040domekea_B

I. Irakurgaia

Daviden erreinuak betiko iraungo dau Jaunaren aurrean.

Samuelen bigarren liburutik (2 Sm 7, 1-5. 8b-12. 14a. 16)

David erregea bere etxean bizi izaten jarri eta Jaunak inguruko arerio guztiekin bakea emon eutsanean, esan eutsan erregeak Natan profeteari: “Begira, ni zedrozko etxean bizi naz; Jainkoaren kutxa, barriz, oihal-txabolan dago”.

Natanek erantzun eutsan erregeari: “Zoaz eta bete zeure asmoa, Jauna Zugaz da-eta”.

Baina gau haretan bertan Jaunaren berbea etorri jakon Natani: “Zoaz eta esaiozu nire morroi Davidi: ‘Hau dino Jaunak: Zuk eregi behar al deustazu etxea, nire bizileku izan dadin? Neuk atara zindudazan larreetatik, artaldeen atzetik, nire herri Israelen buruzagi izan zeintezan. Zeugaz izan nozu, ibili zaran alde guztietan. Neuk hondatu deutsudaz aurrean jarri jatzuzan arerio guztiak eta Nekk emongo deutsut lurreko handikiena lako izen handia. Leku bat emongo deutsat neure herri Israeli: han landatuko dot, bertan biziko da eta ez dau aurrerantzean estualdirik izango. Gaizkileek ez dabe zapalduko antzina lez, nire herriaren gain buruzagiak ipini nituanean lez. Bakea emongo deutsut arerio guztiekin. Errege-ondorengotza emongo deutsula jakinazoten deutsu Jaunak.

Zeure egunak bete eta zeure gurasoekin atsedena hartuko dozunean, ondorengoa emongo deutsut, zure erraietatik ataratakoa, eta sendotu egingo dot haren erregetza. Aita izango nau harek Ni, eta seme izango dot Nik ha.

Zure etxeak eta zure erregetzak betiko iraungo dabe nire aurrean, eta zure errege-aurkiak sendo iraungo dau beti’”.

Salmoa

Sal 88, 2-3. 4-5. 27 eta 29

R/. Jauna, zure maitasuna abestuko dot betiren beti.

Jauna, zure maitasuna abestuko dot betiren beti,

zure leialtasuna adierazoko gizaldiz gizaldi.

Esan dozu-eta: “Maitasuna betiko dot eregi”,

zure leialtasuna zeruan dozu sendo jarri. R/.

“Egin dot nire hautatuagaz ituna,

David nire morroiari zin egin neutsona:

Betiko sendotuko dot zure hazia,

menderen mende eregiko zure aurkia”. R/.

Berak deituko nau: “Zu zaitut Aita,

ene Jainko, nire salbamenaren Harkaitza”.

Gordeko deutsat beti nire maitasuna,

zintzo izango egin neutson ituna. R/.

II. Irakurgaia

Betidanik ezkutuan eukan misterioa agertu dau Jainkoak.

Misterio hori orain azaldu da.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik (Erm 16, 25-27)

Senideok: Aintza Jainkoari, nik iragarten dodan Barrionaren eta Jesu Kristori buruzko nire predikuaren arabera fedean sendotu zaikiezan Jainkoari. Prediku honen bidez, betidanik ezkutuan eukan misterioa agertu dau Jainkoak. Misterio hori orain azaldu da, Profeten idazkiek esan eben lez, eta, betiko Jainkoaren erabagiaren arabera, herri guztiei adierazo jake, Jainkoari fedezko erantzuna emon deioen. Jainko horri, jakintsu bakarrari, aintza Jesu Kristoren bitartez, gizaldi eta gizaldietan. Amen.

Ebanjelioa

Begiratu, sabelean sortu eta semea izango dozu.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik (Lk 1, 26-38)

Aldi haretan, Gabriel aingerua bialdu eban Jainkoak, Nazaret eritzon Galileako herri batera, birjina bategana; birjineak Maria eban izena eta Jose eritzon Daviden jatorriko gizon bategaz ezkontzeko berbea emonda egoan.

Aingeruak, Mariaren etxean sartu eta esan eutsan: “Poztu zaitez, graziaz bete hori! Jauna Zugaz”. Ikaratu zan Maria berba hareek entzutean, eta pentsatzen jarri zan, zer izan ete eitekean halako agur ha.

Aingeruak esan eutsan: “Ez izan bildurrik, Maria; Jainkoak gogoko zaitu. Begira, sabelean sortu eta semea izango dozu, eta "Jesus" ezarriko deutsazu izena. Handia izango da; Goi-goikoaren Seme deituko deutsoe, eta Jainko Jaunak bere aita Daviden errege-aurkia emongo deutso; Jakoben herriaren errege izango da beti, eta haren erregetzak ez dau azkenik izango”.

Mariak esan eutsan aingeruari: “Zelan jazo daiteke hori, ez naz-eta inongo gizonagaz bizi”. Aingeruak erantzun eutsan: “Espiritu Santua jaitsiko da zugana eta Goi-goikoaren indarrak bere kerizpean hartuko zaitu; horregaitik, zugandik jaioko dana santua izango da eta Jainkoaren Seme deituko deutsoe. Hara, Elisabet zure senidea ere umedun dago bere zaharrean, eta sei hilabeteko dago agorra ei zana; Jainkoarentzat ez da-eta ezer ezinik”.

Mariak, orduan: “Hona hemen Jaunaren mirabea; jazo bekit zuk dinozun lez”. Eta aingeruak itzi egin eban.

HITZALDIA

Hortxe bertan dogu, senideok, Salbatzailearen etorrerea. Etorri zan, badira bimila urte baino gehiago; etorriko da, aldien azkenean; baina etorri dator unerik unera, eta… aurkitzen ete dau, gero, geratzeko lekurik? Hauxe litzateke gaurko liturgiak agertzen deuskun kezkea: badau Jainkoak lekurik gizakion artean? Edo, beste era batera esanda, edozeinengan aurkitzen dau geratzeko lekua geure artean izan gura dauan Jainkoak?

Dabid erregek leku egin gura deutso Jainkoari, bere erara, berak ulertzen dauan lez: Jainkoa ezin leitekela bera baino gitxiago izan, eta patxadazko etxe bat behar izango leukela uste dau, bera zedrozko etxe eder baten (jauregi baten) bizi dala-ta.

Baina Jainkoak jauregiak behar ete ditu bizi izateko, bereak badauz zeru-lurrak eta diran guztiak? Geuk esan behar ete deutsogu Jainkoari non eta zelan bizi izan behar dauan, eta gu baino hobeto bizi izatea zer dan? Orduan Natan profetak zabaltzen deutsoz begi-adimenak Dabid erregeri, eta onartu ahal izan ebazan Jainkoagandiko agintzariak… Ba ete daukagu guk gaur egun begiak nork argitu?

Oraintsura arte Uruguayko buruzagi izan dan Pepe Mujikak erakutsi ederra emon deutso politika munduari, buruzagi eta agintariei, eta bere “despedidan” gazteei ere gomendioak egiten deutsez: ez uste izateko bizitza supermerkatuetan erosi daitekenik, eta bizitza ez dala kontsumitzeko besteen aldeko jokoan jarteko baino. Zelango gizona Pepe Mujika, kristaua izan ez arren! Politikan sartu zaneko ondasunekaz urten dau; ez da aberastu politikagintzan; behartsuen alde jokatu dau; politikea, batez ere behekoei zerbitzu egiteko erabili izan dau. Ikasiko balebe gure politikariek, gure agintariek, eta elizgizonek eta eliztar guztiok ere… ez geuskio Jainkoari laguntzeko eskatuko, eta gure artetik ihes egin ez daian jauregi eder bat eraikiko…; bere esanetara jarriko ginateke, eta gizakiontzako daukan egitasmoa (proiektua) onartuko geuke…, Dabidek, Natani entzun ondoren, egiten dauana.

Baina, senideok, badaukagu gaur egun nori entzun? Badaukagu irudirik, eredurik? Horra hor bat: Pepe Mujika, ezin dauala sinistu autortuz batera, erlijinoei begiramen (errespetu) handia deutsela autortzen dauana. Eta zenbat holango dagozan gure inguruan isilean besteen alde lan eginez euren bizitza ezabatzen dabenak. Baina guk es-ikusi egiten deustegu…

Hortxe dagoz “CARITAS”en lanean; eta zenbat borondatezko lanetan dabizan; eta zenbat gaztek euren lekuetatik urten (etorkizunik ikusten ez dabelako-edo) eta lurralde pobreetan laguntza lanetan diharduen; eta zenbat nagusik egin behar daben isileko lana euren familietan, seme-alabak lanik barik dagozelako, edo hilaren azkenera heldu-ezinik aurkitzezn diralako, edo…

Bai, senideok: ikusi nahi dauanarentzako, badago onik hain baltz eta ustel ikusten dogun gure mundu eta gizarte honetan… Eta onik gehiago ikusiko geuke haren alde lanean jarriko bagina; bestela, besteen ona ere ez dogu aintzat hartu ahal izango, alderdi zinkinak ikusiko geuskioz, eta ez dauala merezi ebatziko geuke.

Baina ez. Jainkoak geure artean bizi izan gura dau, leku eskatzen deusku. Eta Mariak emon eutson erantzuna eskatzen deusku: hona hemen ni, Jaunaren mirabea… Egin deiogun leku, eta ez jaku damutuko: Jainkoak poza dakarsku eta zoriona.

ESKARIAK

Jainkoak ondasunen jabe ez gaitu egin hareik alperrik galtzeko, gure pozbide izan daitezan baino, eta guztien artean alkarbanatzeko. “CARITAS”en deia entzuten dogu gure bihotzetan. Jo daigun otoitzera:

—“Caritas”ek izan daian indarra behartsuen artean Elizearen aurpegi errukitsua eta solidarioa agertzeko, eta danetarikoak alkartasun-joko bideetara eroateko, eskatu deiogun Jaunari.

—“Caritas”en borondatez lan egiten dabenen alde: adorea ez dakien falta, eta hartu behar izaten dabezan mesprezu guztien gainetiko irriparrea eta eskuzabala erakutsi ahal izan daien, eskatu deiogun Jaunari.

—Agintarien alde: ondasunen jabe dirala barik ondasunen banantzaile dirala onartu daien, eta behartsuenak babesten jardun daien, eskatu deiogun Jaunari.

—Euren ondasunak dirala-ta esplotatuak diran gizaki eta herrien alde: esplotazino egoeratik urteteko gauza izan daitezan eta behar daben horretarako laguntza ere izan daien, eskatu deiogun Jaunari.

—Otoitzerako alkartu garanok eta eguneroko ogia eskatzen dogunok izan daiguzan gogoan gure inguruko behartsuak eta baita ondasunak neurritsu erabili behar doguzela ere, eskatu deiogun Jaunari.

† Ondasun guztien iturri zaran Jainko Jauna: zeure seme-alabatasunaren duintasunera jaso gaituzunok behartsuekaz alkartasunean bizi izan gaitezela eskatzen deutsugu. Jesukristo gure Jaunaren baitartez.

—Amen.

OTOITZA

Ondasun guztien iturri zaran Jainkoa,

zeure seme-alabatasunez jantzi

eta era guztietako ondasunez inguratu gaituzu

lurralde eder-aberats honetan.

Ondasunak neurritsu erabili daiguzala,

izan daiguzala gogoan behartsuak,

izan daiela leku gure artean etorkinek,

eta baita umeek, zaharrek eta gaisoek ere.

Gure esku-lana zeuri zuzendutako abestia

eta gure poza zeugandik dogun erantzuna

izan daitezala, ez gure lorpena,

zeure seme-alabatasunaren ezaugarri gara-ta.