30urtebarri

Urtarrilaren 1a

JAINKOAREN AMA MARIAREN FESTABURUA

I. IRAKURGAIA

Honan aitatuko dabe nire izena israeldarren gainean,

eta Nik bedeinkatuko ditut

Zenbakiak liburutik (Zen 6, 22_27)

Honan berba egin eutsan Jaunak Moisesi: «Esaiezu Aaroni eta haren semeei:

Honan bedeinkatuko dozuez israeldarrak:

"Bedeinkatu zagizala Jaunak eta zaindu.

Agertu deizula Jaunak aurpegi argia,

eta errukitu daitela zutaz.

Erakutsi deizula Jaunak aurpegi gozoa,

eta emon bakea".

Honan dei egingo deutsoe nire izenari israeldarren alde, eta Nik bedeinkatu egingo ditut».

ERANTZUN SALMOA

Sal 66, 2_3. 5. 6 eta 8

EDO...

Erruki bekigu Jainkoa eta bedeinkatu gagizala,

agertu deigula aurpegi argia,

ezagutu dagien munduan zure bidea,

nazino guztietan Zugandiko salbamena.

Poztu bediz kantari nazinoak,

zuzentasunez dozuz-eta gobernatzen herriak,

Zuk gidatzen munduan nazinoak.

Ene Jainko, aitatu zagiezala herriek,

Aitatu zagiezala herri guztiek.

Bedeinkatu gagizala Jainkoak,

izan begio begirunea mundu osoak.

II. IRAKURGAIA

Bere Semea bialdu eban Jainkoak,

emakumeagandik jaioa

San Paulo Apostoluak Galaziarrei egindako gutunetik (Ga 4, 4_7)

Senideok: Sasoia bete zanean, bere Semea bialdu eban Jainkoak, emakumeagandik jaioa, legepeko egina, legepean ziranak erostera, guk seme-alabatzakoa hartu gengian. Eta seme-alaba zareenaren seinaletzat bere Semearen Espiritua bialdu dau Jainkoak zuen bihotzetara, «Abba! Aita!» deika diharduana. Beraz, aurrerantzean ez zara morroi, seme baino, eta seme bazara, baita oinordeko ere, Jainkoari esker.

EBANJELIOA

Han aurkitu ebezan Maria, Jose eta umea.

Zortziurrena bete zanean, «Jesus» ezarri eutsoen izena

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik (Lk 2, 16_21)

Aldi haretan, artzainak lasterka joan ziran, eta han aurkitu ebezan Maria eta Jose eta umea askan etzunda. Ikusi ebenean, jakinazo eben ume haretaz esan jakena.

Entzun eben guztiak harrituta gelditu ziran artzainek esaten ebenagaz. Mariak, barriz, gogoan jasoten zituan gauza guzti honeek, bere bihotzean hausnartuz.

Eta artzainak Jainkoari aintzaka eta goraka bihurtu ziran, entzun eta ikusi ebenagaitik; dana aingeruak esanda lez jazo jaken

Jaio eta zortzi egunera umea erdaindu ebenean, «Jesus» ezarri eutsoen izena, sabelean sortu aurretik aingeruak esan eban lez.

ESKARIAK

† Jainkoak onetsi egiten dauz bere seme-alaba guztiak, honeen erantzuna gaitzestea izaten bada ere; jo daigun eskarietara Jainkoaren izena goretsiz:

—Salbamen asakramentu dan Elizeak gizaki guztiei irakatsi deieen Jainkoaren izena esker onez onesten, egin daigun otoitz.

—Behartsuen alde, espetxeratu iheslari, atzerritar eta baztertuen alde: euren gatzespen egoeratik laster baten urten ahal izan daien, egin daigun otoitz.

—Bakerik ezagutzen ez daben lurralde eta gizakien alde: ahalbait lasterren izan daien bakea ezagutzeko zoria, egin daigun otoitz.

—Gorroto bideetan senidearen gaitzespena edo heriotzea bilatzen dabenen alde: ezagutu daien barru bakea eta Jainkoa gorestea, egin daigun otoitz.

—Jainkoaren ondasunetara hurreratzeko aukerea eta zoria dogunok gure ingurukoak Jainkoa onestera eta aintzaltzera bideratu daiguzan, egin daigun otoitz.

† Onespen guztien Jainkoa: askatu zure herria madarikapen jokeratik, eta egin gaizuz alkarrentzako onespen eta bakegile. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.

HITZALDIA

Urte Barri on, senideok.

Hauxe da alkarri opa deutsoguna, askoren ustez hutsa edo guzurrezkoa ere izan arren. Guk ez geuke gura alkarri, eta barru onez, opa deutsoguna esaldi hutsa izan daitenik, esan behar dala-ta esaten dogun zeozer. Ez, senideok; barru-barrutik eta zintzotasunez opa deutsuet Urte Barri on bat.

Gaurko Liturgiak emoten deusku, urtea ona izan daiten, eginbeharreko ibilbidea. Lehenengo ta behin, erregalu lez hartzea: Jainkoaren oparia dogu urte barrian sartzea; eta haren aldetik onespena eta bakea jatorkuz. Liturgiak, onespen eta bake hau Mariaren amatasunean ezarten deuskuz. Badirudi amak baino ez dakiala Jainkoa onesten eta harengandiko bakea zabaltzen. Jo daigun, ba, Mariaren amatasunera, haren seme-alaba apal lez geuk ere onespena zabaldu daigun eta bakea landu.

Larregi madarikatzen da gure inguruotan, eta burruka larregi darabilgu, eta gogorkeria nahinon gure hartu-emonetan. Gure eritxia hil-edo-bizikoa balitz lez agertzen gara, eta bestearenaren gainetik ez badago porrot egin dogula uste izaten dogu. Ikasiko ete dogu norbere eritxia edo guraria bestearenaren ondoan ikusten eta ez alkarren aurkakoak balira lez?

Israel herrian jai handien bezperan abade nagusiari eta etxeko jaunari egokien bedeinkapena, onespena gogoratu deusku gaurko liturgiak. Hona hemen, handi eta jaun izan gura badogu ze eginkizun daukagun: hurkoa onetsi, inoiz ez gaitzetsi edo madarikatu. Eta hortxe aurkituko dogu bakerako bidea, hain hur-hurreko ikusten dogun, baina eskuratzea hain gatx egiten jakun bakea. Eskatu daigun Bakea; landu daigun Bakea; opa deiogun alkarri Bakea…

Gu zer garan jakin behar dogu horretarako: Jainkoaren seme-alaba gara, eta haren antzeko izatea dagokigu. Zer behar ete dogu horretarako? Ba, behar bada, artzainek Belengo Estalpean erakusten daben apaltasuna eta leuntasuna…

Aingeruaren esaneko egiten dira eta Belengo Misteriora hurreratzen, eta ziurtatzen dabe esandakoaren egitasuna. Bai, senideok: Jainkoa ez da urruneko, geure ondo-ondoko baino; eta ez dogu menperatzaile edo ezabatzailea, laguna eta bake emoilea baino. Hori adierazteko, umetxo lez agertzen jaku…, baina geuk emon behar deutsogu izena; geuk onartzen ez badogu, ezin izango dau guregan onespenak eta bakezaletasunak iraun.

Eta orduan dana dala guzurrra esango ete dogu? Ez ete litzateke hobe geure itxikeria autortzea? Gure inguruan eta geure barruan ere ikusten doguzan arazo guztien aurrean, ba, jarri gaitezan Jainkoaren seme-alaben jauntasunean: alkarren ondoan egon gaitezan krisiari aurpegi emoteko, kanpotik gure artera jatorkunari beso zabaleko harrera on egiteko, eta danon artean bake bideak urratzeko. Eta Jainkoak onetsi gaizala, Nazareteko Mariaren amatasunean.