030domekea_b

abendu aldiko III. asteko domekea /B

I. Irakurgaia

Pozaren pozez nago Jaunagaz.

Isaias Profetearen liburutik (Is 61, 1-2a. 10-11)

Jaunaren Espiritua nire gainean dago,

Jaunak igurtzi nau-eta.

Berak bialdu nau behartsuei Barriona emotera,

bihotz-urratuak osatzera,

katiguei amnistia iragartera

eta giltzapetuei askatasuna;

Jaunaren grazia urtea iragartera.

Pozaren pozez nago Jaunagaz,

nire arimea Jainkoagaz alai dot,

salbamenaz jantzi nau-eta,

garaipen-soinekoz estaldu,

koroia janzten dauan senargaia lez,

edergailuz apaintzen dan andregaia lez.

Lurrak landarea emoten

eta baratzeak hazia erneazoten dauan lez,

halan erneazoko ditu Jaunak zuzenbidea eta gorapena

nazino guztien aurrean.

Salmoa

Lk 1, 46-48a. 48b-50. 53-54

R/. Nire arima Jainkoagaz alai dot.

Handiesten daunire arimak Jauna,

pozaren pozez dot nire barrua;

Jainkoa da-eta nire salbamena,

ikusi dau-eta mirabe honen ezereztasuna.

Dohatsu deituko nabe gaurdanik gizaldi guztiek,

handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak:

Santua da haren izena,

eta haren errukia gizaldiz gizaldi,

bildur deutsoenengana.

Ondasunez bete ditu gose ziranak,

eta esku hutsik bialdu asko ebenak.

Bere gain hartu dau Israel, bere morroia,

errukia gogora jakola. R/.

II. Irakurgaia

Zuen izate osoak -espiritu, arima eta gorputz-,

errubako iraun dagiala Jaunaren etorrera arte.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo gutunetik (1 Ts 5, 16-24)

Senideok: Zagoze beti pozik. Egin otoitz aspertu barik; emon eskerrak beti, horixe gura dau-eta zuentzat Jainkoak Kristo Jesusegan. Ez amatau Espiritua, ez gitxietsi profeta-dohairik. Aztertu guztia eta hartu on dana. Zaindu zeuen buruak edozelango gaiztakeriatik.

Bakea emoten dauan Jainkoak berak egin zagiezala oso-osorik santu, eta zuen izate osoak —espiritu, arima eta gorputz— errubako iraun dagiala, Jesu Kristo gure Jaunaren etorrera arte. Leiala da dei egin deutsuena, eta beteko dau emondako berbea.

Ebanjelioa

Zuen artean badozue, ostera,

zuek ezagutzen ez dozuen norbait.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik (Jn 1, 6-8. 19-28)

Agertu zan gizon bat, Jainkoak bialdua: Joan eban izena. Autormenerako etorri zan: argiaren autormena egitera, haren bidez guztiek sinestu egien. Bera ez zan argia, argiaren autormena egin behar ebana baino.

Hau da Joan Bateatzaileak egin eban autormena, juduek Jerusalemetik abadeak eta Levitarrak bera nor zan itauntzera bialdu eutsoezanean.

Joanek argi eta garbi autortu eban: “Ni ez naiz Mesias”. Hareek itaundu eutsoen: “Nor zara, bada? Elias zara?”

Joanek erantzun: “Ez”. Hareek, orduan: “Etortekoa dan profetea al zara?” Eta harek: “Ez”. Orduan, esan eutsoen: “Nor zara, bada? Bialdu gaituenei erantzuna emon behar deutsegu. Zer dinozu zeure buruaz?”

Joanek, orduan:

“Ni, basamortuan oihuka diharduanaren ahotsa naz:

"Zuzendu bidea Jaunarentzat",

Isaias profeteak esan eban lez”.

Bialdu hareetariko batzuk fariseuak ziran, eta itaundu eutsoen: “Zergaitik bateatzen dozu, bada, ez bazara Mesias, ez Elias, ez etortekoa dan Profetea?”

Joanek erantzun eutsen: “Nik urez bateatzen dot. Zuen artean badozue, ostera, ezagutzen ez dozuen bat, nire ondoren datorrena; eta ni ez naz inor beraren oinetakoen lokarriak askatzeko ere”.

Guzti hau Betanian jazo zan, Jordan ibaiaz bestaldean, han ziharduan-eta Joanek bateatzen.

ESKARIAK

† Jainkoak aukeratuak gara bere pozaren eta askapenaren barri-emoile izateko. Behar dogun laguntza bila jo daigun otoitzera; hantxe aurkituko dogu poza ere:

—Elizearen alde: Jainkoaren aurpegi alaia eta argitsua iragarri daian, eta menpean dagozenekaz egin daian bat, eskatu deiogun Jaunari.

—Gizakiok gogorkeriaz erakusten dogu gure ahalmen eta handitasuna, eta torturatzen dogu, bortxatzen, erailten eta aurrean erabilten… makalagoa. Jainkoak gure bihotzean egin gura dauan askapenari zabalik egon gaitezan, eskatu deiogun Jaunari.

—Hainbeste txarkeria, zalekeria eta bihurrikeria ikustean, geure bizikereaz iragarri daigun —Bateatzailearen antzera— merezi dauala bideak atontzen jarduteak eta iragarteak, eskatu deiogun Jaunari.

—Gure Elizbarrutiak eta eliz alkarteek behar daben itxaropena izan gaitezan geure prestutasunaz eta geure esku dagoana eginaz, eskatu deiogun Jaunari.

—Otoitzerako alkartzeak emon deigula barru zabala, entzumen zolia eta iragarten jakuna bizitzaratzeko gogo bizia, gure zorion-iturri bakarra Jainkoa izan daiten, eskatu deiogun Jaunari.

† Pozik ikusi gura gaituzun Jainko Jauna: emoiguzu otoitzerako ausardia eta zure esanetara bihurtzeko gogo bizia. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.

HITZALDIA

Senideok: sinismena ospatzeak argitasuna eta bizitasuna emon leioz gure eguneroko bizitzeari; bere egunerokeriatik, errutinatik, atara eta gaztetasun eta alaitasun giroan jarri leike. Baina guk arazo larri eta handi bat ez ete daukagun! Horrela bizi dogu gure sinismena, Jainkoagandik ezer onik hartu behar dogulakoan? Jainkoagandik ezetzak, debekuak eta zemaiak baino ez jatorkuzala erakutsi dauan giroan bizi gara, eta horretan sakondu ez badogu eta giro horretatik urten ez badogu… ezer gitxi itxaron geike Jainkoagandik. Hauxe da, senideok, gure gatxik handiena. Honi sinismenik eza deitzen jako.

Sinistun izateak bizitzearen aurreango beste jarrera bat dakar: Jainkoari begiratzea, harengan uste on osoa jartea eta haren esanak gauzatzea. Hauxe da profetea, eta honen barri emoten deusku: Jainkoa bere seme-alabei begira dago, hareen ona nahi dau, eta askatu egingo dau zelan-halango morrontzan dagoena. Sinistunak hau beretzako agindu lez hartuko dau, eta jarriko da beste edozein gizakiren alde, eta egingo dau ahalegin, morrontzan dagoan edonor handik atarateko… horixe dalako Jainkoaren gogoa. Ez da egonean geldituko esku-beso-hankak lotuta. Beste era batera esanda: berak gauzatu beharreko lez hartuko dau Jainkoaren nahia, eta iragarri egingo dau hitzez eta bizikeraz ere, horregaitik aurrean erabilia izango bada ere.

Hauxe bai kezkagarria! Gizakiok geure ingurura eta pentsamoldeetara egokituta bizi garanez, hortik atara gura gaituen iragarpenei eta aginduei aurre egiten deutsegu, eta iragarleak aurrean erabili, hilteraino heldu behar bada ere.

Joan Bateatzaileak ez deutso jarraitzen egokiereari; Jainkoaren nahia bilatzen dau, eta horrek apurketara daroa eta basamortura. Han, inork ez entzuteko eremuan, iragarriko dau bere mezua. Baina haraxe ere heltzen da… bila dabilana, edo/eta han esaten dana ere kaltegarritzat hartu daikenik. Batzuk, jaramon egin eta bizikeraz aldatu egingo dira; besteek, holango iragarpenik egiterik ere galazo egin gura izango deutsoe.

Senideok: lotsatu egiten gara gure Elizako eskandaluen barri daukagunean; edo mindu egiten gaitue emakumeen aurkako genero indarkeria ekintzek; edo geure txikikeria eta bihurrikeriak justifikatzera eta ontzat emotera ere eroaten gaitue politikarien eta besteen ustelkeriak eta akatsek… Baina hori ete da eginbeharrekoa? Ingurura egokituta dagoanak gitxi gehiago egingo dau: aldarriren bat edo beste ere bai, behar bada. Holan ezin bizi izan geintekezela jakiteak apurketa bidean jarriko gindukez. Eta edonor ez da horretarako gauza.

Baina gauza izan ala ez, Jainkoaren nahia bilatu eta bizitzan gauzatu gura dauanak aukera egin beharra dauka. Eta badauka Bateatzaileagan espilurik. Gogorra da, baina egiten dauan lana ez da hutsean gelditzen. Atontzen diran bideetan zehar badator Salbatzailea.

Guk keinuak egin geikez: energia aurreztu, hondakinak birziklatu, gastuak murriztu, kontsumoa urritu, neurritsuago bizi izan, gizarteko arazoetan aurpegia erakutsi, behartsuekaz alkartasuna areagotu… eta bizikera horrek, berez ere, badauka bere poztasuna, eta badau emoten iragarteko aukerarik. Eta zihurtzat jo daigun: holan jokatzean Jainkoaren gogoko gara.