12/27_Joan ebanjelaria

Abenduaren 27a

SAN JOAN, APOSTOLU ETA EBANJELARIA

I. IRAKURGAIA

Guk ikusi eta entzun dogun hori da

iragarten deutsueguna

San Joan Apostoluaren lehenengo gutunaren hasierea (1 Jn 1, 1-4)

Senide maiteok:

Hasieratik zan biziaren Berbea,

entzun eta geure begiz ikusi doguna,

begiratu eta geure eskuz ikutu doguna,

iragarten deutsuegu.

Izan ere, bizia agertu egin zan,

ikusi egin dogu eta beraren lekuko gara;

Aitagaz egoan

eta guri agertu jakun betiko bizia

iragarten deutsuegu.

Ikusi eta entzun doguna

iragarten deutsuegu zuei,

zuek ere gugaz alkartasunean bizi zaitezen.

Eta gure alkartasuna

Aitagaz eta honen Seme Jesu Kristogaz da.

Eta gauzok idatzi,

gure poza bete-betea izan daiten idazten deutsueguz.

ERANTZUN-SALMOA

96, 1-2. 5-6. 11-12

R/. Poztu zaiteze zintzook Jaunagan

Errege da Jauna! Alaitu bedi lurra,

poztu bediz uharte ugariak!

Laino eta hodei baltzak ditu inguruan,

justizia eta zuzenbidea tronuaren oinarri.

Mendiak argizaria lez urtzen dira Jaunaren aurrean,

lur osoaren Jabearen aurrean.

Zeruek haren salbamen-ekintza iragarten dabe,

herri guztiek haren ospea ikusten.

Lotsatu egiten dira idolozale guztiak,

sasijainkoez harrotzen diranak.

Ahuspez jarten jakoz jainko guztiak.

Argia sortzen da zintzoarentzat,

poza bihotz zuzenekoentzat.

Poztu zaiteze Jaunagaz, zintzook,

Goratu egizue, haren santutasuna gogoratuz.

EBANJELIOA

Beste ikasle harek, Pedro baino bizkorrago ibili eta

aurrea hartu eutsan eta lehenago heldu zan hilobira

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik (Jn 20, 2-8)

Astearen lehenengo egunean, Maria Magdalena hilobira joan zan goizean goiz, artean ilun egoala, eta harria hilobitik kenduta ikusi eban. Orduan, Simon Pedrogana eta Jesusek maite eban beste ikasleagana bihurtu zan lasterka, eta esan eutsen: «Eroan egin dabe Jauna hilobitik, eta ez dakigu non jarri daben».

Urten eben, orduan, Pedrok eta beste ikasleak, eta hilobira abiatu ziran. Biak batera joiazan lasterka, baina beste ikaslea Pedro baino arinago joian, eta lehenago heldu zan hilobira. Barrura begiratzeko makurturik, oihal-zerrendak lurrean ikusi zituan, baina ez zan sartu.

Heldu zan haren atzetik Simon Pedro ere eta hilobian sartu zan. Oihal-zerrendak lurrean ikusi zituan, baita Jesusen buru gainean egondako zapia ere; baina hau ez egoan oihal-zerrendekin batera jarrita, beste toki batean batuta baino.

Orduan, sartu zan beste ikaslea ere, hilobira lehenengo heldu zana. Ikusi eta sinestu egin eban.

ESKARIAK

† Bere Semearen biztuerearen autorle gura gaituan Jainkoari zuzendu deioguzan gure eskariak:

—Elizearen alde: Idazkietan jan-edanez mundu guztira zabaldu daian biztuerearen argitasuna eta poza, gizaki guztientzako Barri Ona, eskatu deiogun Jaunari.

—Erlijioso komunitate guztien alde: euren bizikidetzea eta otoitz bizitza landu ta sakondu daiezan, dagozen lekuetakoentzat Jainkoagazko hartu-emonetarako dei izan daitezan, eskatu deiogun Jaunari.

—Jesukristiorengan sinisteak zoribakoen laguntzara bultzatuen alde: beste guztion otoitzak eta laguntzak eutsi deien eta lagunduen zoriona lortu daien, eskatu deiogun Jaunari.

—Zoritxarrean jausi diranen alde, gaisotasunaren edo erbestearen edo bakartadearen ilunpetan dagozanen alde: izan daien Jainkoaren erregalu honen barri eta harrera on egin deioen, zorionaren bidean jarri daitezan, eskatu deiogun Jaunari.

—Jainkoaren berbea alkarregaz entzuten eta hausnartzen dogunon alde: pozez bete gaizan eta gure ingurura isuri ahal izan daigun geure hitzez eta egitez, eskatu deiogun Jaunari.

† Zure Seme hilen artetik biztuaren lekuko izateko aukerea eta zoria emoten deuskuzun Jainko Jauna: bete gaizuz biztuerearen argitasunez eta pozez. Jesukristo gutre Jaunaren bitartez.

—Amen.