abn03c

ABENDUALDIKO III. DOMEKEA

(LAGUNGARRIAK HEMENTXE IKUSI)

I. IRAKURGAIA

Jauna pozez jauzika dabil zugaitik.

Sofonias Profetearen liburutik (So 3, 14-18a)

Egin poz-irrintzi, Siongo uri!

Egin oihu alai, Israel!

Poztu zaitez bihotz-bihotzez,

alaitu, Jerusalem!

Urratu dau Jaunak zure kontrako erabagia,

atzeratuazo ditu zure arerioak.

Jauna, Israelgo erregea, zure erdian dago:

ez dozu gehiago bildurrik izango.

Egun haretan, honan esango deutsoe Jerusalemi:

“Ez izan bildurrik, Sion!

Ez beitez jausi zure eskuak!

Jauna, zure Jainkoa, zure erdian dago salbatzaile indartsu!

Pozaren pozez alaitzen da zugaitik,

bere maitasunez bizibarritzen zaitu.

Pozez jauzika dabil zugaitik,

jaiegunez lez”.

ERANTZUN SALMOA

Is 12, 2. 3 eta 4bcd. 5-6

R/. Goratu egizue irrintzika,

handi dago-eta Israelgo Santua zure erdian.

Hara, Jainkoa da nire salbatzaile;

badot uste on eta ez naz bildur.

Jauna da-eta nire indar eta kemen,

Bera izan da nire salbamen.

Aterako dozuez urak pozetan,

salbamenaren iturrietan.

”Eskerrak Jaunari, Haren izena oihu egizue.

Ezagutuazo herrietan Haren eginen bikainak,

iragarri egizue Haren izen garaia. .

Kanta Jaunari, egin ditu-eta aitatzekoak,

Ezagutu begie hau lurbira osoan.

Sionen bizi zareenok, goratu egizue irrintzika,

handi dago-eta Israelgo Santua zuen erdian”.

II. IRAKURGAIA

Hurrean da Jauna.

San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako gutunetik (Flp 4, 4-7)

Senideok: Zagoze beti pozik Jaunagan; barriro dinotsuet, zagoze pozik. Ezaguna izan bedi gizaki guztientzat zuen bihotz ona. Hurrean da Jauna. Ez izan ezeren kezkarik, gorabehera guztietan agertu, ostera, zeuen eskabideak Jainkoari, otoitz eta erregu eginez eta eskerrak emonez. Eta guk pentsatu daikeguna baino handiagoa dan Jainkoaren bakeak gordeko ditu zuen gogo-bihotzak Kristo Jesusen bidez.

EBANJELIOA

Zer egin behar dogu?

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik (Lk 3, 10-18)

Aldi haretan, honan itauntzen eutsan jenteak Joan Bateatzaileari: “Zer egin behar dogu?” Eta harek erantzuten eutsen: “Soineko bi dituanak emon begio bat ez dauanari, eta jatekorik dauanak egin begi gauza bera”.

Etorri jakozan zergalari batzuk ere bateatzera eta itaundu eutsoen: “Maisu, zer egin behar dogu?” Eta berak esan eutsen: “Ez eskatu erabagita dagoana baino gehiago”.

Gudariek ere itaundu eutsoen: “Eta guk zer egin behar dogu?” Berak erantzun: ”Ez atara inori dirurik gogorkeriaz, ezta guzurrezko salaketaz ere; konformatu zaiteze, ostera, dozuen soldateagaz”.

Herria zain-zain egoan eta danak pentsetan eben ez ete zan Joan Bateatzailea Mesias izango. Joanek guztiei adierazo eutsen: “Nik urez bateatzen zaituet; baina badator ni baino ahaltsuagoa dana eta ni ez naz inor beraren oinetakoen lokarriak askatzeko ere. Harek Espiritu Santuaz eta suz bateatuko zaitue”. Eskuan dau sardea, larraina garbitu eta garia sabaian batzeko; lastoa, barriz, amatau ez daiteken sutan erreko dau”.

Honeen eta beste aholku askoren bidez, Barriona iragarten eutsan herriari.

Hitzaldia

Abendualdiko hirugarren domeka hau galdera bategaz jatorku eta hainbeste kezkagaz. Galderea: «Eta guk zer egin behar dogu?» Eta Bateatzailearen erantzunetik eta oihuetatik sortuko jakuz kezkak.

Lehenengo kezkea geurea litzateke: edonork galdetzen dau ea berak zer egin behar dauan, ala bila dabilanak, bere egoeratik urten gura dauanak? Guk, senideok, bizi dogun egoeratik urtetea gura dogu, ala gagozan lez ondo gagozala, ez daukagula aldatu beharrik eta, aldatu beharrekotan besteek aldatu behar dabela uste dogu? Halan uste dabenak egon daitezela adi Bateatzailearen dei eta oihuetara, gogor zuzenduko deutso-ta gaitzespena.

Baina gure egoereaz kezkatuta, Salbatzailearen etorrerea geure bizikerea aldatuz prestatu gura dogunok, galdetu deiogun Bateatzaileari geuk ere zer egin behar dogun. Eta Bateatzaileak ez deusku eskatuko edo iragarriko inondiko gauzarik, gauzarik xinpleena baino; ez deusku eskatuko moralismorik, ez hobeak izaterik, ez otoitz gehiago edo gartsuago egiterik, ez meza gehiagorik edo aparteko sakrifiziorik; ez. daukaguna banantzeko eskatuko deusku; geure ahalmena edo agintea ondo erabilteko; gure ofizioan zintzo jokatzeko; senidearen lepotik ez egiteko ez negoziorik ez barrerik… Eguneroko bizitzan egin geikezan eta egin behar doguzan gauzak, bajatorkun Salbatzaileari ateak eta bihotza zabaldu gura badeutsogu, behintzat.

Hain erreza ete da gure zorionak, poztasunak, alaitasunak, senidearen egoeran oinarritu behar dauala ulertzea? Hain erreza ete da guk gainezka daukaguna senide behartsuarena dala ulertzea? Antza bai. Ikusten doguzan arren behartsuak, ondasunak pilatzen jarraitzen dogulako; edo txarrago dana: alperrik galtzen.

Bateatzailearen gomendioa gaurkotasunez ulertu gura badogu, senideok, Aita Santuak idatzi deuskun enziklikara jotea baino ez daukagu. Harek Izadia arriskuan ikusten dau. Eta ez Multinazionalek edo Petrolerek edo Farmazeutikek edo Kimika enpresek egiten deutsezan erasoekaitik bakarrik, geuk, gutariko bakotxak ere egiten deutsoguzan erasoekaitik ere bai baino. Ondo dago harei ez kutxatzeko edo ekoizpen iraunkorrerako bideak bilatzeko eskatzea; baina horri geure ekarpena gehitzen ez badeutsogu hareek ezin izango dabe gure eskakizuna bete. Geu gara kontsumitzaileak, eta merke, ona eta asko gura dogunak; eta honek Izadia esplotatzera eta pobrea hondatzera daroa. Gure bizikerea aldatu beharra dogu, ba: kontsumoa murriztu, hondakinak berziklatu, daukaguna neurriz erabili eta ezer ez alperrik galdu, eta behartsuagaz partekatu.

Bateatzaileak berba gogorrak euki dauz azaleko jokabideaz erantzun gura izan eutsonentzako: ez dala nahikoa Abrahamen seme-alaba izateaz, Jainkoak harrietatik ere sortu daikezalako Abrahamen seme-alabak. Ohore hori doanekoa da, eta Jainkoak edonori emon daikeo Abrahamen seme-alabatasuna. Horregaz, Jainkoa danena dala iragarten dau; eta horren ezaugarri dira soldadu atzerritarrak ebanjelioan.

Itxaropenera ere zabaltzen gaitu Bateatzaileak: datorrenak uraz eta Espiritu Santuaz bateatuko gaitula esaterakoan. garbitu eta adoretu egingo gaitu, ba. Horren pozean ez dogu bildurrik izan behar. Horren pozean alai eta aske bizi izan behar dogu: loturetatik eta ondasunetatik aske, senide behartsuari baino ez lotuta. hauxe litzateke barritasuna bizi izatea, badatorrenari ateak zabalik itxarotea.

OTOITZA

Gure artean jaioko zara, Jauna, jaio

gure poz eta alaitasun iturri izateko,

eta, zure jaiotza gertatzen barik,

ondasunak pilatzen eta kontsumitzen aurkitzen gaituzu.

Ez dogu ulertu, Jauna, gure poz-iturria

senidearen poza bilatzen eta

daukaguna haregaz partekatzean aurkituko dogula.

Atara gaizuz ondasunak pilatu gura izatetik,

ase-ezineko kontsumokeriatik,

behartsuari atea ixtetik,

gure zoriona inoren atsekabean oinarritzetik.

Emoiguzu pobretasun bihotza,

atsekabetuaz errukitzen jakitea,

hondoa jota dagoana jasoten ahalegintzea,

zeugandiko pozaren testigu eta apostolu izatea.

Zatoz, Jesus Jauna.