familia_santua

(A - B - C)

I. Irakurgaia

Jaunaren bildur danak

goratzen ditu bere gurasoak.

Siraken liburutik (Si 3, 3-7. 14-16.17b)

Jaunak seme-alaben gainetik

ohoratzen dau aita,

eta amaren aginpidea ezarten

bere umeen gainean.

Aita ohoratzen dauanak

bere pekatuak ezabatzen ditu,

eta ama goratzen dauanak

ondasunak pilatzen.

Aita ohoratzen dauanak

poza izango dau bere seme-alabengan,

eta otoitz-egunean entzun egingo deutso Jaunak.

Aita ohoratzen dauana luzaro bizi izango da,

eta Jaunari obeditzen deutsanak

atsegin emoten deutso amari.

Ene seme, zaindu aita zahartzaroan

eta ez emon nahigaberik bizi dan artean;

burua galtzen badau ere,

izan parkabera

eta ez gutxietsi bizi dan bitartean;

aitari emondako laguntza ez da ahaztuko,

pekatuen ordaina izango dozu.

Atsekabealdian

gogoan izango zaitu Jaunak.

Salmoa (C urtean)

Sal 127, 1-2. 3. 4-5

R/. Dohatsu Jaunaren bildur dana, haren bideetan dabilena!

(edo)

R/. Zorionekoa Jaunari begirunea deutsona.

Dohatsu Jaunaren bildur dana,

haren bideetan dabilena!

Zure eskuen lana dozu-eta jango,

zoriontsu izango zara eta ondo jatzu joango. R/.

Zure emaztea, mahasti emonkorraren antzean,

zure etxe barruan;

zure seme-alabek badirudie olibo-kimu,

zure mahai inguruan. R/.

Begira, holan izango da bedeinkatua gizakia,

Jaunari bildur deutsana.

Jaunak Siondik bedeinkatu zagizala,

Jerusalem dohatsu ikusiz beti bizi zaitezala. R/.

II. IRAKURGAIA

Familiako bizitza Jaunagan bizia

San Paulo Apostoluak Kolosarrei egindako gutunetik (Kol 3, 12_21)

Senideok: Jantzi zaiteze bihotz errukitsuz, onberatasunez, apaltasunez, otzantasunez, eroapen onez, Jainkoaren herri aukeratu, santu eta maitea zareen ezkero. Eroan egizue ondo alkar eta parkatu batak besteari, inork inoren aurka ezer baleu. Jaunak parkatu eutsuen lez, parkatu zuek ere.

Eta guzti horreen gainetik, izan maitasuna, hori da-eta alkartasun betearen lokarria.

Kristoren bakeak agindu begi zuen bihotzetan, bake horretara deituak zareen ezkero gorputz batean, eta izan esker oneko. Bizi bedi oparo zuekan Kristoren berbea; irakatsi eta aholkatu jakituria osoz; kantatu Jainkoari bihotzez eta esker onez salmoak, gorazarreak eta abesti inspiratuak. Edozer esaten nahiz egiten dozuela, egizue dana Jesu Kristo Jaunaren izenean, Beraren bidez Jainko Aitari eskerrak emonez.

Emazteok, zagoze zeuen senarren menpean, Jaunaren jarraitzaileei jagoken lez. Senarrok, maitatu egizuez zeuen emazteak, eta ez izan gogor hareekin.

Seme-alabok, egin zeuen gurasoen esana gauza guztietan, hori gura dau-eta Jaunak.

Gurasook, ez sumindu zeuen seme-alabak, gogoa galdu ez dagien.

Ebanjelioa «A»

Hartu umea eta ama, eta zoaz ihesi Egiptora.

✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik (Mt 2, 13-15. 19-23)

Magoek alde egitean, Jaunaren aingerua agertu jakon amesetan Joseri eta esan eutson: «Jagi, hartu umea eta ama, eta egizu ihes Egiptora, eta egon han neuk esan arte, Herodes erregea umea hil guran ibiliko da-eta».

Jagi zan, beraz, Jose, hartu zituan umea eta ama gauez eta Egiptora joan zan. Han egon zan Herodes hil arte. Holan bete zan Jaunak profetaren bidez esandakoa: «Egiptotik etortzeko dei egin neu tsan neure semeari».

Herodes hil zanean, Jaunaren aingerua agertu jakon amesetan Joseri Egipton eta esan eutson: «Jagi, hartu umea eta ama, eta zoaz Israelgo lurraldera, ze hilda dagoz umeari bizia kendu guran ebiltzanak». Jagi zan, beraz, Jose, hartu zituan umea eta ama, eta Israelgo lurraldera bihurtu zan. Baina, Herodesen ondoren, Judean errege haren seme Arkelao egoala jakinik, bildur izan zan bertara joateko. Eta, amesetan albistea harturik, Galileara jo eban. Hara heldu zanean, Nazaret izeneko herrian gelditu zan bizitzen, profetek esan ebena bete zedin: «Nazaretarra deituko deutsoe».

EBANJELIOA /B

Irakurgai laburragoa egin nahi bada, kako [ ] artean emoten dan zatia itzi daiteke.

Umea hazten joian, eta jakituriaz beteten

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik (Lk 2, 22_40)

Moisesen Legearen arabera, amari garbikuntza egiteko unea heldu jakonean, gurasoek Jerusalemera eroan eben Jesus, Jaunari aurkezteko. [Izan ere, honan dago aginduta Jaunaren legean: «Lehen-seme guztiak Jaunari sagaratuko jakoz». Jaunaren legean ezarritako oparia ere eskeini behar eben: «Usapal bi edota usakume bi».

Bazan Jerusalemen Simeon izeneko gizon bat, gizon zintzo eta jainkozalea, Jainkoak Israel noiz kontsolatuko zain egoana. Espiritu Santua beragaz eban, eta aditzera emon eutsan ez zala hilgo Jaunaren Mesias ikusi arte. Eta Espiritu Santuak eraginda tenplura joan zan.

Gurasoek Legeak agintzen ebana beteteko Jesus umea tenpluan sartzean, hartu eban Simeonek umea besoetan eta Jainkoa bedeinkatu eban, esanez:

«Orain itzi daikezu, Jauna,

zeure morroi hau bakean hilten,

Zeuk agindu zenduan lez.

Ikusi dabe nire begiok Zugandiko salbamena,

herri guztien aurrean Zuk aurkeztua:

Nazinoak argitzeko argia

eta zure herri Israelen ospea».

Umearen aitamak harriturik egozan umeagaitik esaten ziranakin. Eta Simeonek bedeinkatu egin zituan, eta umearen ama Mariari esan eutsan:«Begira, hau israeldar asko jausteko eta beste asko jagiteko ipinita dago; eztabaida sortzen dauan ezaugarri izango da, holan bihotz askotako asmoak agirian gelditu daitezan. Eta zuri ezpata batek aldez alde zulatuko deutsu arimea».

Bazan profetesa bat ere, Ana eritzona, Fanuelen alabea, Aserren jatorrikoa. Urteetan oso aurreratua zan; gaztetan ezkondu eta zazpi urtez senarragaz bizi ondoren, alargun gelditu zan, eta bazituan laurogeita lau urte. Gau eta egun tenpluan egoten zan, barau eta otoitz, Jainkoa zerbitzen. Ordu haretan han egoan, eta Jainkoa goratzen eta umeari buruz berbetan hasi jaken Jerusalemen askatasunaren zain egozan guztiei.]

Jesusen gurasoak, dana Jainkoaren legeak agintzen dauan lez bete ondoren, Galileara bihurtu ziran, euren herri Nazaretera. Umea hazten eta indartzen joian, jakituriaz beteten eta Jainkoaren grazia beragaz eban.

ESKARIAK /B

† Bizikidetzea zein gatx egiten jakun ondo dakigunok badaukagu Jainkoaren aurrean eskale agertzeko ziorik (motiborik). Apaltasunez eskatu daigun, ba:

—Eliz amaren alde: kultura eta egoera guztiz ezbardineko seme-alabaz osoturiko familia danez, danen beharrizanei entzumen emoten eta egoerak Jainkoaren argitasunez argitzen jakin daian, eskatu deiogun Jaunari.

—Arazo artean bizi diran familien alde: behar leuken laguntzea aurkitu ahal izan daien, eta egoereari zintzotasunez erantzutea bilatu daien, eskatu deiogun Jaunari.

—Apurketa izan ondoren, orain beste familia bat eratu dabenen alde: izan daien ingurukoen oneritxia eta baita Elizearen aldetiko laguntzea ere, eskatu deiogun Jaunari.

—Familien egoerea gehien dastatzen, baina baita sufritzen, daben umeen alde: inoiz ez daitezan erabiliak izan, edo kale gorrian aurkitu, maitasunean babestuak izan daitezan baino, eskatu deiogun Jaunari.

—Nazareteko Familia santua aintzat hartzen dogunok Jainkoa otseintzea bilatu daigun, otoitzera jo, eta danentzako errespetua eta laguntasuna zabaldu daiguzan, eskatu deiogun Jaunari.

† Jainko hirukoitza: emoten deuskuzun familia-ereduan oinarriturik, bizikidetza aberasgarria egiten ahalegindu gaitezela. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.

Ebanjelioa /C

Gurasoek irakasleen artean aurkitu eben Jesus.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik (Lk 2, 41-52)

Jesusen gurasoak Jerusalemera joaten ziran urtero erromes Pazko-jaietan. Jesusek hamabi urte bete zituanean, Jerusalemera igon eben jaietara, ohitura zan lez. Jaiegunak amaiturik gurasoak etxerantz abiatu ziranean, Jesus umea Jerusalemen gelditu zan, hareek jakin barik. Erromeskideen artean etorrelakoan, egun bateko bidea egin ondoren, haren bila hasi ziran taldeko senide eta ezagunen artean. Eta aurkitzen ez ebela, Jerusalemera bihurtu ziran haren bila.

Hiru egunen buruan, tenpluan aurkitu eben, irakasleen artean jesarrita, hareei entzuten eta itaunka. Entzuten eutsoen guztiak txundituta egozan erantzunetan azaltzen eban argitasunagaitik. Gurasoak, ikusi ebenean, harrituta gelditu ziran, eta amak esan eutsan: «Seme, baina zergaitik egin deuskuzu hori? Horra zelako atsekabez ibili garan aita eta biok zure bila!» Harek erantzun eutsen: «Zergaitik ibili zaree nire bila? Ez al zenkien Nik neure Aitaren etxean egon behar dodala?» Hareek, ostera, ez eben ulertu zer esan gura eutsen.

Jesus Nazaretera jaitsi zan hareekin, eta hareen menpean bizi zan. Haren amak bere bihotzean gordeten zituan gauza guzti honeek.

Jesus, barriz, aurrera joian jakiturian, gorpuzkeran eta grazian, Jainkoaren eta gizakien begietan.

ESKARIAK /C

† Hirutasunean familia bakar danagana joten dogu gure arazoak eta amesak eta eskariak berari aurkezteko:

—Elizearen alde: arazo handien artean bizi diran familien ondoan egoten jakin daian, eta hareentzat argi, laguntza eta adore izan daiten, eskatu deiogun Jaunari.

—Gizaki guztiok eratu behar izango eta gura izango geuken familia bakar, alkarrentzako begiramenduna eta alkarri laguntzekoa, eraikitzen jardun daigun, eskatu deiogun Jaunari.

—Euren etekin bila baino jokatzen ez dabenak, behartsuen negarrari erreparatuz, uste horreetatik jatsi daitezan, hareik euren senide lez onartuz, eskatu deiogun Jaunari.

—Gaurko familiek seme-alabak eukiteko eta hareik maitatzeko eta hezteko erea izan daien, eta baita honek eskatzen deutsen ausardia eta adorea ere, eskatu deiogun Jaunari.

—Kristau alkartetik autokritika egiteko gauza zain gaitezan, gure ziurkerietatik urteten ahalegindu, eta ebanjelioko argitasuna eta poztasuna zabaltzeko alkar adoretu daigun, eskatu deiogun Jaunari.

† Nazareteko Familiaren irri-barreaz beteten gaituzun Jainko maitalea: izan gaitezala gure familietako poz-iturri. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.

HITZALDIA

Senideok: Nazareteko Familia Santuaren aurrrean jarten gaitu gaurko Liturgiak, gaur eta hemen bizi garanontzat esanguratsu balitz lez. Eta zer esannahi aurkitu geike Familia horretan? Itxura baten, eredu litzateken familia baten aurrean gagozela esan geike. Baina zertan litzateke eredu gaur egungo familientzat Nazareteko Familia Santua?

Badakigu ze egoeratan dagozan gaurko familiak gure inguruan, euretariko askotan familia izena bera ere ea emon ete leien uste dogunean. Zeri deritxogu familia? Etxe baten bakarrik gelditu dan alargun bat (gizonezkoa nahiz andrazkoa izan) familia ete da? Alkar maite dabelako, alkartu diran andrazko bi edo gizonezko bi familia ete dira? Seme-alabarik bako bikote ezkondu edo ezkondubakoak familia osotzen ete dau? Seme-alabak behar ete dira familia izateko? Aurretiaz izandako familia utzita, beste familia bat eratu daben gurasoei familiako guraso deitu ete leie? Eta beste zenbat egoera ezbardin egon daitekezan gure artean, senideok.

Nahikoa ete litxakigu adimena alboratu, arazo askotxo dirala-ta, danen alde otoitz egiteaz, Jainkoak danei lagundu deiela bizikidetza on bat eroaten eskatuz? Horretan geratuko bagina, zertan litxakigu eredu Nazareteko Familia Santua?

Aitatu baino egin ez dogun familia era aniztasunak beste zeozer eskatzen deuskula uste dot. Lehengo aldietako eredu bakarreko gizartetik urten eta eredu anitzeko gizartera sartu gara, eta gure sinismena, kristautasuna eta eliztartasuna hortxe ikasi behar dogu bizi izaten. Horren eredu lirateke ebanjelioko Simeon eta Ana; euren aukereak erantzuna izan eban: gurasoek legeak agindutakoa betetera datoz jauretxera, eta dakarren umeagan aurkitzen dabe Jainkoaren erantzuna; itxaroten egozanen ezaugarri jarten deuskuz ebanjelioak Simeon eta Ana.

Gu lasai bizi izan gara eratutako gizarte baten. Baina apurtu da gure lasaitasuna, zeri oratu ez dakigula, hainbeste eta hainbeste aukeraren artean.

Lehenengo irakurgaiak aurkeztu deuskun gurasoenganako lotsazko familia lez eratu gura dogu gurea? Maitasunak familia-kideak alkarren menpe jarten dauzan familia gura dogu, otoitzean eta Jainkoagazko esker oneko hartu-emonetan oinarritua? Ala beste era bateko familia bat osotu gura dogu?

Nazareteko Familiak, inor ezertara behartu barik, Legea betetean bilatzen dau Jainkoaren gogoko izatea. Zein litzateke zure aukerea? Orain arte erreza izan bada (besterik ez egoalako), gaur egun ondo hausnartu behar izango geuke zelan nahi dogun bizi izan: bakarrean dala, seme-alabak sortuz edo oraindino guztiz onartua ez dan maitasun bikotean… Guretzat Jainkoaren gogoko izatea litzateke aukerea, eta horretan dogu eredu Nazareteko Familia Santua.

Bera gogoan izan gaitezela bizitz aukerea egiteko gauza; eta izan gaitezela besteen aukerak errespetatzekoak eta geureak eredu jartekoak.

HITZALDIA

Nazareteko Familia Santuak, senideok, ezinbestean jarten gaitu hain eztabaidatua dogun gaur egungo familiaren aurrean, geure familien aurrean. Krisia baino berba ugariagorik ez da entzuten gure inguruan. Familia krisian dago, gure gizartea, gure kulturea eta gure inguru osoa krisian dagozan lez. Krisian dagoz baloreak, morala, fedea, hartu-emonak, ekonomia… zer ez dago, ba, krisian? Dana. Eta txarra da hori?

Horren ondoan, beste berba bat ere badarabilgu, ugari erabili ere: aniztasuna, dibertsitatea… danok bardinak ez garala eta ez daukagula izan beharrik ere onartzea. Eta, ondorioz, ez daukagula danok bardin uste izan beharra, edo bardin jokatu beharra, edo bardin sinistu beharra…, eta abar. Mundu honetan, eskari lez, errespetua eskatzen da. Hau da: ezbardina errespetatu daigula.

Aniztasun honek eta bere aldeko errespetua eskatze horrek, senideok, gure inguruaganako beste ikuspegi bat emon deusku. Ez dago aurretikoen eskemak eta jokerak eta izakerea errepikatu beharrik; bilatu geike bakotxak berea zein litzateken; eta gizarteak leku egin behar izango leuskio bakotxaren aukereari eta bere nortasuna eraikitzeko ereari.

Teoriaz errez onartzen dogun hau ez da hain erreza bizitzaratzea. Gatazkak (konfliktoak) sortzen dira, orain artekoek aginduak betetea bilatzen ebelako; oraingoek agindurik onartzen ez dabelako. Hondo-hondoan zera ikusten da: ez gengozala gertuak aldi barriei erantzun ahal izateko, eta ikasi beharra, eta, ikasia, alkarbanatu beharra daukagula.

Oraindino eliz-irakaskintza batzuetan nabarmen agertzen da lehengo ikusmoldeetatik eratu nahi dala gaurko bizikerea; eta elizan bertan ikusten dira beste era bateko jokabide eta pentsamoldeak ere. Honek ez gaitu eroan behar danak bat ez badatoz nik neuk nahi dodana egin daiket esatera eta halan jokatzera. Bestetara baino: begiratzera eta arduratsun guztiaz epaitzera.

Nazareteko Familia hortxe daukagu; begiratu deiogun. Zer ikusten dogu? Gogoan izan nahi-ta-ez baldintzapetuko gaituela geure jarrerek eta ikusmoldeek. Otoitzean, argia eskatu, ba. Gaingiro baten, Nazareten gizonezko bat (Jose) eta andrazko bat (Maria) ikusten doguz, eta bien arteko semea dan jaiobarria (Jesus). Baina, halan ete da? Sakonagora begira, sinismenetiko hausnarketa bat egin ondoren…, ume harengan Jainkoa bera aurkitu gura dogu; emakume harengan Jainkoari BAI erantzuten deutson (hau da: Jainkoaren esanetara dagoan) emakumea; eta gizon harengan Jainkoaren egitasmoa onartzen dakian eta familiari loturea emongo deutson gizona.

Baina familia honetan apurketa handiak gertatu dira eta gertatuko; arazo handiak bizi izan dabez, eta bizi izango dabez; baina zer edo ha azpimarratzekotan, hauxe esan geike: danak dagoz Jainkoaren esanetara; honexek alkartzen dauz euren ezbardintasunean.

Senideok, ba: alkartasuna dagoan lekuan Jainkoaren atzamarra edo presentzia ikusten eta autortzen ahalegindu gaitezan; eta, Jainkoaren presentzia gauzatu gura badogu, ahalegindu gaitezan alkartasuna lantzen eta eraikitzen. Hainbeste gora-behera eta ezbardintasun eta aniztasunen aurrean, bilatu daigun, otoitzera abiatuz, besteengan Jainkoaren presentzia zelan gauzatzen dan bilatzen, eta hari norberaren izakeratik eta aukeretatik erantzuten, besteenganako errespetuz eta begiramenez.

HITZALDIA /C

Senideok: gaurko liturgiak Familia Santuaren aurrean jarten gaitu Gabonetako giro aparta dogun honetan, eta Nazareteko familia hori emon gura deusku gure familien eredu. Gizaldietan zehar izan da holan; eta gaur ere holantxe izan daitekela uste izan geike. baina, ba ete da holan?

Ez dira falta Nazareteko Familiaren irudi idealizatua eta interesatua emoten izan jakula dinoenen ahotsak. Ez dira gitxi gaurko familiak lehengoagaz ez daukala zer ikusirik dinoenak; edo, hobeto esanda, gaur egun ezin daitekela familia irudi bakar bat proposatu edo idealizatu, hainbat famili-era edo irudi agertzen jakuzalako.

Gure artean ez dira gitxi holangoak-eta entzuteak gaizpidera daroazanak (eskandalizatzen diranak), betiko gauzek beti iraun behar dabela uste dabenak, eta eurenatik urtengo ez dabenak, eta Nazareteko Familiaren irudi interesatua idealizatuko dabenak…

Baina hona hemen galderea: bilatzen ete dogu holan Jainkoaren nahia eta haren berbea gardentasunez entzutea eta hari zintzotasunez erantzutea?

Frantzisko Aita santuak Familiaren inguruko Sinodo bat deitu eta egin barri dau. Eta ez dau jokatu orain arte jokatu izan dan lez. Oraingoan herri xumeari eskatu deutso bere iritzia, bere bizitzako praktikea, bere arazoen barri eta akatsak eta kezkak azaldu deiozala, askatasunez eta bildur barik…

Harritzekoa! Hau beste gauza bat da! hau ezjakina autortzea da, edo galdera guztien erantzuna ez daukala, behintzat. Zer aldatu da: Jainkoa?, Nazareteko Familia?, gure Fedea?... ala Jainkoari era pertsonalago baten erantzun behar deutsogula uste izatea? Orain arte, behar bada, danok batera erantzun deutsogula uste izan geikean; eta orain bakotxak bere zintzotasun eta sendotasunetik erantzun gura izatearen aurrean jarten gara. Eta zein makal aurkitzen gaituan aukeraketa honek! Askok eta askok lehengo erea izango dau nahiago… Eta hementxe dago arazoa.

Nazareteko Familia Santuaren deiari gaur egungo zintzotasunez erantzun gura badeutsogu, geure makaltasuna eta ohikeria autortzetik hasi behar izango geuke. Egin dau Aita santuak. Zabaldu egin behar izango geukez begiak eta baita bihotz errukitsua ere, gaur emoten diran familia ereduak ezagutzeko eta, euren zintzotasunean behintzat, aintzat hartzeko… Egin dau Aita santuak. Eta uholde horretan, bakotxak egin gura dogun familia eredua aurkitu eta jarraitzeko adore izan.

Aukera horretatixik begiratu geikeo apaltasunez eta baita itxaropenez ere eredutzat emoten jakun Nazareteko Familia santuari. Han, bakotxak bere eginkizuna dauka, eta danena Jainkoaren gogoa bilatzea eta betetea da: eten bakoa da haren altzoan Jainkoaren presentzia. Badinosku honek ezer?

OTOITZA

Nazareteko Familia emoten deuskuzu eredu Jauna;

hantxe egiten zaralako bat gure izateaz,

hantxe aurkitu dozulako leku

Mariaren apaltasunari eta baietzari esker.

Nazareteko Familia santua izan gura dot argi

nire bizitzako ilunak argitu daizan,

zuri bai erantzuten irakatsi deidan,

nire bizitzan leku zain daizun beti.

Ez daidala idealizatu familia eredu bakar bat;

gaurko familia ereduei begiratzen jakin daidala;

gaurko gizakien atsekabez eta zintzo erantzun guraz

bat egin daidala eta zeuri aurkeztu deizudazala,

zeu zaralako, Jauna, guztion onespen eta helburu.