko

holan dago Liburuan Nitaz idatzita”.

Lehenengo dino: “Ez zenduan gura izan, ez atsegin izan, opari eta eskeintzarik, ez erre-oparirik, ez pekatuen parkamen-oparirik”, nahiz eta gauza guztiok legeak agindutakoak izan. Ondoren beste hau dino: “Hemen nozu, zure nahia beteteko”.

Lehenengo kultua kentzen dau, bigarrena jarteko. Eta Jesu Kristok, behin betiko egin eban bere gorputzaren opariaren bidez, Jainkoaren nahia bete daualako izan gara gu sagaratuak.

Gurari horren indarrez santu eginak gara, Jesu Kristok behin betiko egin eban bere gorputzaren opariagaitik.

EBANJELIOA

Nor naz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etorteko?

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik (Lk 1, 39-45)

Aldi haretan, Maria jagi eta bizi-bizi mendi aldera joan zan, Judeako herri batera, eta, Zakariasen etxean sarturik, Elisabeti agur egin eutsan.

Elisabeti, Mariaren agurra entzun eban orduko, salto egin eutsan umeak sabelean. Elisabet Espiritu Santuaz bete zan, eta esan eban oihu handiz: “Bedeinkatua zu emakumeen artean, eta bedeinkatua zure sabeleko frutua. Nor naz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etorteko? Zure agurra nire belarrietara heldu orduko, salto egin deust umeak pozez sabelean. Zorionekoa zu, Jaunak esan deutsuna beteko dala sinistu dozulako!”

HITZALDIA

Abendualdiko IV. domeka honetan Maria dogu jarraibide emoten jakun irudia. Zer aurkitu geike Mariagan? Lehenengo eta behin, senideok, bere apaltasuna, bere txikitasuna: haxe begitu eban Jainkoak eta aukeratu eban beretzako. Lehenengo irakurgaiak ere horixe azpimarratu dau Belen herri txikitxoa goratuz: zeugandik urtengo dau nire herrian buruzagi izango danak.

Senideok: Jainkoaren gogoko izateko ez da handikerietan ibili behar; eta gu halantxe ibilten gara gehienetan: Jainkoarentzako katedral handiak egiten. Ez ete dau nahiago elilz alkarte xume eta apal bat?

Handiak beregana erakarri gura dauz besteak, eta bere menpe hartu; txikia beretik urten eta inogana doa, bere poza eroatera. Mariak Isabelegaz egiten dauana. Harek Mariagan ez dau Jainkoaren amatasuna goresten, bere sinismena baino. Zorionekoa zu, sinistu dozulako!

Abenduaren azkenean Mariaren sinismena aintzat hartuta eta bere txikitasun-apaltasunak guretzako eredu doguzala, begiratu daigun nora urten geiken Mariaren antzera. Eta badaukagu nora urten, senideok!

Caritasek behartsuak gogoratzen deuskuz. Baina baita bidegabekeriak ere, eta justiziaren alde jokatzera bultzatu gura gaitu. Gure inguruko behartsuak, sarritan, geure erruz dira behartsu: geure gehiegikeriak, handigureak, itsukeriak, geurekeriak… sortuazoten dauz, edo ez deutse mesederik egiten euren egoeratik urten ahal izan daien. Eurengana urten geike Caritasen eskutik. Baina euren aldeko eskupekoak eroan gaizala konzientzia zabalago batera.

Hortxe dagoz errefuxiatuak, iheslariak, etorkinak…; eta hortxe dagoz armen negozioa, izadiaren eta emakume eta umeen esplotazinoa, herrialde aberatsen kontsumokeria, iruntzi ezineko hondakin kopurua sortuazotea, gure planetearen berotzea… Guzti horrek gure ohikerietatik ere urtenazo behar deusku, zuzentasuna ezarri gura badogu geurean eta inguruan.

Gure kontsumoa murriztu beharra daukagu; ezin alperrik galdu geike horrenbeste ur; ezin kontsumitu geike horrenbeste argindar; ezin sortuazo geike horrenbeste sastar… Izadiari begiratzen ikasi behar dogu, behartsua senidetzen, daukaguna neurriz erabilten…, eta alkarbanantzen.

Mariagan Jainkoa sartu zan eta beretik atara eban, urtenazo egin eutson, eta Isabelentzako pozbide bihurtu zan. Biak jarri ziran Jainkoa goresten, hari aintza emoten eta ingurua pozten.

Mariaren apaltasunean egin geikeo dei Jainkoari bialtzen deuskun Salbatzaileari harrera on egin deiogun. Emon daigun aditzera haren beharrean gagozala, eta hari bideak zelaitu gura deutsoguzala, senideagana hurreratuz, haren atsekabea geure negar bihurtuz, haren oihua laguntzarako dei lez hartuz… Eta isilduazoten edo entzuten ez dan oihua garrasi bihurtu daigun, gizaki guztion gauza izan daiten beste gizakien atsekabea, eta alkarregaz sortuazo daigun gizarte zuzenagoa: ustelkeria baztertzen dauana, eta Izadiagaz alkartasunean bizi dana.

Egin deiogun, horretarako, bajatorkun Salbatzaileari.

OTOITZA

Jainkoaren graziaz betea izan zinan, Maria,

eta zeure ingurutik ere atara egin zinduzan

zure poz betea besteekaz alkarbanantzeko,

Jainkoagandiko pozez ingurua blaitzeko.

Zeugan ikusten dogu, Maria, Jainkoak

txiki-apalengan jarten dauzala bere begiak,

txikia aintzat hartzen dauala eta

eginkizun handietarako deitzen dauala.

Lagundu eiguzu gure txikitasuna aintzat hartzen,

gure inguruko txiki, behartsu eta baztertuei

gure txikitasunetik emoten, alkar aberasteko

eta gizarte alkartuagoa eta zuzenagoa eraikitzeko.

—Amen.