040domekea_a

abendu aldiko IV. domekea /A

I. Irakurgaia

Begiratu, birjinea umedun dago.

Isaias Profetearen liburutik (Is 7, 10-14) (ENTZUN)

Egun hareetan, mezu hau emon eutsan Jaunak Akaz erregeari Isaias profetearen bidez: «Eskatu egiozu Jaunari, zeure Jainkoari, ezaugarri bat zeuretzat, lurraren barruan nahiz zeruen goienean». Akazek erantzun eutsan: «Ez dot ezaugarririk eskatuko, ez dot tentatuko Jauna».

Orduan Isaiasek esan eban:

«Entzun, Daviden etxe:

Gitxi al deritzozue gizakientzat aspergarri izateari?

Nire Jainkoarentzat ere aspergarri izan behar al dozue?

Horregaitik, Jaunak berak emongo deutsue ezaugarria.

Begira, birjinea umedun dago eta semea izango dau;

Emmanuel ipiniko deutso izena, hau da, "Jainkoa gugaz"».

Salmoa

Sal 23, 12. 3-4ab. 5-6

R/. Badator Jauna: Bera da Errege ospetsua.

Jaunarena da lurra, eta lurra beteten dabenak,

lurbira eta bertan bizi diranak.

Harek emon deutsaz itsasoak oinarri,

eta ibaiak sendogarri. R/.

Jaunaren mendira nork igongo?

Haren toki santuan nor egongo?

Eskuak errubage eta bihotza garbi dituana,

huskerietara joten ez dauana. R/.

Holakoak hartuko dau bedeinkapena Jaunagandik,

zuzentasuna salbatzaile dauan Jainkoagandik.

Hau da Haren bila dabilzanen taldea,

Jakoben Jainkoaren bila dabilzanena. R/.

II. Irakurgaia

Jesu Kristo, haragiz Davidegandik jaioa, Jainkoaren Semea.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunaren hasierea (Erm 1, 1-7) (ENTZUN)

Ni Paulo, Jesu Kristoren zerbitzaria, Jainkoak deitu eta bereiztu ninduan apostolu izateko eta Liburu Santuetan Profeten ahoz aurrez aginduta eukan bere Barriona iragarteko. Barrion hau Jainkoaren Semeari buruz da, Jesu Kristo gure Jaunari buruz, hain zuzen ere: hau giza jatorriz Daviden hazitik jaio zan; baina hilen artetik biztu dan ezkero, santu egiten dauan Espirituak Jainkoaren Seme ahaltsu egin dau.

Jesu Kristogandik hartu genduan apostolu izateko dohaia, jentil-herriei sinesmena eroateko eta hareekan fedezko erantzuna sortzeko, beraren aintzarako. Hareetakoak zaree zuek ere, Erroman bizi zareen guztiok, Jainkoaren maiteok eta Jesu Kristok bere herri santuko izatera deituok. Grazia eta bakea zuei, Jainko gure Aitagandik eta Jesu Kristo gure Jaunagandik.

Ebanjelioa

Mariagandik jaioko da Jesus.

Maria Daviden seme Joseren emaztea da.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik (Mt 1, 18-24) (ENTZUN)

Jesu Kristoren sortzea honan jazo zan: Maria, Jesusen ama, Josegaz ezkontzeko berbea emonda egoan eta, alkarregaz bizi izan baino lehen, umedun geratu zan Espiritu Santuaren egitez. Josek, Mariaren senarrak, gizon zintzoa zalako eta ez ebalako bere emaztea salatu gura, isilean iztea erabagi eban.

Baina asmo hori gogoan erabilela, Jaunaren aingerua agertu jakon amesetan eta esan eutsan: «Jose, Daviden ondorengo hori, ez izan bildurrik Maria, zeure emaztea, etxean hartzeko, honegan sortua Espiritu Santuagandik dator-eta. Semea izango dau, eta zuk "Jesus" ezarriko deutsazu izena, Berak salbatuko dau-eta bere herria pekatuetatik».

Guzti hau Jaunak profetearen ahoz esandakoa bete zedin jazo zan:

«Begira, birjineak sabelean sortu

eta semea izango dau,

eta Emmanuel ezarriko deutsoe izena»

(Emmanuel izenak "Jainkoa gugaz" esan gura dau).

Josek, lotatik esnatu zanean, Jaunaren aingeruak agindu eutsan lez egin eban, eta bere etxean hartu eban emaztea.

ESKARIAK

† Gure poza eta zoriona, mundu honetara egokitzetik barik Jainkoaren esaneko izatetik jatorkula gogoan izanik, errukitu gaitezan behartsuekaz, eta entzun daigun, Caritasen ahotik, hareekaz gure ondasunak alkarbanatzeko garraxia:

—Elizearen alde: behartsu agertu daiten eta ez ahaltsu gaurko gizakien artean, eta honei dei egin deien behartsuekaz alkartasuna erakustera eta ondasunak eurekaz banantzera, eskatu deiogun Jaunari.

—Agintarien alde eta herrialdeen geroa eta garapena euren esku dabenen alde: dirua eta merkatua ez dakien nagusitu, pertsonea bera baino, eta honen alde, honen onerako eta gizartearen alkartasunerako egin daien lan, eskatu deiogun Jaunari.

—Bakearen alde, herrien garapenaren alde eta behartsuen ondoan lan egiten daben guztien alde: itxaropenean bizi izan daitezan, eta ingurukoentzako sinisgarri, eredu eta adore-emoile bihurtu daitezan, eskatu deiogun Jaunari.

—Caritasen eta ongile diran beste erakunde askotan borondatezko lana egiten dabenen alde: guztion oneritxia izan daien, danon laguntza eta euren bokazinoa zelan elikatu eta adoretu, eskatu deiogun Jaunari.

—Otoitzerako alkartu garan guztion alde: Jainkoak bere poztasunaz beteten gaitula jakinik, leku egin deiegun gure ospakizunetan eta gure mahaian ere gugandik hurren dagozen behartsuei, eskatu deiogun Jaunari.

† Zure seme-alabon zorion-iturri zaran Jainko errukitsua: emoiguzu zure Seme Salbatzaileari egin gura deutsogun harrerea geure inguruan dagozen behartsuekaz bat egitean erakustea. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.

HITZALDIA

Senideok: gain-gainean daukaguz Gabonak. Eta ezin geike ahaztu ze girotan jatorkuzan.

Azken urteotan KRISIA da izarretako bat: eta ez argi egiten daualako, estaldu ezinekoa dogulako baino. CARITASek sufritzen dagozenekaz bat egiteko aukerea emoten deusku.

Hortxe daukagu gure AHULEZIA (edo DEBILIDADEA) ere: eliztarrok gero eta zaharragoak gara; ez dogu ikusten etorkizun handiegirik gure seme-alabengan, eta, gaur egun eskatzen jakun ARGI IZATEAn ozta-ozta eutsi geikeo.

Ba ete dago, egoera honetan, itxaropen izpirik? Egiazkoak ala guzurrezkoak dira gure itxaropen abestiak?

Gaurko Liturgiak emoten deuskuzan irakurgaietan hartu daike hauspo gure itxaropen-egarriak. Lehenengo irakurgaiak erakutsi deuskunetik, gure itxaropena ez dau aseko gu ingurura egokitzeak, mundu honetako aukerak geure aukera bihurtzeak, arerioekaz bat egiteak, eurenera bihurtzeak; horixe da Akaz erregeak gura dauana, profetearen aurrean, maltzurkeriaz, besterik erakusten badau ere… Bide horretatik, gure zoriona kontsumotik etorriko dala baieztuko geuke, balio ez dauana baztertzetik; nagusiak, ahaltsuak, gazteak eta eukitsuak besteen gainetik garaile urten behar dauala, eta berak nahi dauan guztia egin leikela onartzera helduko ginateke.

Eta, egitan, ez da hori gure barruak somatzen dauana, gura dauana, amesten dauana… Ezta? Ezin geike, ba, bide horretan zehar abiatu. Baina, ba al dago beste biderik?

Natan profetak uste on osoa Jainkoagan jarteko dinotso Akaz erregeari. Baina, zer ete da uste on osoa Jainkoagan jartea, harengan konfiantza osoa jartea?

Begira: Paulok erromarrei —euren burua orduko mundu ezagunaren gailur zirala uste ebenei— Jesukristogan sinisteak Jainkoaren herri egiten dauzela gogoratzen deutse. Hementxe dago, ba, euren handitasuna, eta ez beste guztiak euren menpe hartzean.

Handitasun hori, ebanjelioan, Josek eta Mariak iragarri deuskue: Jainkoaren esanetara egotea da; haren pozean bizi izatea.

Uste ete dogu Jainkoak gure poza eta zoriona gura dauzela, poza eta zoriona banandu egin geikezela, eta, horrela, handiagotu egiten dirala eta ugaritu?

Gure kristau izatearen konzientzia hartzera helduko bagina, itxaropenez eta pozez beteko geukez egunok, Salbatzailearen zain; banandu egingo geuke gure poza eta zoriona, CARITASen eskutik behartsuekaz bat eginez; eta mundu honetako ezkutuko indar ilunei men egin beharrean, senidetasun-argia biztuko geuskio.

Ez ete dau merezi Jainkoagan uste on osoa jarteak? Iragarri deusku profeteak; baieztu deusku Paulok; haragi egin dabe Josek eta Mariak… Euren eskutik emon deiogun geure baietza Jainkoari, ZATOZ LEHENBAITLEHEN aldarrikatuz.

HITZALDIA (ENTZUN)

Senideok: "Zatoz, eta salbau gaizuz" oihukatzen dihardugu Abendualdi guztian zehar. Eta laugarren domeka honetako Liturgiak erakusten deusku hori dei zintzoa edo axalekoa izan daitekela. Barru-barrutik urteten deusku, senideok, oihu horrek? Zintzoa dogu "Zatoz, eta salbau gagizuz" aldarri hori?

Askoren ustez, Jainkoaren lekua tenplua da, edo ezkutukoa, edo urrunekoa, egunerokoagaz zer ikusirik ez daukana: Jainkoa apaingarria baino ez litzateke izango horreentzat. Eta horreek, hartu daikee esku otoitzetan edo elizkizunetan, edo egin daikee otoitz, edo abestu, edo… Baina axaletik egingo dabe; egin behar dabelako, edo ondo dagoalako, besteek ere egiten dabela-ta. Zenbat holango aurkitu geikezan geure artean…

Baina Jainkoak ikutu dauanak, haren hurtasuna dastatu dauanak, bere uste ona harengan jarri dauanak… egiten dauan otoitza edo eskeintza edo elizkizuna… ez da axalekoa izango, bere gogoaren eta eguneroko bizipenaren ezaugarri eta ekintzearen lagungarri eta sustatzaile izango dira.

Honeik Jainkoak bialtzen ditu eguneroko laneko arazoetara. Ikusi dogu Paulo erromatarren artean bere autorpena egiten eta harei Jainkoaren maitasunera deituak dagozala esaten.

Eguneroko arazoetan ikusi dogu Akaz erregea. Baina sinismen epelekoa da. Jainkoagazko hartu-emonak apaingarri baino ez dauz. Eta harengandik ezaugarri apala baino nahiago dau ahaltsuen lagun bihurtzea, euren morroi jausiko bada ere…

Alderantzizko eredua aurkitu dogu ebanjelioan Joserengan: honek Jainkoagan dau uste ona, bere zerbitzura dago, eta, ulertzen ez dauzan gauzak haren argipean irakurten dauz.

Biotatik zeinek itxaroten dau Jainkoagandiko salbamena, eta gauzatzen dau bere egunerokotasunean?

Euroi begiratuz jarri geikez Jainkoaren aurrean gure eguneroko arazoak, bai etxekoak eta baita kanpokoak ere. Baina hori egiteko alde batera itzi behar da axaleko erlijiokeria, eta bilatu behar da Jainkoaren ikutua, beragazko esperientzia, uste on osoa beragan jartea.

Era horretara, behartsuak geure bihotzean egongo lirateke, eta geure artera deituko geukez; gogoan izango geukez euren etxetik aldenduak, edo espetxeratuak, edo gizarte diru-zale honek ezereztuak eta baztertuak… Pauloren antzera, geure sinismen bizia erakutsiko geuskie berbaz eta egitez, eta jakingo leukee maite dauzala Jainkoak eta salbamena eskeintzen deutsela…

Beharrezko dogu, senideok, Jainkoagazko hur-hurreko hartu-emon sendo bat. Ez gaizala hartatik urrunduazo loteriaren zarraparreak, ez egunotako kontsumokeriak. Aurkitu daigula Jainkoaren irribarrea geure inguruko pobre eta behartsuengan.

OTOITZA (ENTZUN)

Ulertzen ez dodazan gauzetan, Jauna,

zugan izan gura dot uste ona;

ez zaitut azaleko edo urruneko nahi,

hurreko eta gutaz arduratu lez baino.

Etxean sortu jakon arazoari, Josek,

zeugan uste on osoa ebalako emon eutson

berebiziko erantzuna, geuretzat adibide,

familia guztientzat da eredu.

Onartu daigula, Jauna, zure etorrerea;

egunerokoan onartu zaiguzala,

eta besteei egiten deutsegun harreran

eta alkarri deutsogun begiramenean erakutsi daigula.

Zatoz, Jesus Jauna!