1208_sortzez-garbia

Abenduaren 8a

ANDRA MARIA BIRJINAREN SORTZE GARBIA

I. IRAKURGAIA

Hasarrea sortuko dot

zure jatorriaren eta emakumearenaren artean.

Hasiera liburutik (Has 3, 9-15. 20)

Jainko Jaunak gizonari dei egin eta esan eutsan: «Non zara?» Harek erantzun: «Zure oinotsa baratzean entzun dodanean, bildurtu eta gorde egin naz, narrugorri nengoalako». Jainkoak esan eutsan: «Eta nork jakinazo deutsu narrugorri zengozala? Galerazo neutsun zuhaitzeko frutua jan al dozu?» Gizonak erantzun: «Laguntzat emon deustazun emakumeak eskeini deust frutua, eta jan egin dot». Orduan, Jainko Jaunak esan eutsan emakumeari: «Zer egin dozu?» Emakumeak erantzun: «Sugeak engainatu nau eta jan egin dot».

Orduan, Jainko Jaunak esan eutsan sugeari:

«Hori egin dozulako,

madarikatua izango zara

abere guztien eta basapiztia guztien artean;

sabel gainean ibiliko zara arrastaka

eta hautsa jango dozu zeure bizitzako egun guztietan.

Alkarren arerio egingo zaituet

zu eta emakumea,

zure eta haren ondorengoa;

honek burua zapalduko deutsu

eta zuk orpotik helduko deutsazu».

Gizonak bere emazteari «Eva» ezarri eutsan izena, bizidun guztien ama dalako.

ERANTZUN SALMOA

Sal 97, 1. 2-3ab. 3cd-4

R/. Kanta Jaunari kantu barria

(R/. Kanta Jaunari kantu barri,

egin bait ditu hainbat harrigarri)

edo…

Kanta Jaunari kantu barria,

egintza harrigarriak egin ditu-eta:

garaipena emon deutso bere eskumeak,

bere beso santuak.

Bere garaipena ezagutuazo dau Jaunak,

bere salbamen-egintza agertu nazinoen aurrean.

Ez dau ahaztu bere maitasuna,

Israel herriari deutson leialtasuna.

Munduko bazter guztiek ikusi dabe

gure Jainkoaren garaipena.

Egin irrintzi Jaunari, lur osoa,

egin poz-oihu eta kantu, jo soinua.

II. IRAKURGAIA

Kristogan aukeratu ginduzan Jainkoak

mundua sortu baino lehen.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako gutunetik (Ef 1, 3-6. 11-12)

Bedeinkatua izan bedi Jainkoa,

Jesu Kristo gure Jaunaren Aita,

Espirituaren era guztietako bedeinkapenez

zeruan Kristogan bedeinkatu gaituana.

Beragan aukeratu ginduzan,

mundua sortu baino lehen,

haren aurrean, maitasunez,

santu eta errubako izan gaitezan.

Aurrez aukeratu ginduzan bere seme-alabaorde izateko,

Jesu Kristoren bidez,

bere nahiaren onberatasunez,

bere Seme maiteagan

hain ugari emon deuskun graziaren aintzak

Bera gorapenez bete dagian.

Kristoren bitartez gara oinordeko gu ere, israeldarrok, lehendik Mesiasegan itxaroten genduanok, gauza guztiak Berak gura dituan lez egiten dituan Jainkoak aurrez aukeratu gaitu-eta bere asmoaren arabera, beraren aintzaren gorapen-kantu izan gaitezan.

EBANJELIOA

Poztu zaitez, graziaz bete hori: Jauna zugaz.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik (Lk 1, 26-38)

Aldi haretan, Gabriel aingerua bialdu eban Jainkoak, Nazaret eritzon Galileako herri batera, birjina bategana; birjineak Maria eban izena eta Jose eritzon Daviden jatorriko gizon bategaz ezkontzeko berbea emonda egoan.

Aingeruak, Mariaren etxean sartu eta esan eutsan: «Poztu zaitez, graziaz bete hori! Jauna zugaz». Ikaratu zan Maria berba hareek entzutean, eta pentsetan jarri zan, zer izan ete eitekean halako agur ha.

Aingeruak esan eutsan: «Ez izan bildurrik, Maria; Jainkoak gogoko zaitu. Begira, sabelean sortu eta semea izango dozu, eta "Jesus" ezarriko deutsazu izena. Handia izango da; Goi-goikoaren Seme deituko deutsoe, eta Jainko Jaunak bere aita Daviden errege-aurkia emongo deutso; Jakoben herriaren errege izango da beti, eta haren erregetzak ez dau azkenik izango».

Mariak esan eutsan aingeruari: «Zelan jazo daiteke hori, ez naz-eta inongo gizonagaz bizi». Aingeruak erantzun eutsan: «Espiritu Santua jaitsiko da zugana eta Goi-goikoaren indarrak bere kerizpean hartuko zaitu; horregaitik, zugandik jaioko dana santua izango da eta Jainkoaren Seme deituko deutsoe. Hara, Elisabet zure senidea ere umedun dago bere zaharrean, eta sei hilabeteko dago agorra ei zana; Jainkoarentzat ez da-eta ezer ezinik».

Mariak, orduan: «Hona hemen Jaunaren mirabea; jazo bekit zuk dinozun lez». Eta aingeruak itzi egin eban.

HITZALDIA

Senideok: Abenduaren atarian Mariari begira jarten gara bera proposatzen deuskulako gure sinismen tradizinoak eredu Jainkoagazko hartu-emonetarako eta harenganako zintzotasun eta konfiantzarako.

Egia da eliztarrok etsipenean egon geintekezela zaharkituta eta indargetuta lez, eta eliz-gizonen eta eliz-agintarien eredu txarren lotsakizunean; baina horrek ez gaitu eroan behar urtenbiderik ez dagola onartzera, eta Jainkoak luzatzen deuskun eskuari uko egitera. Non zara? —galdetzen deusku Jainkoak. Ausardiaz autortu daigun geure pekatuen ilunpetan gagozala ostonduta, eta handik urteteko bere laguntza behar dogula. Ez deiogun inori leporatu gure errua, Adanek Ebari leporatu eutson lez, gertatzen jakunaren errua elizgizonena edo, besteena, baina ez nirea, dala argudiatuz. Horrelaxe baino ez deutsoguz zabalduko ateak Jainkoak eskeintzen deuskun erregaluari, eta erantzungo berak proposatzen deuskunari.

Begiratu deiogun Mariari: Jainko-herria lur jota egoan aldietako emakumea dogu Maria, baina Jainkoagandiko erantzuna itxaroten ebana, eta haren esanetara buru-belarri jarria. Bere zalantzak eukazan, baina galdetzera ausartu zan eta bialduagazko hartu-emonetan sartu zan eta, goitik behera, Jainkoarena eta Jainkoarentzat zala autortu eutson: «Hona hemen ni, Jaunaren mirabea». Eta bai zoriona jatorkola bere prestutasunetik! Bedeinkatua da eta emakume guztien artean aukeratua; eta beragandikoagan, Jesusengan, geu guztiok ere bedeinkatuak, Jainkoagandiko bedeinkapen guztiez.

Izan daigun bedeinkapenotan murgiltzeko ausardia, Jainkoari bere lankide izateko aukeratu gaitula eskertuz. Bai, senideok: orduan Mariari lez, gaur geuri egiten deusku dei (horixe da bokazinoa) itxaropenaren aldarri izan gaitezan, geure esparruan lehenengo, eta mundu zabalean gero.

Franzisko Erromakoa dogu eredu. Min emoten deutsoe bere inguruan aurkitu dauzan dotrinakeriak eta hainbat elizgizon eta eliz-agintariren azpikeriazko bizikereak, eta apalengana heltzea bilatzen dau, ateak eta leihoak zabaltzea, ebanjelioa argitara ataratea, sekuestratuta dagoan lekutik bazter guztietaraino eroatea. Eta lan horretarako dei egiten deusku guztioi ebanjelioaren poza bizi izatera eta haren argipean eta bideetan gure makaltasunak gainditzera. Horren adierazgarri izan dogu gure Elizbarrutiaren “diszernimentu” urtea.

Senideok, ba: Mariari begiratuz eta Erromako Franziskori entzunez, erantzun deiogun “BAI” handi batez Jainkoari: salatu daiguzan berbaz eta bizikera duinez eta neurritsuz gure inguruko gehiegikeriak, emakumearen sufrimentu guztiak, gure eliz alkarteen pobrezia eta nagikeria, eta urten daigun gure komodidade eta lasaikeriatik. Jainkoak, pekatari garan arren, bere mezulari behar gaitu. Jar gaitezan bere esku eta bere esanetara, eta jokatu daigun bokazinodun lez.

ESKARIAK

† Mariaren aurrean bokazinoen urritasuna autortuz, izan daigun gogoan geure sinismenaren pobretasuna ere, eta jo daigun otoitzera, eskale:

—Elizearen alde: gaurko gizon-emakumeentzat erakargarria izan daiten bere apaltasunagaitik, argitasunagaitik eta danengana hurreratzeko gaitasunagaitik, eskatu deiogun Jaunari.

—Etsipenean eta urtenbide barik aurkitzen diranen alde: jaso daien burua eta badagoala itxaropena non oinarritu aurkitu daien, eta behar daben laguntza eskuratu ahal izan daien, eskatu deiogun Jaunari.

—Euren txarkeriaz konturatu ez eta besteak erruduntzen eta gaitzesten eta, sarritan, hareik hilteraino heltzen diranen alde: zabaldu dakiezan begiak eta bihozbarritu daitezan Maria eredu hartuz, eskatu deiogun Jaunari.

—Gure Elizbarrutiko abadegaien alde: Maria eredu izanik, hemengo herrian ondo oinarrituta bilatu daien Jainkoari “BAI” handi eta sakon batez erantzutea, eskatu deiogun Jaunari.

—Eukaristiaren mahai-inguruan alkartu garanon alde: abade-herri garala gogoan hartuz, Jainkoari zintzotasunez eta besteentzat eredu izanez erantzutea bilatu daigun, eskatu deiogun Jaunari.

† Zeugazko hartu-emonetara deika gaukazuzan Jainko ona: emoiguzu “BAI” erantzuteko behar dogun Mariarena lango apaltasuna. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.

OTOITZA

Baietzaren Maria, itxaropenaren atea,

Salbatzailea erditu deuskuzuna:

begitu gure atsekabea, indarge gagozala.

Emoiguzu apalek daben ausardia,

Jainkoari “bai” esanez

beharrizan guztietara zabaltzen dauana.

Zu, Eba barria, betiko emakumea,

esanekoa, ez menpekoa, bai askea,

benetan zaralako Jainkoaren mirabea,

izan zakiguz eredu eta laguntzaile,

Jainkoagandiko deiak entzun-ikusteko

gauza izan gaitezan gure egunerokoan.

Izan zakiguz gidari, non-nahi eta beti

baietz erantzun ahal izan deiogun Jainkoari

eta laguntza eta poza eroan senideari.

Izan zaitez galduta gagozanon Ama, beti.