020DOMEKEA_A

Abendu aldiko II. asteko domekea /A

I. Irakurgaia

Zuzen erabagiko dau apalaren auzia.

Isaias Profetearen liburutik (Is 11, 1-10) (ENTZUN)

Egun haretan, kimu bat sortuko da Jeseren zuhaitz-hondotik,

muskil bat erneko haren zuztarretik.

Haren gainean Jaunaren espiritua kokatuko da:

jakituria eta adimen-espiritua,

kontseilu- eta sendotasun-espiritua,

ezaguera- eta Jaunaganako begirune-espiritua.

Jaunaganako begirunea izango dau pozbide.

Ez dau auzia itxuraz bakarrik erabagiko,

ezta epaituko ere entzuten dauanaz.

Zuzen erabagiko dau behartsuaren auzia

eta zuzenbidez epaituko herriko apalak.

Bere ahoko zigorraz joko ditu gogorrak,

bere ezpanetako arnasaz hilgo gaizkileak.

Zuzentasunak eta leialtasunak inguratuko dabe,

gerrikoak gerria lez.

Otsoa bildotsagaz biziko da,

lehoinabarra bildotsagaz etzungo,

zekorra eta lehoikumea alkarregaz larratuko dira,

eta umetxo bat izango dabe artzain.

Behia eta hartza batean larratuko dira,

hareen umeak alkarregaz etzungo;

lehoiak lastoa jango dau, idiak lez.

Bularreko umeak suge-zulo gainean jolastuko dau,

eta bularra itzi barriak

suge gorriaren zuloan sartuko dau bere eskua.

Nire mendi santu osoan

ez dau inork kalterik, ez hondamenik egingo,

Jaunaren ezagueraz beteko da-eta lurraldea,

itsasoa urez beterik dagoan lez.

Egun haretan, Jeseren zuztarreko muskila

herrien ikurrintzat jasoko dabe;

herriak haren bila etorriko dira,

eta ospetsua izango da haren egoitza.

Erantzun Salmoa

R/. Zuzentasuna garatuko da haren egunetan,

eta bakea ugari betierean.

Emoiozu, Jainko, zeure auzia erregeari,

zeure zuzentasuna errege-semeari.

Zaindu begi zure herria zuzentasunez,

eta zure gizajoak zuzenbidez. R/.

Zuzentasuna garatuko da haren egunetan,

bakea ugari iretargia amatau artean.

Nagusi izan bedi itsasotik itsasoraino,

Ibaitik lehor-mugaraino. R/.

Onik atarako dau-eta oihuka diharduan jente xehea

eta laguntzailerik ez dauan dohakabea.

Apalarentzat eta behartsuarentzat izango dau errukia,

salbatuko dau behartsuen bizia. R/.

Betiko izan bedi haren izena,

eguzki-argia adina haren izenaren iraupena.

Lurreko leinu guztiak

haregan izango dira bedeinkatuak,

herri guztiek dohatsu autortuko dabe ha. R/.

II. Irakurgaia

Kristok gizon-emakume guztiak salbatzen ditu.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik (Erm 15, 4-9) (ENTZUN)

Senideok: Liburu Santuetan idatzita dagoan guztia gure ikasbiderako idatzi eben, geure eroapenaz eta Liburu Santuek emoten deuskuen adoreaz itxaropena izan dagigun. Eroapenaren eta adorearen iturri dan Jainkoak emon deizuela alkarregaz iritzi bereko izatea, kristauei jagoken lez, bihotz batez eta aho batez goratu dagizuen Jainkoa, Jesu Kristo gure Jaunaren Aita.

Holan, bada, egiozue alkarri harrera ona, Kristok zuei harrera ona egin deutsuen lez, Jainkoaren aintzarako. Hau dinotsuet: Jesu Kristo juduen zerbitzari egin zan, asabei egindako agintzariak beteten dituan Jainkoaren leialtasuna egiaztatzeko, eta harrera ona egin eutsen jentilei, Jainkoari, beraren errukiagaitik aintza emon deioen. Honan dino-eta Liburu Santuak:

«Ospatuko zaitut nazinoen artean, Jauna,

goratuko dot zure izena».

Ebanjelioa

Bihozbarritu zaiteze,

hurrean da-eta zeruetako erreinua.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik (Mt 3, 1-12) (ENTZUN)

Egun hareetan, Joan Bateatzailea Judeako basamortuan agertu zan, iragarriz: “Bihozbarritu zaiteze, hurrean da-eta zeruetako erreinua”. Joan honi buruz esan eban Isaias profeteak:

«Berba batek oihuka dihardu basamortuan:

Prestatu bidea Jaunari,

zuzendu bidezidorrak Hari».

Joanek gamelu-narruzkoa eban jantzia, eta gerrian narruzko uhala; matxinsaltoak eta basaeztia ebazan janari.

Jerusalemetik, Judea osotik eta Jordan aldetik haregana joaten zan jentea, eta, euren pekatuak autorturik, Joanek bateatu egiten ebazan Jordan ibaian. Fariseu eta saduzear asko bateoa hartzera etorkola ikusirik, esan eutsen Joanek: «Sugekumeok! Nork irakatsi deutsue, gainean dozuen hasarreari ihes egiten? Emon egizuez bihozbarritzeari jagokozan frutuak, eta ez esan zeuen barruan: "Guk Abraham dogu aita". Hara zer dinotsuedan: harri honeetatik ere sortu deikeoz Jainkoak seme-alabak Abrahami. Ezarri deutsoe dagoaneko aizkorea zuhaitz-hondoari: frutu onik emoten ez daben zuhaitz guztiak hondotik ebagi eta sutara botako dabez.

Nik urez bateatzen zaituet, bihozbarritu zaitezen; baina nire ondoren datorrena ni baino ahaltsuagoa da, eta ni ez naz inor Haren oinetakoak eroateko ere; Harek Espiritu Santuaz eta suz bateatuko zaitue. Eskuan dau sardea eta larraina garbituko dau; garia garautegian batuko dau; lastoa, barriz, amatau ez daiteken sutan erreko».

HITZALDIA (ENTZUN)

Senideok: buru-belarri gagoz sartuta itxaropen aldia dogun aurtengo Abenduan eta, behar bada, ez dogu itxaropenerako zantzu larregirik ikusten, eta bai, ostera, etsipenerako. Baina zelan begiratzen dogu gure historia etsipenera bidean ikusteko?

Lehenengo irakurgaian agertu jakun Isaias profeteak, gerrate baten egiten dan eta hantxe izten dan hondamenean bertan, itxaropen zantzuak ikusi dauz eta hauxe erakutsi gura deutse herritarrei: eperditik moztutako zugatzean bizitzearen zantzuak agertzen dirala, kimu barria; ez da dana hondamena. Eta kimu barri hori Mesiasen ezaugarria izango da.

Jainkoak ez gaitu hondamenerako sortu; gure txarkeriei ez-ikusi eginez, bere salbamenera deitzen deusku, eta bidea erakusten dihardu. Profetea, Paulo eta Bateatzailea bide horren erakusle doguz. Emongo ete deutsegu gure entzumena eurek dinoskuenari?

Profeteak, irudi eder eta itxaropentsuak erabiliz deitu gaitu itxaropenera; Jainkoaren guraria gizakion ona da, inguruagazko eta bakotxaren bere buruagazko bakea, zoriona. Entzun deiogun berari. Ez deiegun emon entzumenik gorrotora, apurketara, gerrara eta alkar zapaltzera garoezan ahotsei.

Profetearen berba gozo eta bihotz altxagarriok entzun ondoren, Bateatzailearen zemai ahotsa ere entzun dogu: gure bihozbarritzeak ez dau axalekoa edo itxura hutsezkoa izan behar. Hori ezin dau jasan Bateatzaileak. Ezin geratu geintekezela —dinosku— gure elizkizunak-eta, betekizunak-eta, zintzo daroaguzala esatean, horrek benetako bihozbarritzera ez bagaroaz. Jainkoak ez deutse begiratzen gure elizkizunei edo axaleko egintzei; gure bihozbarritzeari begiratzen deutso.

Hauxe da Paulok, eredutzat Kristo jarriz, iragarri deuskuna, Jainkoaren berbea dogula lagun esanez. Eta hona hemen zertara bultzatzen gaituan Jainkoaren berbeak, Kristo eredu: alkarri harrera on egitera, eta Jainkoa alkarregaz goraltzera, aintzaltzera.

Ezin geratu geintekez, ba, senideok, bakotxak bere salbamena bilatzeari edo emoten deutsola Jainkoari aintza elizkizunetan esku hartzen dauala-ta uste izatean. Jainkoak bere seme-alaba guztiok senide gura gaitu, alkartasunean, bere herri bakar eta beste danentzako eredu…

Egoereak etsipenera eta hondamenera garoazala ikusiz, ez gaitezan geratu geldi, inor erruduntzen, edo beste era bateko agintariak eta gidariak eskatzen. Geurea izan behar dau erantzunak, eta ba daukagu itxaropenerako zio (edo arrazoirik): Jainkoaren nahia da gure zoriona, eta eten barik daukagu deika bere berbea eta ereduak emonez.

Entzun-gor eginez erantzungo ete deutsogu, edo axaleko egintzez eta itxurakeriez? Itxaropenean bizi izan gura dauanak zintzotasunetik erantzutea bilatuko dau, besteen bildur edo lotsa barik, uste osoa Jainkoagan jarrita, haren berbearen gidaritzapean.

OTOITZA (ENTZUN)

Profeteak itxaropenezko berbak dinoskuz,

eta Bateatzaileak zemai-oihuak aldarrikatzen.

Erdian, ingurura begira dihardut nik

ea besteek zer egiten daben ikusten.

Eta ustelkeria handia dagola agintedunengan,

eta bakotxa berea zaindu guran dabilala,

arrazoiz, ezer gitxi daukala-ta,

eta etsipenerako kanpai-hotsa ez ete dan nago.

Neure etorkizuna, neure salbamena dago jokoan

eta ez dot egoenean egon gura

edo besteek aldatu behar dabela pentsatzen.

Neuk erantzun gura deutsut zintzotasunetik.

Zatoz, Jesus Jauna!