abn02c

ABENDUALDIKO II. DOMEKEA /C

(LAGUNGARRIAK HEMENTXE IKUSI)

I. IRAKURGAIA

Agertuko deutse Jainkoak zure disdira

zerupean bizi diran guztiei.

Baruk Profetearen liburutik (Ba 5, 1-9)

Jerusalem, erantzi dolu- eta atsekabe-soinekoa;

jantzi Jainkoak betiko emoten deutsun

aintzaren soineko ederra.

Batu zeure gorputza Jainkoak emoten deutsun

zuzentasunaren soingainekoz

eta ezarri buruan Betikoaren aintzaren koroia.

Agertuko deutse Jainkoak zure disdira

zerupean bizi diran guztiei,

eta izen hau emongo deutsu behin betiko:

“Bakea zuzentasunean,

Ospea jainkozaletasunean”.

Jagi zaitez, Jerusalem, igon gainetara

eta begiratu sortaldera: ikusi zeure seme-alabak,

sortaldetik sartalderaino Santuaren berbeak batutakoak

eta pozik, Jainkoa hareetaz gogoratu dalako.

Oinez urten eben, arerioek bultzaturik;

baina Jainkoak aintzatan ekarriko deutsuz,

errege-aurkian lez.

Jainkoak agindu dau

mendi garai guztiak eta betidaniko muinoak makurtu

eta sakanak betetea, lurra bardintzeko;

Israel seguru etorri daiten,

Jainkoaren aintzak gidaturik.

Jainkoaren aginduz,

basoek eta usain oneko zuhaitzek

Israeli kerizpea emongo deutsoe.

Pozetan eroango dau-eta Jainkoak Israel,

bere aintzaren argitan,

bere errukiaz eta zuzentasunez.

ERANTZUN SALMOA

Sal 125, 1-2ab. 2cd-3. 4-5. 6

R/. Handikiro jokatu dau Jaunak gure alde,

eta pozarren gagoz!

Jaunak Sionen zoria aldatu ebanean,

amesetan lez gengozan.

Barrez bete jakun orduan ahoa,

poz-oihuz mihina.

Jentil-herrietan ere esan eben:

«Handikiro jokatu dau Jaunak hareen alde».

Handikiro jokatu dau Jaunak gure alde,

eta pozarren gagoz!

Aldatu, Jauna, gure zoria,

euri-jasek basamortua lez.

Malkoz erein ebenek

pozez dabe batzen.

Negarrez joan ziran,

hazi-zorroa eroanez;

poz-oihuka datoz,

gari-balak ekarriz.

II. IRAKURGAIA

Garbi-garbi eta esankizun barik

helduko zaree Kristoren egunera.

San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako gutunetik (Flp 1, 4-6. 8-11)

Senideok: Pozik egiten deutsat beti otoitz Jainkoari zuen guztion alde, lankide izan zaituet-eta Ebanjelioa zabaltzeko eginkizunean, lehenengo egunetik orain arte. Ziur nago eginbide on hau zuekan hasi dauanak burutu ere burutuko dauala Kristo Jesus etorriko dan egunera arte.

Testigu dot Jainkoa, zeinen maite zaituedan zuek guztiok Kristo Jesusen maitasun bihotzekoaz. Eta hau da nire otoitza: gero eta handiago izan daitela zuen maitasuna ezagueran eta zentzunean, egokien dana bereizten jakin dagizuen. Holan, garbi eta esankizun barik helduko zaree Kristoren etorrera-egunera, Kristo Jesusen bitartez dogun zuzentasunaren emoitzez beterik, Jainkoaren aintza eta gorapenerako.

EBANJELIOA

Ikusiko dabe guztiek Jainkoaren salbamena.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik (Lk 3, 1-6)

Tiberio enperadorearen agintealdiko hamabosgarren urtean, Pontzio Pilato Judeako agintari zala, Herodes Galileako erregeorde, honen anaia Filipo Iturea eta Trakonitidako erregeorde, Lisania Abileneko erregeorde, eta Anas eta Kaifas abade nagusi zirala, Jainkoaren berbea etorri jakon basamortuan Zakariasen seme Joani.

Eta, Jordan inguru guztian, bihozbarritzeko bateoa iragarten hasi zan, pekatuen parkamenerako, Isaias profetearen liburuan idatzita dagoan lez:

“Berba batek oihuka dihardu basamortuan:

Prestatu bidea Jaunari,

zuzendu bidezidorrak Hari.

Bete daitezala haranak,

beheratu mendi eta muinoak,

bardindu daitezala malkarrak,

zelaitu lur-maldak.

Eta ikusiko dabe gizaki guztiek Jainkoaren salbamena”.

HITZALDIA

Abenduaren bigarren domeka honetan, senideok, ozenki jatorku Joan Bateatzailearen ahotsa. Eta azpimarragarria da.

Kristinauen lehenengo aldietan garrantzi handikoa zan profeta hitza: Jainkoari adi egotea eta harengandik jasoa iragartea, beste batzuk ere horren barri izan eien.

Gure aldietan, senideok, ez dozue uste isilduta dagozala profeta hitzok? Gure kristautasuna isiltasunean eta bakotxak bere aldetik, eta ia-ia, lotsaz bizi dogula dirudi, sinisten doguna isilean gordeta, inogaz alkarbanatu barik, bildurrez edo lotsaz… Eta, era berean, inorena gaitzesten eta emoteko gauza geu ez garana besteei exijitzen: abadeei, katekistei, hezitzaileei, erakundeei…

Gaurko liturgiak aurkezten deuskuzan irakurgaietan birritan aitatu jakuz mendi eta muinoen beheratzeak, eta aranen eta troken beteteak, bidean dan herriarentzako lautada bihurtzeko.

Baruk profetearen asmoa herriak bere adorea eta gogoa jaso eiezala zan, atzerrira bialduak izan ziran eta herrira bihurtzen ziran seme-alabei harrera on egiteko. Jainkoaren gurari eta dohai lez aurkezten dau ekintza hori.

Joan Bateatzaileak, Jainkoaren berbea eremuan hartu eta Jordan ibai inguruan iragarten dauanak, bihozbarritzera deitzen dau, badatorren Jaunari bidea zelaitzeko: euren jokabide oker eta maltzurretatik urtetea zan bideak lautzea, zelaitzea…

Ez uste izan Baruk profeteari edo Joan Bateatzaileari danek entzungo eta jaramon egingo eutseenik. Bai zera!Gitxiren batzuk, behar bada: euren bizitzea Jainkoari adi egin gura ebenek. Beste askok eta askok ez eutseen jaramonik egingo; eta hainbatek gitxietsiko eta gaitzetsiko ebezan iragarpenok, zorakeriatzat edo burubakokeriatzat hartuz, euren bizitzan ziria sartzea zalako.

Gure aldietan ere, ebanjelioa iragarpen oihuak isildu badira ere, entzun daikeguz profeta hitzak gure gizartean ustelkeriaren aurka, edo emakumearen zapaltzaileen aurka, edo diruzaleen larregikerien aurka, edo kontsumokeriaren aurka, eta baita iheslarien alde edo gitxituen, baztertuen eta aurrean erabiliak diranen alde jasoten diran oihu eta agerpenetan.

Adi egotea eta, oihuok entzutean, ebanjeliora eta otoitzera jotea baino ez dago. Orduan, kanpotikoak dirala uste doguzan oihuok barru-barrukoak eta profetikoak bihurtzen dira: geu bihurtzen gara profeta. Baina elizan edo elizgiroan egiten ez dirala-ta, baztertzen eta gitxiesten badoguz, profetatzarako deiok isildu egiten doguz.

Jainkoak bakea zuzentasunean gura dau guretzat, Baruk profeteak iragarri deuskunez. Geuri dagokigu zuzentasuna egitea, eta iragartea eta eskatzea, bakea danontzako dohai izan daiten.

Baina Bateatzaileari egin deiogun jaramon: bihozbarritzea behar dogu. Daroagun kuntsumo giro zoro hau alde batera baztertu behar dogu; ekoizpen iraunkorrak bultzatu behar doguz; erregai fosilen murrizketea eta energia garbi eta iraunkorrak exijitu behar doguz; zastar eta hondakin gitxiago sortuazo behar dogu… Arreta handiagoa jarri behar dogu gure eguneroko bizitzan.

Eta egiten dogunaren barri emon behar dogu, inori burutik behera ezarri barik, apaltasunez, errespetuz…, baina ozenki, Baruk profeteak eta Joan Bateatzaileak egin eben lez.

Hartu daigun indar otoitzean eta argitasuna ebanjelioan: zelaitu deioguzan bideak bajatorkunari.

OTOITZA

Zure berbea iragartean, Jauna,

profetek adorea jasoazoten deuskue

eta zure barri on eta bedeinkapenen

pozez eta itxaropenez beteten gaitue.

Eta orduan lur-jota egoan herriaren antzera

geu gagoz gure egunotan lur-jota

hainbeste arazo, ustelkeria eta hondamenen artean

zure berbea iragarteko profetarik ez dogulako.

Bazatorkuzan horri harrera on egiteko

bideak zelaitu gura deutsuguz,

gure barruko okerkeriak bazterreratuz

eta danentzako etxe dogun ludi hau zainduz.

Emoiguzuz profeta hitza iragarriko dabenak.

Egin gaizuz gaur egungo profeta.

Zatoz, Jesus Jauna!