12/25_jaunaren_jaiotza

EGUNEKO MEZEA

I. Irakurgaia

Lurbiraren bazter guztiek ikusiko dabe

gure Jainkoaren salbamena.

Isaias Profetearen liburutik (Is 52, 7-10) (ENTZUN)

Bai ederrak dirala mendi gainetan

albistariaren oinak!

Bakea iragarten dau,

zorionaren barri ona emoten

eta salbamena iragarten!

Sioni dinotso:

«Zure Jainkoa errege da»

Entzun zure zaintzaileen oihua!

Oihuka dihardue,

poz-irrintzika, guztiek batera;

euren begiz ikusten dabe-eta

Jauna Sionera bihurtzen.

Ekin poz-oihuka guztiok batera,

Jerusalemeko horma jausiok;

Jaunak bere herria kontsolatu dau-eta,

eta askatu dau Jerusalem.

Herri guztien aurrean erakutsi dau Jaunak

bere beso santuaren indarra,

eta munduko bazter guztiek ikusiko dabe

gure Jainkoaren salbamena.

Salmoa

Sal 97, 1. 2-3ab. 3cd-4. 5-6

R/. Ikusi dabe lur-muga danek gure Jainkoagandiko garaipena.

Kanta Jaunari kantu barri,

egin ditu-eta hainbat harrigarri.

Bere eskuinak emon deutso garaipena,

bere beso santuak. R/.

Ezagutuazo dau Jaunak Beragandiko garaipena,

agertu dau atzerrien aurrean bere zuzentasuna.

Oroitu da bere maitasunaz,

Israel etxeari deutsan leialtasunaz. R/.

Ikusi dabe lur-muga danek

gure Jainkoagandiko garaipena.

Lur osoa, egiozu txalo Jaunari,

egin oihu eta irrintzi, egin eresi. R/.

Eresi Jaunari kitararekin,

kitara eta salterio ozenarekin;

turuta eta adar hotsean,

egin txalo errege dan Jaunaren aurrean. R/.

II. Irakurgaia

Jainkoak Semearen bidez berba egin deusku.

Hebrearrei egindako gutunetik (Heb 1, 1-6) (ENTZUN)

Askotan eta era askotara berba egin eutsen antzina Jainkoak Profeten bidez gure asabei; azkenak diran egun honeetan, barriz, bere Semearen bidez berba egin deusku. Seme hau egin eban gauza guztien oinordeko, egin ere Beraren bidez egin eban-eta mundua.

Bera da Jainkoaren aintzaren disdira eta haren izatearen irudia. Berak eusten deutse gauza guztiei bere berba indartsuaz. Eta, pekatuen garbikuntza egin ondoren, Jainko handiaren eskumaldean jesarri zan zeru-goienetan, aingeruak baino gorago jarria, ondaretzat jaso eban izena ere hareena baino goragokoa dan ezkero.

Izan ere, zein aingeruri esan deutso inoiz:

«Nire Seme zara Zu;

Neuk zaitut gaur sortu»?

Eta beste behin:

«Aita izango nau Harek Ni

eta Seme izango dot Nik Ha»?

Bere Lehen-semea barriro munduan sartuazotean, dino:

«Gurtu begie Bera Jainkoaren aingeru guztiek».

Ebanjelioa

Berbea haragi egin zan,

eta gure artean jarri eban bizilekua.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik (Jn 1, 1-18) (ENTZUN)

Hasieran bazan Berbea,

eta Berbea Jainkoagaz zan,

eta Jainkoa zan berbea.

Berbea hasieran Jainkoagaz zan.

Gauza guztiak beraren bidez eginak dira,

eta egindakorik ezer ez da Ha barik egin.

Berbeagan zan bizia,

eta bizia gizakien argia zan;

argiak ilunpetan argi egiten dau,

baina ilunpeek ez eben onartu.

[Agertu zan gizon bat, Jainkoak bialdua: Joan eban izena. Autormenerako etorria zan: argiaren autormena egitera, haren bidez guztiek sinestu egien. Bera ez zan argia, argiaren autormena egin behar ebana baino.]

Berbea zan egiazko argia,

mundura etorriz gizaki guztiak argitzen dituana.

Munduan egoan

eta mundua haren bidez egina dan arren,

munduak ez eban ezagutu.

Bereakana etorri zan,

eta bereek ez eben onartu.

Onartu eben guztiei, barriz,

haren izenean sinesten dabenei, hain zuzen ere,

Jainkoaren seme-alaba izateko ahalmena emon eutsen.

Honeek ez dira giza odoletik sortu,

ez eta giza nahieratik ere,

Jainkoagandik baino.

Eta Berbea gizon egin zan,

eta gure artean jarri eban bizilekua,

eta ikusi dogu haren aintza,

Aitagandik graziaz eta egiaz betea

datorren Seme bakarrari jagokon aintza.

[Joanek Haretaz egin eban autormen, oihuka esanez: «Hau zan nik esan neban Ha: Nire ondoren datorrena nire aurretik jarri da, ni baino lehenagokoa zan-eta».

Eta haren betearen betetik guztiok hartu dogu, grazia graziaren gain hartu ere. Legea Moisesen bidez emon zan; grazia eta egia, barriz, Jesu Kristoren bidez etorri dira. Jainkoa ez dau inork inoiz ikusi; Aitaren altzoan dagoan eta Jainko dan Seme bakarrak emon deusku haren barri.]

Eskariak

† Bete egiten dauz bere agintzariak Jainkoak eta erakutsia emoten deusku: bere loturetatik askatu egiten dauala gizakia, haretaz errukitu egiten dala eta bere altzoan hartzen dauala gozotasunean. Agertu gakiozan esker oneko,

AINTZA TA GORALPENA ZURI, JAUNA, esanez

—Gure artean gizon eginez agertuz, gutaz ez zarala ahaztu, salbamen-bidean gura gaituzula baino erakusten deuskuzun Jainkoa, zure salbamenaren sakramentu dan Elizeak eten barik iragarri daiala zure aintza, AINTZA TA GORALPENA ZURI, JAUNA.

—Handia izanik txiki agertzen zaiakuzan Jainko ahaltsua: gure arteko agintari eta handikiek zeugan eta ez beste inor edo ezerengan hartu daiela irudi, behekoekaz lagun izan daitezan, eta hareik gora jaso daiezan, AINTZA TA GORALPENA ZURI, JAUNA.

—Gure loturetatik askatzera eta gatxetatik osatzera zatozan Jainko Salbatzailea: gure ezkutuetatik urten eta zauriak eta loturak erakutsi dizuguzala zure salbamenaren poza izan daigun, AINTZA TA GORALPENA ZURI, JAUNA.

—Gizakiagan bere barruko bakea eta poza sortuazoten dozuzan Jainko poz-emoile horrek amorruz eta gorrotoz gainezka dagozen bihotzak garbitu eizuz, eta bete zeure bakez eta pozez, gerra bako mundu baketsu eta solidarioa egin ahal izan daigun, AINTZA TA GORALPENA ZURI, JAUNA.

—Bera barik egin zenduan gizakia ezin zeike salbatu bera barik, eta bera bialtzen dozu zure barri-emoile eta salbamen egile; emoiguzuz hain beharrezko doguzan testiguak, profetak, bokazinodunak, aurrelariak… eta eurei jarraitzeko adorea, AINTZA TA GORALPENA ZURI, JAUNA.

† Zeure Semeagan ondasun guztien oinordekide egiten gaituzun Jainko Aita/Ama: atara gaizuz gure ilunaldi guztietatik eta izan gaitezela argitasun distiratsu gure inguruan. Jainko eta errege bizi zara-ta, gizaldi eta gizaldietan.

—Amen.

HITZALDIA (ENTZUN)

Senideok: mundu guztiak argiaren jaiotzea ospatzen dauan honetan Salbatzailearen jaiotzea ospatzen dogu kristauok, gure bizitzako argia Kristo Jesus dala autortuz.

Poztu egiten da mundua jaiotza horretan; eta poztu egiten gara gu, kristauok, jaiotza honetan; baina ez dogu bat egiten munduak eta guk poztasun beratan…

Penagarria, baina halaxe da. Eta penagarriagoa, behar bada, kristauon poza mundukoena langoa bada, edo izan dalako, eta ez jainko-poza.

Ederra da argiaren jaiotzea ospatzea, beharrezkoa daualako gizakiak argia. Baina gizakiaren bizitzea ez da jaiotzatik heriotzara arteko tarte hutsa. Zoroa ete da holan uste izatea?

Uste horretan jarten dau Jaio Barriak beragan sinisten dauana: gizakiok, Jainkoaren aparteko egintza garanok, betiraun guztirako beragaz zorionean bizi izateko eginak garala dinosku. Hauxe da benetako berbea; hauxe da benetako argia; hauxe da benetako bizia.

Berba egin dau Jainkoak gizakiak ulertzeko hizkuntzan. Baina, antza danez, ez deutso gizakiak ulertu. Giza-itxuran agertu da, giza familiatik sortua; eta gizakiak ez dau holangorik itxaroten izan, antza. Gizakiak beretzat gura izan dau Jainkoa (gura izaten dau): bere ezinak gainditzeko indar edo laguntza lez, antza; eta Jainkoak besterik agertzen deutso bere umetasunean, gizatasunean: bera danentzakoa dala, eta gizakiak danengana zabaldua egon behar dauala. Hona, ba, salabmen mezua. Ulertuko ete dogu?

Gizakia bere senidearen arazo eta atsekabeetan sartzen danean, bestearentzat argi eta indar bihurtzen da: salbamen. Eta hauxe da jaiotza egunak gugan sorrerazten dauana. Eta hauxe da iragarri behar doguna, eta bizikiro ospatu: ez gara norberetzakoak, bata bestearentzakoak baino; eta besteentzako agertzen eta egiten garanean, salbamena sorrerazten dogu. Orduan dira gure oinak mezulariarenak bezain ederrak; orduan darabilgu Jainkoaren hizkera bardina; orduan egiten deutsogu leku gure makaltasunetatik atarateko jatorkun Salbatzaileari…

Jainkoa, bizitzako benetako argia, gure artean jaio dala sinistu eta ospatzen dogunok, eroan deiogun gure inguruari mezu salbagarri hau, gure ondoko behartsuekaz, bakartadean eta ilunpetan dagozenekaz laguntzaile eta alkarbanantzaile agertuz. Goretsi daigun Jainkoa esker oneko bizikera salbagarriaz.