010domekea_b

I. Irakurgaia

Ai, zeruak urratu eta jaitsiko bazina!

Isaias Profetearen liburutik (Is 63, 16b-17; 64, 1. 3b-8)

Zu zara, Jauna, gure Aita,

“gure Erosle” dozu izena betidanik.

Zergaitik itzi deuskuzu, Jauna,

zeure bideetatik alde egiten,

zure begirunerik ez izateraino

gure bihotzak gogortzen?

Bihurtu zakiguz, zeure zerbitzariakaitik,

zeure ondare aukeratu dozuzan leinuakaitik.

Ai, zeruak urratu eta jaitsiko bazina!

Zure aurrean mendiak urtuko litzatekez.

Jaitsi zinan

eta mendiak urtu egin ziran zure aurrean.

Inoiz ez dau ez belarrik entzun, ez begik ikusi,

Zu beste Jainkorik

Beragan itxaron dabenen alde holan jokatzen dauanik.

Zeuk urteten dozu,

pozik eta zuzen dabilzanen

eta zure bideak gogoan dabezanen bila.

Hasarre zengozan, bai,

pekatu egin gendualako,

aspalditik pekatari garalako,

baina salbauko gara.

Guztiok kutsatuak gengozan,

gure egintza onak ere zapi zikinen antzeko ziran;

orbelaren antzera ihartzen gintzazan guztiok,

eta gure pekatuek

haizeak lez eroaten ginduezan.

Ez eutsan inork zure izenari dei egiten,

ez zan inor Zugaz bat egiten ahalegintzen.

Zeure aurpegia gorde egin zenduan-eta gugandik,

eta gure erruetan murgilduak itzi ginduzuzan.

Halan ere, Jauna, Zeu zara gure Aita,

gu buztina, eta Zu gure buztinlaria:

zure eskuetako lana gara guztiok.

Ez hasarretu gehiegi, Jauna,

eta ez hartu gogoan betiko gure errua.

Begira, zure herri gara guztiok.

Erantzun salmoa (Ps 79)

R/. Zure indarrari eragiozu, zatoz eta salbau gagizuz.

Jainko, birbiztu gagizuz;

salbau gaitezan, zure begia leun agertu egizu.

Israel go Artzain, entzun eiguzu,

Kerubin gainean jesarri zara,

zure indarrari eragiozu,

zatoz eta salbau gagizuz. R/.

Bihurtu zakiguz, gudari taldeen Jainko,

begira zerutik, ikusi,

mahatsondo honi agertu zakioz:

zeure eskuz aldatu dozun aldaska honi,

Zeuk indartu dozun landareari. R/.

Emoiozu eskua, aukeratu dozun gizonari,

Zeuk indartu dozun giza semeari.

Ez gara Zugandik urrunduko,

emoiguzu bizia eta zure izena dogu deituko. R/.

II. Irakurgaia

Jesu Kristo gure Jaunaren agerraldiaren zain gagoz.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik (1 Ko 1, 3-9)

Senideok: Grazia zuei eta bakea gure Aita Jainkoagandik eta Jesu Kristo Jaunagandik. Jainkoari eskerrak emoten dihardut beti zuekaitik, zuei Jesu Kristogan Jainkoak emon deutsuen graziagaitik. Izan ere, Kristogan aberastu zaitue gauza guztietan: bai berba, bai jakintza-dohai guztietan, Kristori buruz emoten dogun autormena zuekan sendotu dan ezkero. Holan, ez dozue dohairik bat ere falta Jesu Kristo gure Jaunaren agerraldiaren zain zagozenok. Berak indartuko zaitue azkenera arte, inork zuen aurka zeresanik izan ez dagian Jesu Kristo gure Jaunaren etorrera-egunean. Zintzoa da bere Seme Jesu Kristo gure Jaunagaz alkarturik bizitzera deitu zaituen Jainkoa.

Ebanjelioa

Zagoze zuhur, ez dakizue-eta etxeko nagusia noiz etorriko dan.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik (Mk 13, 33-37)

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen bere ikasleei: “Begira, zagoze zuhur, ez dakizue-eta sasoia noiz dan. Gizon bat urrunera joatean lez da: etxea iztean, morroiei emoten deutse agintea, bakotxari bere eginkizuna jarriz, eta atezainari zuhur egoteko agintzen deutso.

Zagoze, beraz, zuhur; ez dakizue-eta etxeko nagusia noiz etorriko dan: ilunabarrean, gauerdian, oilarrak jotean nahiz egunsentian. Ez zagiezala lotan aurkitu, uste barik etorrita.

Zuei esaten deutsuedan hau guztiei esaten deutset: Zagoze zuhur.”

HITZALDIA

Senideok: Abendua, itxaropen aldia… Berba hutsa? Hauxe izan daiteke askoren kezkea. Hurrengo Abendua, barriz ere itxaropenaz hitz egiteko aldia, eta barriro ere lehengotan geratzearen arriskua… Beti betikoa! Merezi ete dau?

Senideok: Abendua Jainkoak emoten deuskun (lau asteko) aldi barri lez hartu nahi izango neuke nik, eta horretarako nigaitik otoitz egin deiozuela Jainkoari eskatuko neuskizue, aldi bat gehiago izan ez daiten, aldi benetan aprobetxatua eta bizikerea aldatuko dauan aldia izan dakidan. Zeuen laguntzea behar dot. Behar bada, danok daukagu alkarren laguntza beharra… Jainkoak eskura jarten deuskun aldia probetxugarri izan dakigula gura badogu, behintzat.

Entzun dogu, eta aurrerantzean sarriago entzungo dogu, zer egin ez dakigunean hasierara edo iturrietara joten dogula. Horixe egin eban Israel herriak, eta historian zehar Elizeak ere horixe egin dauala ikusten dogu…

Guretzat hasierara, iturrietara jotea, Ebanjeliora jotea da; hantxe dago gure egarria asetu leiken iturri gardena; hantxe edanda asetu behar dogu gure egarria, diruak, izen handiak, atseginkeriak ez beste ezerk asetu ezin daiken egarria…

Egarri hori asetu guran sartuko gara Abenduan barrena. Profetearen berbeak lagunduko deusku. Maria izango dogu irudi eta eredu. Joan Bateatzailearen zigorraz geure bihurrikeriak zigortuz, otoitzean jardungo dogu, eta ibiltari: geugandik urten eta besteengana abiatzeko…

Zelan joan geintekez besteengana itxaropenik barik, lur-jota, etsipenean aurkitzen bagara? Eta lur-jota egon geintekez krisialdi hau luzarorako dala-ta; Elizzsa barruan emoten diran eskandaluak dirala-ta; gaztetako indarra barik, zahartzaroko atxakiek jota gagozela-ta…

Hortxe entzun daigun Jesusen barbea: jaso buruak, egon zaiteze erne, badator eguna…

Jainkoak ez gaitu bakarrik eta geure etsipenean itzi gura. Beragan jarri geike gure uste on osoa. Jesusengana hurreratuz, badagoela haren antzera bizi izaterik, norbere buruaz barik besteetaz arduratuta, behartsuarengana heldu eta hareentzako laguntza izanda, eta, errukiz eta apaltasunez jokatuz eta pobretasunean bizi izanez, besteeentzat ere deigarri izanda.

Hori ez da berez sartuko gure buruan. Beharrezko dogu Ebanjelioa irakurtea eta ospatzea, Franzisko aitasantuaren berbak geuretzea, eta gure gizarteari begira jartea, adi eta itxaropenez.

Eskatu daigun grazia hori, eta izan daiguzan lagun Profetearen berbea, Mariaren eredua eta Bateatzailearen zigorra.

ESKARIAK

† Itxaropena emon gura deuskun Jainkoagana jo daigun erreguka:

—Elizearen alde: bere pekatuak autortzeari eta garbitzeari ekin deion, eta bere pekatari izatetik heldu daiten gaurko gizakiagana, itxaropena aldarrikatuz, eskatu deiogun Jaunari.

—Urtenbiderik aurkitzen ez daben erbesteratu, kartzelaratu, langabetu eta beste hondatuen alde: aurkitu daiezan itxaropen zantzuak eta eskua luzatzen jakela laguntza lez, eskatu deiogun Jaunari.

—Politikari askoren jokabideak etsipenera bidean jarri dauzanen alde: oraindino ere merezi dauala gizarte honetan zintzo jokatzeak autortu daien euren jokabide barrituaz, eskatu deiogun Jaunari.

—Agintari, laguntzaile, gidari, hezitzaile eta gurasoen alde, euren akatsen loturapean egon ez daitezan, eta euren eginkizunean zintzotasunez jokatzea bilatu daien, eskatu deiogun Jaunari.

—Itxaropen aldian sartzen garanon alde: gure Elizbarrutiak diszernimenturako egiten deuskun deiari otoitzaz eta iturrietara abiatzeaz erantzun deiogun, eskatu deiogun Jaunari.

† Bertanbehera inoiz ere izten ez gaituzun Jainko Jauna, emoiguzu geuretik urteteko eta itxaropenera abiatzeko grazia. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.