gabon_osteko_2.domekea

I. Irakurgaia

Jainkoaren jakituria bere herri aukeratuaren erdian bizi da.

Siraken liburutik (Si 24, 1-4. 12-16)

Jakituriak bere burua goratzen dau,

bere herriaren erdian aintzaz beteten da.

Goi-goikoaren batzarrean ahoa edegiten dau

eta haren ahalmenaren aurrean aintzaz beteten da.

Bere herriaren erdian goratzen dabe,

eta santuen batzar osoan miresten;

aukeratuen taldeek gorapenak emoten deutsoez

eta bedeinkatua izango da bedeinkatuen artean.

Orduan, guztien Egileak agindu eustan,

sortu ninduanak txabolea eregi eustan,

eta esan: «Bizi zaitez Jakoben herrian,

eta izan bedi Israel zure ondarea».

Hasieran, gizaldiak baino lehenagotik, sortu ninduan,

eta inoiz ere ez dot amairik izango.

Txabola santuan, haren aurrean, egin dot zerbitzua,

eta holan Sion mendian finkatu naz.

Uri maitean emon deust atseden

eta Jerusalemen dago nire agintaritza.

Izen handiko herrian bota ditut zuztarrak,

Jaunaren arloan, haren ondarean.

Salmoa

Sal 147, 12-13. 14-15. 19-20

R/. Hitza haragi egin zan, eta gure artean jarri eban bizilekua.

R/. Hitza haragi egin zan,

eta gure artean jarri eban bizilekua.

edota Aleluia

Jerusalem, ospatu egizu Jauna;

Sion, goratu egizu zure Jainkoa.

Zure ateen sarrailak indartu ditu-eta,

zure seme-alabak zure barruan bedeinkatu ditu. R/.

Zure mugetan bakea ezarri dau-eta,

Gari-maminez asetu zaitu.

Bialtzen dau lurrera bere berbea,

eta haren berbea bizkor eta arin doa. R/.

Iragarri deutso bere berbea Jakobi,

bere erabagi eta aginduak Israeli.

Ez deutso egin holakorik beste herriri,

bere aginduak ez deutsoz agertu besteri. R/.

II. Irakurgaia

Aurrez aukeratu ginduzan bere seme-alabaorde izateko,

Jesu Kristoren bidez.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako gutunetik (Ef 1, 3-6. 15-18)

Bedeinkatua izan bedi Jainkoa,

Jesu Kristo gure Jaunaren Aita,

Espirituaren era guztietako bedeinkapenez

zeruan Kristogan bedeinkatu gaituana.

Beragan aukeratu ginduzan,

mundua sortu baino lehen,

haren aurrean, maitasunez,

santu eta errubako izan gaitezan.

Aurrez aukeratu ginduzan bere seme-alabaorde izateko,

Jesu Kristoren bidez,

bere nahiaren onberatasunez,

bere Seme maiteagan

hain ugari emon deuskun graziaren aintzak

Bera goralpenez bete dagian.

Jesus Jaunagan dozuen sinestearen eta fededun guztienganako dozuen maitasunaren barri jakinik, eten barik dihardut zuekaitik eskerrak emoten, neure otoitzetan zuek gogoan izanez. Jesu Kristo gure Jaunaren Jainkoak, aintzaren Aitak, emon deizuezala Espirituaren jakituria eta goi-argia, Bera ezagutzeko. Argitu dagizala zuen barruko begiak, jakin dagizuen zer itxarotera deitu eutsuen, zeinen aberatsa dan fededunentzat oinordekotzan prestauta daukon aintza.

Ebanjelioa

Berbea haragi egin zan,

eta gure artean jarri eban bizilekua

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik (Jn 1, 1-18)

Hasieran bazan Berbea,

eta Berbea Jainkoagaz zan,

eta Jainkoa zan berbea.

Berbea hasieran Jainkoagaz zan.

Gauza guztiak beraren bidez eginak dira,

eta egindakorik ezer ez da Ha barik egin.

Berbeagan zan bizia,

eta bizia gizakien argia zan;

argiak ilunpetan argi egiten dau,

baina ilunpeek ez eben onartu.

[Agertu zan gizon bat, Jainkoak bialdua: Joan eban izena. Autormenerako etorria zan: argiaren autormena egitera, haren bidez guztiek sinestu egien. Bera ez zan argia, argiaren autormena egin behar ebana baino.]

Berbea zan egiazko argia,

mundura etorriz gizaki guztiak argitzen dituana.

Munduan egoan

eta mundua haren bidez egina dan arren,

munduak ez eban ezagutu.

Bereakana etorri zan,

eta bereek ez eben onartu.

Onartu eben guztiei, barriz,

haren izenean sinesten dabenei, hain zuzen ere,

Jainkoaren seme-alaba izateko ahalmena emon eutsen.

Honeek ez dira giza odoletik sortu,

ez eta giza nahieratik ere,

Jainkoagandik baino.

Eta Berbea gizon egin zan,

eta gure artean jarri eban bizilekua,

eta ikusi dogu haren aintza,

Aitagandik graziaz eta egiaz betea

datorren Seme bakarrari jagokon aintza.

[Joanek Haretaz egin eban autormen, oihuka esanez: «Hau zan nik esan neban Ha: Nire ondoren datorrena nire aurretik jarri da, ni baino lehenagokoa zan-eta».

Eta haren betearen betetik guztiok hartu dogu, grazia graziaren gain hartu ere. Legea Moisesen bidez emon zan; grazia eta egia, barriz, Jesu Kristoren bidez etorri dira. Jainkoa ez dau inork inoiz ikusi; Aitaren altzoan dagoan eta Jainko dan Seme bakarrak emon deusku haren barri.]

ESKARIAK

† Urte Barrian sartu barri, bihotza esker onez beterik, agertu deioguzan gure eskerrik beroenak gure Jainko onari gugaitik egiten dauanagaitik:

—Zure Semeagan sinisten dogunok Eliza bat osotzen dogulako, eta, alkarregaz, premina dagoen lekuan egon geintekezalako… eskerrik asko, Jauna.

—Etxetik, herritik, lurraldetik… urtenbeharra izan dabenei eta gure artera etorri, harrera on egiten deutsegulako, eta daukaguna eurekaz partekatzen dogulako, eskerrik asko, Jauna.

—Emakumea aurrean erabilten eta hilten dabenak salatzen doguzalako, eta haren duintasuna aintzat hartzen eta bizikidetzan gogoan hartzen dogulako, eskerrik asko, Jauna.

—Umeak eta sortzen dan bizitza barria, zaharrak eta ezinduak… geure arteko gura doguzalako, gure bihotza harrizkoa izatetik haragi bizikoa izatera heldu ahal izan daiten… eskerrik asko, Jauna.

—Alkarturik, zure hitzaz argitu eta zure ogiaz janaritu, eta gure alkartasuna eta bizi poza handitu eta sakondu egiten deuskuzuzalako… eskerrik asko, Jauna.

† Zeure jakituriaz, Jauna, eta ez bestelako zalekeriaz begiratu daigula gure ingurura, hantxe aurkitu daigun zu maitatzeko eta zerbitzatzeko erarik bikainena. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.

HITZALDIA

Senideok: begira zer eskatzen eban bere otoitzetan Paulo apostoluak berak sortutako sinistunen taldekideentzat: «Jesu Kristo gure Jaunaren Jainkoak, aintzaren Aitak, emon deizuezala Espirituaren jakituria eta goi-argia…». Zertarako behar ete doguzan guk Espirituaren jakituria eta goi-argia pentsatzen hasi nazanean, zera bururatu jat: orain arte esaneko izan gaitezala eskatzen izan jakula Elizan, baegoalako gugaitik nork pentsatuko eban, eta baita non aurkitu beharrezko erantzunak ere: Doktrinan, Lege Kanonikoan; honeexek ziran bizitza ubidea egiten euskuenak (eta gehienentzat, behar bada, holantxe da oraindino).

Baina gauzak aldatzen doaz. Vatikanoko II. Kontziliotik hona hainbat aldatu da (gura izan dau aldatu, behintzat) gure eliztartasuna eta sinismen ikuspegia. Aspalditik itzi dogu ez-ikasiak eta arduragabeak izatea. Gure Elizeak arduratsu gura gaitu eta ikasiak. Ez dauka beste inork gugaitik hausnartu beharrik. Geuk hartu behar dogu horren ardurea. Zelan? Hortxe dator Pauloren eskaria: Espirituaren jakituriaz eta haren goi-argitan.

Badirudi norberak erantzukizunez erantzutea baino erosoagoa dala esaneko izatea. Horrexegaitik, behar bada, bazter guztietan agertzen dira burrukak lehengotan jarraitzea gura dabenen eta euren ardurak hartzea bilatzen dabenen artean.

Bai, senideok. Heldutasunez jokatzeak bere arriskuak eta ondezak dakarz. Erosoagoa da esaneko izatea, hausnartu beharrik ez eukitea, besteak ez dakila agintzen, edo ez dauala ondo pentsatzen, edo agintzen dauana berak ere ez dauala beteten eta ez daukala horretarako aginpiderik, edo… aurpegiratzea. Ardurak hartzea, alderantziz, neketsua da, eta ezin jakoz inori aurpegiratu norbere akatsak, hutsak, erratuak, ezinak eta makalkeriak.

Honen aurrean, ba, senideok, aukera bat egin behar dogu: nahi dogu, Apostoluaren eskariaren arabera, Legepetik urten eta askatasun bideetan jardutea? Holan bada, gure akatsak inori aurpegiratzea alde batera laga eta, Espirituaren argipean, eskuhartzen hasi behar dogu, bai elizgintzan, bai herrigintzan eta baita geuri dagokiguzan beste arlo askoren bultzaketan ere. Neketsuagoa da, baina baita Jainkoaren seme-alaba askatuenagoa ere. Holan gauzatu geike ebanjelioan entzuna: «Legea Moisesen bidez emon zan; grazia eta egia, barriz, Jesu Kristoren bidez etorri dira». Legeak menpeko egiten gaitu; graziak eta egiak, barriz, askatuak (libreak). Askatasunak bere salneurria dauka; garesti ordaindu behar da; baina askeak gura gaitu Jainkoak.

Aukera hau egiteak, senideok, gure Elizearen eta sinismenaren eta gure izakerearen ardurea hartzera garoaz. Badakizue honek zer esan gura dauan? Elizea, eliz-agintariak, abadeak edo kritikatzen doguzan beste nor edo gauza asko kritikatzea alde batera laga behar dogula, eta guzti horren ardurea hartzen hasi, edo hartu dogun ardurea garatzen jardun behar dogula… Neketsua, ezta? Gure egoera erosotik urtenbeharra eskatzen deusku, ezta? Ez dakiguzan gauza asko eta asko egitea eskatzen deusku, ezta? Bildur gaiakoz, ezta?

Ba, ez izan bildurrik. Espiritua prest dogu bere jakituria eta argitasuna emoteko. Jo daigun alkarteko otoitzera, ebanjelioaren irakurketara, sinismena ospatzera, Jesukristorekin topo egitera, Jainkoaren esperientzia dastatzera eta alkarbanatzera, eta berak jardungo dau gure bitartez. Ez ete dogu hauxe berau ikusi eta ospatu Mariagan? Espirituaren esku jarri zan, eta Salbatzailea erditu eutson munduari. Jarraitu daiguzan geuk ere bere urratsak.

ESKARIAK

† Jainkoak, bere maitaleak gaitulako, geure artean izan gura dau, geure bizi-lagun. Agertu deioguzan gure beharrizanak eskariotan:

—Elizearen alde: Jainko-jakituriaz jokatu daian Barri Onaren zabalkuntzan, eta ahalegindu daiten hau bazter guztietara eroaten, eskatu deiogun Jaunari.

—Barri Onaren barririk oraindino hartu ez daben gizaki eta herrien alde: jainko-egarriak eta haren esaneko izateak ebanjelioaren argitasunera erakarri daizan, eskatu deiogun Jaunari.

—Ebanjelioaren argia hartu daben arren, argitasun eta jakituria horretatik aldendu diranen alde: barriro eskuratu daien ebanjelioaren poza eta besteen aldeko ekintzetan gauzatu daien, eskatu deiogun Jaunari.

—Gizarteko burutsu, jakintsu, ahaltsu eta agintedunen alde: euren onurea barik behekoena eta sufritzen dagozanena bilatu daien, eskatu deiogun Jaunari.

—Bizikera kontsumista honek baztertuta daukazan edo aurrean darabilzan ume, emakume, langabetu, etorkin, espetxeratu eta baztertuen alde: heldu dakien Barri Onaren pozean bizi diranen laguntza, eskatu deiogun Jaunari.

—Eliz alkarte lez sinismena ospatzen dogunok arreta handiz entzun eta geuretu daigun Jainkoaren hitza, berak eroan gaizan gure ingurukoak poztera eta hareen zerbitzari izatera, eskatu deiogun Jaunari.

† Gizakiongandik hur izan gura dozun Jainkoa: emoiguzu zure hitzaren iturrietan edatea gure bultzatzailea zeu izan zaitezan eta ez beste grinak. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.